Zein da benetako arazoa gaur egun, etb1 ala etb2?

Zein da benetako arazoa gaur egun, etb1 ala etb2?

Lehenik eta behin, argitu nahiko nuke artikulu honen helburua ez dela etb2ren desagerpenaren alde jardutea. Ez dut ukatuko mundu ideal batean etb2 ez egotea desiratuko nukeenik, Katalunian gaztelerazko “KTB2″rik ez dagoen bezalaxe. Hori posible dela uste dut idealki, baina zoritxarrez egun ez da posible euskarak bizi duen egoera kontuan harturik.

Zein da benetako arazoa gaur egun, etb1 ala etb2?Dena den, beste zerbaitek ekarri nau artikulu hau idaztera. Azken egunotan jende ezagun asko agertu da, Ibon Sarasola edota Ramon Saizarbitoria besteak beste, ETB1 katea kritikatzen. Ulertu ditzaket euren kritikak, ETB1eko ikusle izanki ederki aski ezagutzen dut bertan igortzen diren telesailen kalitatea, euskararen trataera hainbat saiotan eta beste hainbat afera. Hori eta askoz gehiago kontuan harturik, ETB1 telebistari dagokionez dugun altxorrik preziatuena dela iruditzen zait. ETB1 etengabe kritikatuz gure buruari harrika baino ez gabiltzala iruditzen zait. Oso erraza da kritikatzea, baina inork gutxik proposatu du oraingoz konponbiderik neronek ikusi ahal izan dudana kontuan harturik gutxienez.

Baina, izan gaitezen zintzoak. Euskal gizartearen zein ehunekok ikusten du ETB1 eta zein ehunekok ETB2? Denok dakigu zeinen baxuak diren ETB1 katearen audientzia tasak, beti lurrari itsatsita. Euskal gizartearen ehuneko nagusi batek (T5 alde batera utzita) ETB2 ikusten duela ikusirik ez al da ETB2n egiten den edozer askozaz garrantzitsuago bilakatzen? Bide batez, hortxe betiko dilemak, bat erakustearren: zergatik ez egin “El Conquis” ETB1 katean? Horrelako dilemak alde batera utzita ETB2n dagoen arazo LARRI baten berri ematera natorkizue gaurkoan, euskaldunoi erdaraz egitea eskatzen digute euskal telebistan.

Orain dela urtetxo batzuk EITBk saldu zigun euskal hiztunak euren hizkuntzan mintzatzen elkarrizketatuko zituela, hots, euskaldunak euskaraz eta erdaldunak erdaraz. Zoritxarrez, egoera ordutik hona ez da batere aldatu. Erdaldunak ETB1 katean erdaraz ageri ohi dira azpititulurik gabe gehienetan. Kontran, ETB2 katean euskaldunak gazteleraz mintzatzen ageri ohi dira eta euskaraz egiterakoan gehienetan azpitilutuak ipintzen dira. ETB2n euskaraz diharduten bakarrak kontzienteki euskara hautatu eta gazteleraz hitz egiteko eskatzen dietenean uko egiten dietenak dira. Noski, ezezkoa emateak erraldikal bihurtzen ditu jende askorentzat eta jende gehienak gainera ez du ulertu ere egiten zer egiten duten horiek ETB2n (EUSKAL telebistan) euskaraz.

Zein da benetako arazoa gaur egun, etb1 ala etb2?Gai honek, antza, ez dio jende gehienari bat ere axola. Baina ETB2n euskaldunok euskaraz egitea inork uste baino aurrerapauso handiagoa da. Barregarri egingo zaizue, baina egon ziur badela jende asko Arnaldo Otegi euskalduna den galdatzean erantzuten jakingo ez dutenak. Zergatik da hori? Argi dago, ez dutelako Otegi jauna bizitza osoan euskaraz hitz egiten entzun. Noski, egoera etengabe errepikatzen da euskal gizarteko pertsona publiko gehienekin. Barregura sortzen dit ETB2n askotan umeak euskaraz hitz egiten elkarrizketatzen dituztenean. Honek txikikeri bat dirudi baina oso larria da, euskara eskolako ume eta zakurrei hitz egiteko hizkuntza besterik ez da? ETBk baditu urte asko eta elkarrizketatu zituzten lehen ume horiek helduak dira orain, baina noski heldu bilakatu bezain pronto gazteleraz mintzatzeko eskatzen diete, beraz etorkizunerako joera ez da aitzakia.

Bukatzeko, euskaldunak uste baino gehiago garela aipatu nahiko nuke. Azkeneko inkestaren arabera %39a omen gara euskaldunak. Pentsa, hori kontuan harturik, 10 elkarrizketatuetatik gutxienez 4k euskaraz erantzungo lukete ETB2n. Egun, egoera bat ehuni da tamalez. Berebizikoa da ETB guztian euskarari presentzia ematea. Artikulu honetan azaletik ukitu dut arazo honen larritasuna, baina esan gabe doa euskaldunak euskal telebistan erdaraz hitz eginaraztea surrealista zein zapaltzailea dena. Gure artean jendeak ez du euskararekin inongo kontakturik ETB2ren mundu erdaldunean bizi direlako. Baina egoera aldatuko al litzateke egunero euren lagunak, bizilagunak, alkateak, famosoak eta baita lehendakaria ere ETB2n euskaraz entzungo balituzkete? Niri dagokidanez erantzuna argia da: bai, erabat. Zuek zer diozue?

Zein da benetako arazoa Zein da benetako arazoa Zein da benetako arazoa Zein da benetako arazoa
ETB2, euskaltelebistaneuskaraz

18 pentsamendu “Zein da benetako arazoa gaur egun, etb1 ala etb2?”-ri buruz

  • izan gaitezen zintzoak, zein zen ETB1n audientzia duela 15 urte? Gaur egungokoa halako 4? 5? Zergatik dira ETB1ko audientziak hain txikiak? Ba aipatutako programazioaren kalitate eskasagatik, bestela ETB1a askoz aundientzia hobeagoak izango zitun.
    Nire ustez dena arazo berbera da, euskaldunak ETB2n jartzen gaituzte gazteleraz agintzen dutenek hala nahi dutelako, ta ETB1ak hain audientzia eskasak ditu, agintzen dutenek hala nahi dutelako, euskararen kontra daudelako.
    ETB2an inbertitzen den dirua ETB1an inbertutuko bazan, audientzia hobeagoak izango zitun, ez agian ETB2ak duela 10 urte zituenak baina bai gaur egun ETB1ak duna baino askoz gehiago
    Jendeari ezin diozu ETB1 itxaroten egotea eskatu ta kate bat ikusle asko galtzerakoan, oso zail du errekuperatzea, askok inoiz ezer ez badago, ETB1a jartzeari usten diotelako, ta arrazoi osoz.

    Beraz diru kontua da ta debora kontua galdutakoa errekuperatzeko, ta lehen kontrakoa nion baina orain uste dut ETB2 desagertu behar dela, euskaraz enteratzen ez dana Telecinco ikus dezala, total politika, albiste… saioetan ez dago ia alderik ETB2 ta kate espainiarren artean.

  • Iñaki Larrañaga
    Iñaki Larrañaga 2017-01-07 15:09

    Eztabaida interesgarria bada ere, artikulu hau nahiko ahula iruditu zait, besteak beste, esaten diren gauza askok ez dutelako iturririk (estekak, arren), eta gainera ez dutelako errealitatearekin antz gehiegi.

    Laugarren parrafoan -eta testu osoan zehar- egia ez diren hainbat gauza daude. Adibidez, hau: “Orain dela urtetxo batzuk EITBk saldu zigun euskal hiztunak euren hizkuntzan mintzatzen elkarrizketatuko zituela, hots, euskaldunak euskaraz eta erdaldunak erdaraz”. Euskal hiztunak euren hizkuntzan? Gogoratu euskaldun gehienen ama hizkuntza erdera dela. Askoz ere erosoago daudela erderaz euskaraz baino. (Horietako asko lotsatu egiten dira kamera aurrean… are gehiago kontrolatzen ez duzun hizkuntza batean!) Hortaz, oker ez banago, asmakizuna da esaldi hori. Egia dena da euskara nagusi den herrietan lehentasuna lekukotza euskaldunak direla, berdin haur, nerabe eta gazteekin.

    Bestetik, “ETB2n euskaraz diharduten bakarrak kontzienteki euskara hautatu eta gazteleraz hitz egiteko eskatzen dietenean uko egiten dietenak dira”. Hori ere ez da egia. EITBren irizpidea da elkarrizketatuek aukeratzea nahi duten hizkuntza: “Euskaraz, erderaz ala bietan egin nahi duzu?”. Salbuespenak egiten dira, eta kazetari guztiek ez dute berdin egiten, baina asko hobetu da, baita Radio Euskadin eta Radio Vitorian ere.

    Hau esanda, artikuluko esaldi batzuekin gelditzen naiz: “ETB1 telebistari dagokionez dugun altxorrik preziatuena dela iruditzen zait. ETB1 etengabe kritikatuz gure buruari harrika baino ez gabiltzala iruditzen zait. Oso erraza da kritikatzea, baina inork gutxik proposatu du oraingoz konponbiderik “

    • ahobatiritzibat 2017-01-07 17:43

      Artikuluan ez da behin ere ukatu euskal herritar gehienon lehen/ama hizkuntza gaztelera denik. Noski, ETB2n gazteleraz egunero entzuten ditugun euskaldunetaz jardun dudanean H1 euskara duten “gutxi” horietaz ari nintzen, gutxi badira ere telebistan egunero ageri baitira.
      “ETB2n euskaraz diharduten bakarrak kontzienteki euskara hautatu eta gazteleraz hitz egiteko eskatzen dietenean uko egiten dietenak dira” barkatu benetan, baina zintzoki uste baduzu euskal hiztunek euskaraz soilik hitz egiteko aukera dutela, hizkuntza gutxituen trataera egokitik nahiko urruti zabiltzara iruditzen zait. Noski galdetzen zaiela euskaraz, gazteleraz ala bietan egin nahi duten. Baina horixe galdetzean dagoeneko hiztunari euskaraz zein gazteleraz hitz egiteko eskatzen ari zaie. Hori ukatzea absurdua iruditzen zait. Eta hori oker larria da. Hizkuntza gutxituekin ezin da horrela ibili. Zein zentzu du galdera horrek? euskal telebistako entrebistatzaile batek ene aburuz euskaraz galdetu beharko luke. Elkarrizketatua euskalduna izatekotan euskaraz erantzun eta kito, eta kontran erdalduna (edota jende askoren kasuan bezala euskara jakin bai baina ausartu ez) izanik gazteleraz hitz egin eta kito. Zeure buruari galdera bat egitea gustatuko litzaidake. Zer dela eta esango zenuke Javier Perez, Etxahun Lekue edota Iñaki Artola bezalako pertsona publikoek ETB2n euskaraz hitz egiteko hautua egiten dutela?

      • Iñaki Larrañaga
        Iñaki Larrañaga 2017-01-08 18:59

        Eskertzen dizut erantzuna.

        Artikuluan ez da ukatzen euskaldunen ama hizkuntza gaztelera denik, baina hala ez balitz bezala garatzen dira ideia batzuk (10etik 4 euskaraz, ETB2n). Ñabardura esanguratsua da nire ustez.

        Aurreko iruzkinean esandakoa, zure testuan bi oker daudela uste dt. Nik dakitela EITBk ez zuen sekula “saldu” euskaldunak soilik euskaraz elkarrizketatuko zituenik. Kontrakoa frogatu dezakezu?

        Eta bi, ez zaie gazteleraz egiteko eskatzen. “Euskaraz, gaztelaniaz ala bietan nahi duzu egin?”. Hori ez da biak eskatzea, galdera zabala da. Inork ez du erantzun behar “erderaz ez”, “euskaraz” esatea nahikoa da. Hori eskaera bezala sumatzen duenak arazo bat du, eta nere esperientziatik diot gehienek aukera bezala perzibitzen dutela. Zuzenean euskaraz galdetzea? Ba horrela egiten da batzuetan, eta ez dut gaizki ikusten. Ez dut luzatu nahi “Euskaraz, gaztelaniaz ala bietan nahi duzu egin?” galdera-erantzun honen inguruko adibideak ematen, baina esango nuke euskarak toki gehiago duela erdal hedabide publikoetan irizpide hau dagoenetik, are gehiago estekan jarri duzun manifestuko (bejondeiela!) irizpide asko onartu direlako (herri euskaldunetan eta gazteekin lehentasuna euskaraz).

        Osinaldek gaia tratatu zuen, hemen eta berarekin bat egiten dut: “euskarari EITBko erdal hedabideetan toki handiagoa egitea posible da. Zuzendaritza, kazetari zein herritarren borondatea da horren gakoa. Hizkuntzaren hautu librea neurri euskaltzale batzuekin uztartzen bada aurrerapauso handia izan liteke erdal munduari euskara ezagutarazteko”.

        Utzidazu adierazpenen hizkuntza tratamenduaren harira zerbait gehiago esaten. Eskuetatik ihes egiten diguten hamaika mila aldagai daude. Errealitatea zapaltzean erabaki asko hartu behar dira: demagun, halako agintarik erderaz eman duen kortea euskarazkoa baino askoz ere hobea bada? demagun, musikari euskaldun batek erabaki badu prentsaurrekoa erderaz ere ematea? demagun, ez baduzu euskaldunik topatu? demagun, halako abokatua ez bada gai bere ezagutze profesionala euskaraz behar bezala azaltzeko? Egin kasu, kazetari askoren kezka handienetakoa da euskarari ahalik eta toki gehien ematea. Zuk esan bezala, aurrerapauso handia delako ETB2n, Radio Euskadin eta Radio Vitorian euskara gehiago entzutea. Eta, gertatzen ari da, polikiegi eta gorabeherekin.

        Ideia solte bat: Zenbat euskaldun-euskaltzalek egiten duten gaztelaniaz inork eskatu gabe!!

        Beste ideia solte bat: Euskadi Irratian erdaldunak sarri baztertzen dira. Adibidez, kale-inkesta bat egitera zoaz eta erdaldunei ez diezu ezer grabatzen. “-Baduzu minutu bat galdera bat erantzuteko? -No hablo euskera – Vale, gracias, agur”. Ikusi hori ere.

        Zure galderari erantzunda: imajinatu dezaket, baina ez naiz atrebitzen haien hautuaren zergatia esatera. Diodan bakarra da asko pozten nauela haien erabakiak.

  • ahobatiritzibat 2017-01-07 18:16

    eta honatx ildo beretik doan Argia-ko beste artikulu bat,
    http://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/adierazpenak-eitb-n

  • A. Osinalde 2017-01-08 08:54

    Ni neu Iñakiren iritzikoa naiz, artikuluak ez nau bereziki ase.
    ETB1 kritikatu egin behar dugu, noski baietz, berau ez kritikatuz gero teilatua buru gainean eroriko zaigulako. Negargarria da kontseilu ezberdinek egin diotena, zertan bilakatu duten, eta horrekiko jarrera kritiko bat mantendu behar dela uste dut; eraikitzailea, baina kritikoa hein berean.
    Horretaz gain, katearen apostu handiak gaztelerazkora bideratuta daude, eta noski, audientzietan ere nabaritzen da; gainera, prime time tartean bi kateetako programa ikusienak aldi berean jartzen badituzte, ez dago jenio bat izan beharrik aurreikusteko kalterako dela.
    Konponbideak, erreferentziak, proposamenak, telebista publikoen alternatibak… egon badaude. Proposatu, proposatu dira. Nahi duzuena “gu ta gutarrak” baino lehen; nahi duzuena zita programa horiek baino lehen; nahi duzuena, benetan.
    Eta noski, ETB2n euskaldunok guztiok euskaraz egingo bagenu, ba ondo; eta ETB2 desagertuko balitz eta gure errekurtso guztiak euskarazko kalitatezko kate batera bideratuko bagenitu, ba hobe.

    • Bittor Hidalgo
      Bittor Hidalgo 2017-01-08 09:17

      Konturatzen zara, Osinalde jaun/andere, zer ari zaren esaten, diozunean “Nahi duzuena “gu ta gutarrak” baino lehen; nahi duzuena zita programa horiek baino lehen; nahi duzuena, benetan.”?

      Euskaraz beraz bakarrik zure ‘fedearekin’ bat datozen gauzak? Zure ‘fedeekin’ bat ez datozenak hobe beste zeinahi hizkuntzatan?

      Zertxobait pentsatuko duzulakoan esan dituzonon gainean, euskaldunok zorionez ‘fede’ askotakoak garelako, eta eskerrak!, bestela askoz zailagoa izango baikenuke oraindik gure iraupena. Eta ‘fedeen’ gainean hausnarketa ere nahi baduzu, ez da hasiera txarra ere Xabier Leteren “Teologia, Ideologia” hura, ezta? Gogoratzen? Hemen ere bai: https://www.youtube.com/watch?v=qw7qHjgarPk

      Urte berri on

      Bittor

      • Bittor Hidalgo
        Bittor Hidalgo 2017-01-08 09:19

        Ahaztu det esatea, niri oso interesgarria eta positiboa iruditu zaidala ‘Ahobatiritzibaten’ hasierako huasnarketa.

        Eskerrik asko

        Bittor

  • A. Osinalde 2017-01-08 11:38

    Kaixo Bittor (anderea naiz):
    Ederra Leteren abestia, ez nuen ezagutu ere egiten. Mila esker.
    Adibide bat jartze aldera. Basarri eta Txankarra; nire gusturako umore nekeza, euskaldun arlotearen irudia ustiatzea beste behin. Dena den, grazia handirik egiten ez didan arren, telebista publiko baten parametroetan sartu dezaket. Mezua konpartitu ez arren, onargarria zait.
    Konturatzen naiz esaten ari naizenaz. “Gu ta gutarrak ikusi duzu”, Bittor? Onargarria iruditzen zaizu telebista kate publiko batek eredu hori eskaintzea? Nahi baduzu deitu fedea, nahi badu arrazoia. Telecincoren eredua kopiatu, euskaratu, eta tamalez, sekulako audientziak lortu. Betiko dilema aurkezten zaigu hemen: kate publiko batek zeri eman behar dio garrantzia, audientziei edo edukiei?
    Ez dut tamaina horretako zaborrik nahi kate publikoan; ez dut emakume eredu hori eskaintzen duten programak nahi, nire “fedekoak” ere ez diren emakume guztien kalterako delako; eta ez nuke nahi, hori esateagatik, zeuk ni “totalitaria” bezala sailkatzea; niri behintzat ez zait bidezkoa iruditzen.
    Urte berri on zuri ere, eta behin mila esker abestiarengatik.
    Ondo izan

    • Bittor Hidalgo
      Bittor Hidalgo 2017-01-08 18:51

      ‘Totalitarioa’ zuk esan duzu (nik agian ‘iradoki’, baina esan, esan…).
      Garbi dago zuri ez zaizula gustatzen Gu eta Gutarren eredua. Neri be ez. Baina hori ikusi eta bizi nahi duen jendea baldin badago, bazirudien, eta horregatik eskatzen nizun hausnarketa, zuk edozer nahiago zenukeenez, nahiago duzula gauza horiek bakarrik espainolez ikusi ditzaten. Ez, ikusi ditzatela euskaraz, hori baldin bada ikustea eta egitea gustatzen zaiena, eta gero predikatu iezaiezu zuk ere zure fedetik euskeraz eredu (nola deitzen diozu: heteropatriarkalkapitalista edo) horren kontra.

      Euskeraz ari badira, nahiz heteropatriarkalkapitalistak izan, neretakoak dira, orain gutxi arte tiroka ari ziren asko ere, gustatu edo ez gustatu, neretakoak ziren neurri berean, euskeraz ari ziren ber.

      Baina ez batzuk ez besteak izango dira neretakoak espainolez ari badira, neretakoak izango ez diren bezala espainolez ari diren bitartean eredu antiheteroantipatriarkalantikapitalista defendatzen dutenak, edota tiroka ari adiren ertzainak zein antiertzainak.

      Capisci? Capito? Ez dakit esplikatzen naizen, agian bai eta nahiko.

      Eta poztu nau zure mezuaren neurriak, bihotzez poztu. Zinez egon gaitezke kontrako gauzak defendatzen, fede desberdinetan sisnisten, hasarratu beharrik gabe ere. Ez litzaiguke okerrago jungo herri hontan horretatik ere fede pixka bat egingo bagenduke…

      Pozik izan

      Bittor

  • ETB1-i egunero egiten zaion kritikarik zorrotzena, hauxe da: %1,5. Hots, bere ikusleria.
    Ez dirudi horrek alderdi politiko eta sindikatu abertzaleak edo euskalgintza bera gehiegi kezkatzen dituenik. Eta hori are kritikagarriagoa iruditzen zait. Zer ardura gutxi. Zer utzikeria. Zer ganorabakokeria!
    Eskerrak handik eta hemendik EiTBri kritikak egiten hasi zaizkion. Bazen garaia, artalderri otzandu honetan.

    • ahobatiritzibat 2017-01-15 20:46

      erabat ados nago zure iruzkinean esandagoekin. Horiek baina ETB1 katearen arazoak dira. Etorkizunean ETB1 euskal herritarron lehen katea helburu izan behar dugulakoan nago, zu ere ziurrenik. Zoritxarrez, hortik OSO urruti aurkitzen gara 2017an. Hori horrela dela eta erabaki nuen artikulo ttipi hau idaztea. Euskal herritarron katea zoritxarrez (T5 alde batera utzita) ETB2 delako, eta oso larria iruditzen zaidalako “euskal” kate honetan euskaldunak gazteleraz elkarrizketatuak izatea.

  • Zein da benetako arazoa?
    Euskarazko katearen errealitate latza ezkutatu egiten dela alderdi politiko GUZTIEN aldetik.
    Gaurko Gararen editoriala, jokabide horren adibide garbia da:
    “EiTB tiene una crisis de modelo, que necesita urgentemente medidas porque no es ni eficaz ni eficiente –no logra sus objetivos socioculturales pese a gastar mucho–…”
    (Garak betetzen ote ditu bere helburu soziokulturalak?)
    ETB1 ez da aipatu ere egiten editorialean.
    Esanguratsua oso.
    http://www.naiz.eus/es/hemeroteca/gara/editions/2017-01-08/hemeroteca_articles/eitb-un-debate-que-reuna-a-partidos-sector-y-sociedad-civil

  • Benetako arazoa da Espainako autonomia izateak. Handik hasita, datorkiguna da telebista autonomikoa edukitzea, “legez” den moduan. Baina tira, guri bost axola, pozik gaude eta Espainatik kanpo,denok dakigun bezala, ez du ezer existitzen… ez ta pentsatu ere.

  • ETB, bai ETB1 eta ETB2, herramienta estratejiko bat da. Madrilen esku, internazionalki gure kultura, historia ikertzen dute, Europako 7garren amaren ADNa, gure hizkuntza Europako eta Ameriketako unibertsitate askotan irakasten da, sekulako plus a edo katxea ematen diela dukatenei.Egunero guri buruzko (ez inor baino gehiago garelako) ikertketak egiten ari dira, eta denak gauza bera salatzen dute, bertako komunikabideen ZENTSURA.
    EITB k gure herriari buruzko inoiz fauza positiboak ez ditu ematen, baina negatiboak “a primera plana”
    Beraz, gaur EITB nire herriaren etxaia denez, nirea ere bada.
    Nirekin jai duzue, herri honen esistentziaren ZABOR NEGAZIONISTA ikusteko beste hamaika kate dauzkat.
    EITB PIKUTARA

  • Peru Dulantz 2017-01-16 13:50

    Atzo bertan, Gaztea irratian, tarte luuuuuuze bat igaro zuten El Conquisen promozioa egiten. Ikusle gazte euskaldunak erdarazko telebistara bideratzeko erabiltzen du Gaztea EITBk. Suposatzen dut ordu berean ETB1n programaren bat izango dela, baina ez dirudi arduradunei asko axola dienik jendeak ikusiko duen ala ez.

  • ahobatiritzibat Atzo

    Arrazoi guztia duzu Peru, EITBk audientzia besterik ez du bilatzen gastatutako dirua ahalik eta errentagarri atera dadin. Egun EITB EAEko telebista moduan ikusten du jende askok, eta Euskal Herria errepresentatzea nahi dugunok ez dugu haserre/triste egotea besterik. Zertarako nahi dugu Nafarroako jendea EITBen gazteleraz hitz egiten? (Julian Jantzi kasu) ez al da euskara 7 probintziak batzen gaituena?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude