Xabier Arzalluz: "Ez dago abertzaletasuna ulertzerik independentziarik gabe."

 “Ezer baino lehen gauza bat argitu nahi dizuet: ni abertzalea naiz, eta ez dago abertzaletasuna ulertzerik independentziarik gabe.” Horrela hasi zuen bere hitzaldia Xabier Arzalluzek.

Hortik abertzaletasunaren jatorrietara joan zen bere hitzaldia abiatzeko. Sabino Aranaren aipamena eginez jarraitu zuen honako hau esateko: Sabino Aranak herri oso bat martxan jarri nahi zuen. Baina, Sabino Aranak bere abertzaletasuna oinarritzeko erabili zituen ideiak askoz lehenagokoak dira. Hori esan eta Arana baino lehen abertzaletasunaren ideiak zein autorek aipatu izan dituzten deskribatu zuen, autore horien aipu ugari hitzez-hitz irakurriz. Atal honetan esandakoak oso interesgarriak izan baziren ere, beharbada luze samar egin zitzaion jendeari.

Gogora ekarri nahi izan zuen lehen autorea Manuel Larramendi andoaindarra izan zen. X. Arzalluzen hitzetan, hura izan zen lehenengo abertzalea. Hark aldarrikatu zuen “zazpiak bat” egitearen ideia. Gainera, Larramendik, abertzaletasuna, hizkuntzan oinarrituta sortu zuen. Eta hau guztia Arana baino 200 urte lehenago. Autore hauek gehiago ikertu beharra dauzkagula aldarrikatu zuen Arzalluzek.

Tellitu Antoñanok (Balmaseda), 1876an Canovas del Castillok gure foruak deuseztatu zituenean, gutun batean independentzia nola aldarrikatu zuen azaldu zigun.

Bigarren atal batean, Estatutua eta Konstituzioaren garaia jorratu zuen. Euskadira ahalik eta botere gehien ekartzea zuten xede jeltzaleek. Eskubide historikoen gaia sartzea lortu zuten, autodeterminazioarena ez zegoelako inondik inora sartzerik. UDCk, PSOEk ez zuten autodeterminazioarena entzun ere egin nahi.

Honen haritik, trantsizioaren atal hau azken hamar urteen errepasoarekin lotu zuen. Europan hainbat herrialde estatu bihurtu direla azaldu zuen eta horietako asko, bere garaian, Felipe Gonzalezen sinadurarekin sortu zirela zehaztu nahi izan zuen. Eta horrela, Euskal Herriko gaia ateratzen zitzaien aldi guztietan erantzuna beti berdina zen espainolen partetik: ”Et, et, et… zuena oso diferentea da!”

Serbiak, zehazki Slobodan Milosevic buruzagiak agindutako sarraskiak gogora ekarri zituen eta galdera hau utzi zuen airean: “Hemen ere, Kosovon Milosevic-ek egin zuen bezala, espainolek armak atera behar al dituzte euskaldunon nahia zapuzteko?” Izan ere, Espainiako Konstituzioan argi eta garbi jasota geratu zen (hainbestetan alde batekoek zein bestekoek aipatutako 8. artikuluan) “indar armatuak izango direla lurralde batasuna eta orden konstituzionala bermatuko dutenak.”  “Eta orduan zer? –galdetu zuen Arzalluzek-, tankeak atera behar dituzte Milosevic-en moduan? Gure herriak ez ditu armak nahi, politikaren bidetik egin nahi ditu gauzak.”

Urteak horrela pasatu ostean, Juan Jose Ibarretxe lehendakari zela, ezker abertzaleak bozka EAJri ematen hasi zela ikusi zutenean, Alderdien legea asmatu zuten Madrilen. Baina, Arzalluzen arabera, “hori ez zen terrorismoaren kontra egiteko, baizik eta Euskal Herrian sor zitekeen abertzaleen elkargune oro eragozteko baizik. Horrela, iritsi dira Patxi Lopez eta enparauak Ajuria Eneara iritsi diren moduan. Nik okupa batzuk direla esaten diet.”

Xabier Arzalluzek argi dauka bizi dugun egoera eta gatazka girotik aurrera aterako bagara abertzale guztiok elkar hartuta egin beharko dela. Bere ustez, “garaia heldu da, momentua da aurrera begira jartzeko eta garbi daukat elkarrekin asko hitz egin beharra egongo dela, luze, mikrofonorik gabe; eta hori guztia gainera, elkarri gaizki esaka aritu gabe.” Azken batean horrela ikusten du Arzalluzek etorkizuna: “Armak soberan daude eta falta, berriz, batasuna falta zaigu. Batasuna gure artean oinarri batzuk jartzeko, herri bezala aurrera nola egin behar dugun adosteko, eta gure arteko errezeloak deuseztatzeko.”

Juan Ignacio Munilla Donostiako gotzain berria ere ez duela gogoko argi utzi zuen. “Obispoak espainol nazionalistak dira denak.”

Ideia hauek guztiak gelditu dira Goierriko Euskal Eskola Kultur Elkarteak antolatutako bi hitzaldietan. Hemen aipatu dugun Xabier Arzalluzenarekin eta joan zen astean hemen aipatu genuen Floren Aoizen hitzaldiekin ideia batzuk argi geratu direlakoan gaude antolatzaileok. Ea irakurleok ere antzekotasunak aurkitzen dituzuen bi hizlariek aipatutakoen artean.

XabierArzalluz hizketan

Irudia | XabierArzalluz hizketan | J. Madariaga | Creative Commons By SA
independentzia, politika

3 pentsamendu “Xabier Arzalluz: "Ez dago abertzaletasuna ulertzerik independentziarik gabe."”-ri buruz

  • Lukas Mateo 2009-12-01 15:36

    Gizon honen jarduna entzun, ikusi edo irakurtzen dudan bakoitzean, beti datorkit amnesia selektiboaren gaia gogora. Alegia, EAJren buru zenean, egin zituenak eta egin gabe utzi zituenak ahaztu balitu bezala.

  • Nik ere gauza bera pentsatzen dut. Asko estimatzen dut, eta oso gogor ari da bere alderdikieak izan zirenen norabidea berbideratu nahian, baina bere garaian hitz egin behar zuen horren garbi. Orain berandu dela dirudi.

  • Nola gauzak, niri amnesia selektiboaren gaia beste une batzutan etortzen zait burura, abertzaleon arteko elkar lanaren beharra gero eta garbiago ikusten dudanean hain zuzen ere. Nolabaiteko amnesiarik gabe (ni neuk eta nire sendiko kide batzuek ,edota lagun askok beste abertzale batzuen eskutan sufritu dituztenak ahazterazten didan amnesia) ezingo nuke manifestaldi batzuetara joan, edo batzuen eskubideak aldarrikatu, edo ageri batzuk sinatu…Ezker abertzalearen barne eztabaida aspaldiko partez espero izan dugu askok…hala ere, berandu al da hortarako ere?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude