Yihadismotik Altsasura

yihadismotik altsasura

yihadismotik altsasura
Argazkia: Hitzondo

X. mendean etsaia fedegabea zen, gurutzadak. XV. mendean gaizto-gaiztoa fedegabea zen oraino, baina gehiago aldameneko erreinua, etsaia izanez gero “fedegabe” izendatua. XIX. mendean interes kontrajarriak agertzen zituen estatua. XX. mendean mundua globalizatzen hasi zen, distantziak laburragoak bihurtu ziren, eta jada etsaia ez zen zertan bizilaguna izan behar. Horregatik egon zen lehenik Mundu Gerra bat, eta ondoren beste bat, eta ondoren beste bi edo hiru baina eskala txikiagotan difuminatuta, sakabanatuta. Kapitalismoa, komunismoa, blokeak.

Erori zen bloke komunista, eta bat-batean ez zegoen etsai oso definiturik. Garbi zegoen hurrengoak ere mundu mailakoa behar zuela izan, kapital handien interesak ez baitira sekula lokalak izan. Yihadismoa. Konforme. Lurrazpian petroleoa daukan jende horrengana iristeko baliatu daitekeen aitzakia. Keniako atentatutik (Nairobi, 1998) pasa dira hemezortzi urte, hamabost dorre bikiak jauzi zituztenetik (ez dut esango nork).

Afghanistan. Irak. Pakistanen barne guda. Tunez. Egipto. Bahrein. Yemen. Kudistan. Turkia. Somalia. Sahel. Libano. Siria; eta nola ez, tamalez eta luzerako, Palestina. Aurrena Al-Qaeda, ondoren Estatu Islamiarra. Mehatxu globala.

Noski, mehatxu global baten aurrean neurri globalak hartu behar, eta Espainiako Erresuma Parlamentario Demokratikoak proposamen bat jarri zuen: Yihadismoaren aurkako akordioa. Denak lerdea dariola, denak txaloka, denak lerdea dariola.

Altsasu. Goizeko bostak. Parranda ederra, Nafarroako toki guztietan bezala. Borroka bat hasi da taberna batean, eta tartean guardia zibilak daudenez, erreformaren hedabideek haizea, helio eta nitrogeno potasikoa sartzen diote gaiari puztu eta leher dadin. Lehertu da, alajaina. Ondoren eman dioten haize guztia puzkar luze, zaratatsu eta kirasdun forman ateratzeko, jadanik erakutsi baita, eta agerian geratu, poliziaren kontakizuna gezurra zela.

Horixe bera esaten eta aldarrikatzen ari ziren Sakanako hainbat herritar. Haiek hasieratik zeukaten arrazoia, beste guztiek ez. Kito.

Bada orain Audientzia Nazionalak terrorista gisa epaitu nahi ditu atxilotuak, baita arrazoi osoz poliziaren bertsioa auzitan jarri zutenak; bai kalean eta bai sarean, Altsasuko Gaztetxearen twitter kontua kasu.

yihadismotik altsasura

Kalean salatzen duzuna egia dela demostratu, eta terrorista gisa izan epaitua. Zergatik? Ahal dutelako. Erabili duten tresna juridiko-politikoa: yihadismoaren aurkako akordioa. Ba hori.

yihadismotik altsasura
altsasu, Audientzia nazionala, entzutegi nazionala, eskubide zibil eta politikoak, estatu poliziala, yihad, yihadismoa, yihadismotik altsasura

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude