Zaharrak berri, EAn

Zaharrak berri, EAn

Gaur dakarte albistea egunkariek, tartean Berriak: Pello Urizar izan daitekeela, Amezketa interinoaren ostekoa Eusko Alkartasunan. Hala behar badu, bedi, baina ez nuke egon nahi haren azalean.

Harrigarria da EAn gertatzen dena. Alde batetik diskurtso nahikoa aurrerakoia dauka, sozialdemokrazia egokitu moduko bat. Bere lerroetan piztia politikoak ere baditu: Intxaurraga, Larreina, Azkarraga, Galdos…  Baina azken hamar urteetan edo, kilker kaiola moduko bat izan da, nor bere kantuarekin kri eta kri. Azkenekoa Nekane Altzelairen politikaren uztea izan da.

EAren prentsaurrekoren batera joan naizen apurretan, edo EAko exekutibako norbaitekin hitz egitea egokitu zaidan bakoitzean, beti gailentzen zen beste zerbait eman nahi zuten mezuaren gainetik: gauzak korapilaturik daude alderdi barruan, ez da giro hemen barnean… Azken greba orokorra dela eta ere, kri eta kri egin du kilkerren batek EAren barnetik; ohituta gaude jada Iñaki Galdosen kexuetara ere, exekutibak gauza bat eta berak beste bat EAJrekin ezkontzeari buruz; Gorka Knörr desagertuta dago konbatean; Iztueta eta Intxaurraga ere zokoratuak izan ziren era zabarrean,;Martin Aranburu, 2008ko argazkiaren buruan ageri den politologoa ere; Jainkoak jakin non dabilen; Bermeoko feudoa hondamendian…. eta beste hamaika horrelako eta okerrago.

Zaila dago ulertzen nola arraio ez dion alderdi honek bere gaitzari sendakuntzarik bilatu hainbeste denboran, beti zatiturik, beti galtzen eta gainbeheran… Zer dezake orain egin Pello Urizarrek? Nondik aterako du hainbeste plater zatitxo konpontzeko lekeda edo kola?

EAko buruetako batek esan zidan duela bost urte ia, bete betean asmatu nuela eurei buruzko artikulu batekin, El Mundon argitaratzen nuen garaietan. Beste garai batzuk ziren, Lasagabaster zegoen Madrilen, Begoña Errasti zegoen gailurrean eta Unai Ziarreta ostertzean baizik ez zen ageri. Baina ematen du, izenak aldatuta, gaur bertan idatzitakoa dela.

Hemen jartzen dut irakurtzeko pazientzia daukanarentzat. Nola ez, Kilkerren kaiola zeukan izenburua.2005eko Ekainekoa da.

“Patetikoa ere bada Eusko Alkatasuna azken bolada honetan hartzen ari den itxura. Politikagintzaren plazatik kanpora bizi garen turistontzat, begiratu batean bederen, arras negargarria gertatzen ari da alderdi honek darabilen jokabidea. Esan liteke, alderdikeriaren kontuetan, maisu ari dela agertzen. Nago, gainera, ez ote gauden alderdi honen amaieraren aitzineko pausoetan.
Eusko Alkartasunak nahikoa lan badu berez, ukitu sozialdemokrata duen alderdi gisa agertzeko. Gaur egunean ez daude hain argi EAJ bezalako alderdi demokristau progresista baten eta EA bezalako beste baten arteko ezberdintasunak. Hala ere, aski zorion izan du talde honek Ibarretxeren gobernuan eduki dituen hiru sailburuekin: Iztueta, Intxaurraga eta Azkarraga. Hiruak izan dira nortasun handiko pertsonak eta hiruak saiatu dira, nolabait, EAJko sailburuengandik euren jarduera bereizten. Esan dezagun, hiru sailburu horiek, ageriko egin dutela EA ez dela EAJ.

Ordea, denok dakigu, Iztueta eta Intxaurraga behintzat, ez direla aurrerago joango. EAk egindako azken kongresuan, purgak egon zirela. Alderdia erdibituta dagoela, ia erdi-erditik, eta galtzaile atera zen aldeak ez daukala ordezkaririk ia, exekutiban. Garesti ordaintzen direla EAn disidentziak eta heterodoxiak. Galdetu, bestela, Gorka Knörr jaunari. Gauza bat da Errastik eta Ziarretak gehiengoa izatea eta beste bat, oso ezberdina, beste erdia existituko ez balitz bezala jokatzea.

EAren diskurtso abertzale eta humanistak, koherentea eta zentzuzkoa dirudi ia beti: autodeterminazioaren alde dago, independentista,aurrerakoia eta berdinzalea da, politikagintzari dagokionean. Baina Taifasen erreinua ere bada, bistako da hori: Gipuzkoa zatituta dago, Bizkaia eta Araba ere bai. Eta kontraesan guztien gailurrean, euskaraz ez dakien eta, itxura batean, ikasi nahi ez duen arduraduna dauka Madrilen: Lasagabaster anderea. Bon, bon, bon.

Iruditzen zait, askotan begirada inuxentea izan ohi dela zorrotzena halako gauzak aztertzeko. Zozoenak ere badaki EAren lehenbiziko lana ez dela bakea, ez dela bere proiektu politikoa. EAren gaurko kezka, bere boteretxoari eustea da. EAJrekin koalizioan joan eta biharamonera, talde propiala du Legebiltzarrean, Partidu Sozialistari esker, gainera. Legezkoa, jakina. Baina EAren antzera, bere bazkide den Ezker Batuari halako trastadak egiten dizkiona, ez da adiskide zintzoa.

EAk, bere buruarekin badu aski lan. EAJtik bereiztea eta Aralar ezkutatzea ditu lanik behinenak. Alferrikako ahalegina, gainera, ezen, ene irudikotz, fase terminalean dago Garaikoetxearen alderdia. Lehenago edo beranduago, berez hilko da. Inork asko bultzatu beharrik gabe.

Bi gauzak ekarriko diote heriotza: barneko minbiziak, eta kanpotiko leku faltak. Herri honetan gauzak inoiz normaltzen badira, erreka hondartzan bezala desagertuko da eta.”

Zaharrak berri, EAn

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

2 pentsamendu “Zaharrak berri, EAn”-ri buruz