Zentsura? Ezinezkoa da jakitea Madrilen zenbat A gripe gaixo dauden

A Gripea

“Sentizen dut, baina badakizu arratsaldeko 4tan datu ofizialak atera arte ezin dizudala ezer esan”, erantzuten didate.  Soberan ezagutzen dut prentsa bulegoek nola egiten duten lan. Arratsaldeko 8tan lortu ditut datuak azkenean: off the record eta zentsuratzen ari zirela mehatxatu eta gero.

Ministeriora deitu ondoren, Madrilgo Kontseilaritzarekin saiatzen naiz. “Ezin dizugu ezer esan. Datuak Ministerioak ematen ditu”. Egunero berdin. Beste bide batzuetatik ahalegintzen naiz berria egiaztatzen, baina lortzen ditudan datuak ez dira nahikoa. Baieztapen ofiziala behar dut.

Ordu pare bat beranduago, Ministeriora hots egin dut berriro. “Oraindik ez dakit ezer”, esan dit berriro. Ez dut sinisten. Berarekin negoziatu ondoren, datu ofizialak argitaratu baino lehen deituko didala agindu dit. Ez du egin. Eta Leganeseko beste ikastexeetan ez dagoela gaixo berririk baieztatu dit. Ez diot sinetsi, berriro ere.

291 gaixo Estatu osoan, 66 Madril eta Leganeseko ikastetxeetan. Baina zenbat daude guztira Madrilen? Hori da nire galdera. Ministeriora deitu dut berriro. “Sentizen dut” (edukazio onekoak dira hauek behintzat). Autonomia-erkidegoko datuak Kontseilaritzak eman behar dituela. Eta Kontseilaritzak, Ministerioak ematen dituela datu guztiak. Arratsaldeko 4.30ak dira.

Hamarka dei egin ondoren, bai Kontseilaritzara bai Ministeriora, guda zikina hasi dut. Ez badizkidazue datuak ematen, berri bat egingo dut: “Trinidad Jiménez eta Esperanza Aguirrek A gripeari buruzko datuak ezkutatzen dituzte”. 7.30ak dira.

Meatxuaren ondoren, bost dei jasotzen ditut. Beti berdin. Lehengo hirurak, Ministeriotik. “110 gaixo daude, off the record. Kontseilaritzak eman behar dizkizu. Hau ez da guda politikoa”. Kontseilaritzak, ordea, 118 direla dio. 89 gehi Hoyo de Manzanareseko kuartelean egon diren beste 29. “Baina ez esan nik esan dizudanik. Fuentes sanitarias aipatu”. Ni, barrezka; nire nagusia, ondoan. “Fuentes sanitarias? Hori Ministerioa, Kontseilaritza, Cruz Roja edo gure aita izan daiteke, medikua izango balitz!”. Nazkatuta naukate. Nagusia barrez lehertzear dago.

Berdin dit jada zenbat diren. Ados jar daitezela. Astelehenean deitu eta lehenengoan datuak ematen ez badizkidate, berri bat egingo dudala agindu diet.

Donostiarra. Mundua aldatzeko asmoarekin egin nintzela kazetari esaten dudanen, barre egiten dute. Berdin dit.