Zarauzko malekoiko ibilbide (g)orria

Malekoian bide gorria egin edo ez. Hara hor galdera. Hori bai itsasotik 6 metrotara, “ezinbestez okertsua”, “arautu beharrekoa” eta horretarako “Ordenantzak eta Udal Bandoak aldatu beharko lirateke” zer eta udako egun jakinetan ordutegi batean soilik erabili ahal izateko. Eta orain, esaidazue, zuetako inork horrelako bide gorri baten alde egingo luke?

Larriena, ordea, ez da hori. Bide gorririk egin edo ez egin erabakitzeko herri galdeketak eskaintzen zaizkigu, baina, benetan herritarroi interesatzen zaigun erabakietan ez dugu parte hartzeko aukerarik: noiz egingo dute Zarautzen Kursaal bat izateko (kultur interesetatik urrun) eraiki nahi duten polikulturalaren inguruko herri galdeketa? Noizko autopista aprobetxatu beharrean Santa Barbara mendia zulatuz beste errepide bat asfaltatuko duten barianteari buruzko erreferenduma? Noizko krisiaz egiten duten hausnarketa eztabaidatzeko herri kontsulta?

Laister udaletxeko balkoian zein lore jarri nahi ditugun galdetuko digute (Salberdinen zein itxurako etxeak nahi genituzkeen galdetu zigutenean bezala) eta prentsaurreko batean azalduko zaizkigu berriro herri zinegotzi “guztiak” (hor ere ez baitaude denak). Baina, saldu nahi diguten zelofanezko demokrazia horrek parte hartzailetik ez dauka ezer, aldez aurretik hartutako erabakiei forma emateko baino ez gaituzte behar eta!

Nik ez dut maiatzaren 9ko teatroan parte hartuko.

La terre est bleue comme une orange

2 pentsamendu “Zarauzko malekoiko ibilbide (g)orria”-ri buruz

  • Gari Berasaluze 2009-05-04 11:10

    Oso ona, hi!
    Exilio inmobiliarioren eraginez Zarauztik alde egin behar izan ez banu eta, beraz, maiatzaren 9an nik ere ‘erabakitzeko’ aukera izango banu, nik ere ez nuke teatro horretan parte hartuko!
    😉

  • Iñigo Rubert 2009-05-04 22:44

    Orain dela gutxi Antxotarrok eta oraingoz Donostiakoak diren Pasaiako hainbat zonaldekook, kontsulta batean parte hartzeko aukera izan dugu.

    Zarautzekoa ez bezala, benetan garrantzitsua zen guretzat, ez baitzen hutsaren hurrengoa auzitan zegoena: herriaren erdi-erdian dagoen Biteri Plazan, orain dela hainbat urte Eusko Jaurlaritzarekin hitzartutakoa burutu ala ez.

    Hau da, Antxo bezalako eremu hipersaturatu baten bihotzean, espazio libre bat eraikinekin bete ala ez. Udalak aitortu bezala, komunikazio kanpainaren bukaera eskasa izan arren hautesleagoaren %21 inguru hartu zuen parte. Horietatik %80 ezetz %20 baietz. Udalak konpromisoa hartu du borondate hori aitzinarazteko, tartean arazo burokratikoak egon daitezkeen arren.

    Bukaera ikuskizun badago ere, benetan txute bat da eragiten dizun gai baten gainean hitza eta erabakia izatea. Adikzioa ere sortuko delakoan nago… horregatik benetako ikara diote batzuek bide horri: ehundaka proiektu txiki zein handi ez ziren egingo egin diren bezala, herritarroi galdetu eta iritzi hori errespetatu izan balitz.

    Borraka horrek merezi du, egungo gizarteak ez du agian iraultza handietarako emango, baina paper bat kutxa batean sartzeko adina adorea badu; eta bertan jarriko duena ez da maiz bat etorriko gure lider politiko-ekonomiko ilustratuen asmoekin.

    Informazio gehiago Oarsoaldeko Hitzako hemerotekan Biteri Plaza bilatuta.