Zapataria, astronauta.

images5.jpgFontcuberta adiskidea, astronauta errusiarrarena egiten.

Diagnostiko eta proposamenez.

Eskertzekoa da aste honetan bertan ELA sindikatuak, German Kortabarriaren ahotik, jakinarazitakoa. Esan dituztenak ez dira berriak, baina, nolabait, argiago formulatuta geratu dira orain. Niri neuri hiru kontu egin zaizkit, batez ere, interesgarri.
Alde batetik, gatazka politikoaren irteerak ez duela zertan indarkeriaren amaierarekin lotuta egon behar esan dute. Alegia, gatazka armatuak zerikusia duela gatazka politikoarekin, baina ez dela gatazka politikoaren ezinbesteko ondorio. ETAren arazoari gaur bertan ezin zaiola irteerarik eman eta ez dela komeni, beraz, bi kontuak lotzea. Guztiz okerra dela ETAk menia bertan behera uzteko hartu duen erabakia.
Bigarrenik, estatutismo berri baten arriskua aireratu dute. Hori ez dela bidea, autodeterminazioa eta subiranotasuna baizik. Estatutismoak gatazkaren betikotzea baizik ez lukeela ekarriko.
Eta hirugarrenik, abertzale, edo soberanisten, edo autodeterminazio zaleen indar metaketa ezinbestekoa dela. Adostu egin behar direla bideak eta erritmoak. Nor bere aldetik dabilen bitartean jai daukagula gatazkaren konponbidean. ELA batasunaren bide horretan egongo dela.
Esaten da paraje hauetan politizatuegi bizi garela, eta baliteke egia borobila izatea.. Geure eguneroko bizitzan, nahi gabe ere, bustitzen gaituen zaparrada baita egoera politikoa. Arratsero amaitzen dugu blai eginda. Beti bada zerbait. Baina ez esan niri ez denik harritzekoa sindikatu bat halako azterketa politiko sakonak aireratzen ikustea. Halakoak eta antzekoak entzun dizkiogunean ELAri, ematen du bere funtzioaz baino harago joatea duela maite. Irudika dezagun Andaluzia edo Gaztelako sindikatu bat, edo Frantziakoren bat, maila bereko azterketak adierazten. Gutxienik harritzekoa litzateke. Ez dut esango ELAk ez duenik eskubiderik horretarako, baina sindikalista batzuen aitzinean baino, askotan ematen du politikari frustratuen aurrean gaudela.
Bestetik, soberanisten indar metaketa horri buruz diotenak, polita izateaz gain, ametsezkoa dirudi. Hobe bai horrela balitz, ezen azken egunotako gertaerek, Nafarroan, eta Araban ikusi ditugunek, argi erakusten baitute ezkerra-eskuina baino berezitasun handiagoek agintzen dutela politika egiteko orduan. Batzuek argi dituztela lehentasunak eta nongotasunak. Hemen batasuna, Espainiazale konstituzionalistek dutela. Horiek badakitela ordua iritsitakoan bat egiten.
Hemen, ostera, PNVa ikusi dugu Frantziako bozketan Bayrurentzat bozka eskatu eta Euskal Herria Bairekin batera joan ezinean. HB eta EAE ikusi ditugu Nafarroa Bairekin batera joan ezinean, udal asko abertzale artean osatu ezinik, Iparraldean ere aspaldiko egitasmoa da Abertzaleen Batasuna, ELA berak ezin du LABekin elkarretaratzerik lortu…
Agian Churchillek arrazoi: merezi duguna baizik ez daukagu.

Hasier Etxeberria. El Mundo. 070620

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Zapataria, astronauta.”-ri buruz

  • Egunon Hasier
    Atrebentzia barkatuko didazulakoan argibide bat:
    ELAk bere ikuspuntu politikoak mahaigaineratzen dituenean ez du inor ordezkatzea nahi, lan-harremanetarako arauetaz, gizarte-segurantzaz, zergaz, errenta banaketaz… ari da. Langileentzat oinarrizko gaietaz. Guzti hau baldintzatzen du eremu politikoak.
    “ELA berak ezin du LABekin elkarretaratzerik lortu…”. Bai egia duzu, baita ere saiakerak ez direla gutxi izan. Erantzukizuna ez da alde bakarrekoa ordea.
    Eskerrik asko
    Mikel
    (Maionesa, parmesano eta tipularekin prestatzen den mokadua benetan gozoa!)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude