Veleiako misterioa, ezjakin batek ahal bezala kontatua (eta 4)

Veleiako misterioa, ezjakin batek ahal bezala kontatua (eta 4)

Veleiako misterioa, ezjakin batek ahal bezala kontatua (eta 4)
Iruña Veleia. cc-by-sa: wikimedia

Veleiako misterioa, ezjakin batek ahal bezala kontatua (1)

Veleiako misterioa, ezjakin batek ahal bezala kontatua (2)

Veleiako misterioa, ezjakin batek ahal bezala kontatua (3)

Eta iritsi gara abiatzean ginen lekura: zer pentsatu behar dugu profanook?

Izan ere ematen baitu, Iruña Veleiako ostraken ingurukoei buruz iritzi zintzoa edukitzeko, hizkuntzalaritzaren inguruko ehunka orrialde irakurtzera behartuta gaudela, fisika eta kimikaren disziplinak berritzera, historiako orrialde pilo bat errepasatzera… Oinezkook ez daukagu erraza kontu honetan postura hartzea.

Erosoa litzateke Diputazioak jarritako adituen erabakiaren magalean geratzea, hots, faltsuak direla Iruña Veleiako ostrakak pentsatzea eta kito. Nolabait ere, gurean diren autoritate akademiko gorenetakoak dira hizkuntzalaritzan Lakarra eta Gorrotxategi katedratikoak, esaterako. Zergatik ibili beste inoren argudioak entzuten? Gainera, eztabaidan dagoena —edo guri gehien interesatzen zaiguna bederen— idazkunak dira, buztinetan zizelkatutako inskripzioak, epigrafeak. Lakarrak berriro ekarriz: «Froga gehiago egin behar direla laborategian, patina zehazteko… baina hori hasieratik bide txarra hartzea da. Zer da auzitan dagoena? Testuak. Testuen gainean zeinek esan behar du esan beharrekoa? Filologoek. Eta filologoek diotena onartu behar da».

Nor epaile hoberik guretzat benetakoak ala faltsuak ebazteko? Beste modu batera esanda, geu epaile lanetan bagenbiltza, nori deituko genioke benetakoak ote diren jakiteko?

Gure alde arrazionalistak horixe agintzen digu. Zergatik, orduan, denbora galdu eztabaidetan? Zergatik sartu handiegi geratzen zaizkigun eztabaidetan?

Ez dago erraza

Neure kasuan, aitor dezadan, filologiaz haragoko kontuek ere harritzen naute. Oso zaila egiten baitzait inor Iruña Veleiakoa bezalako faltsukeria handi eta zoragarria egiten irudikatzea.

Egia esanda, ez dakit zer egiten zaidan sinesgaitzago, ostrakak benetakoak direla pentsatzea ala norbait(zuk) hainbesteko ostraka kopurua egin eta lekuan jartzen imajinatzea. Non eta domusen fundazioetan. Mila ale inguru. Arraioa!

Eta behin galdetzen hasita:

Ostrakak faltsuak badira, idazkunak zer dira, buztina egosi baino lehen ala egosi eta gero egindakoak?

Zeren egosi baino lehen egindakoak badira —eta hori dioenik bada—,  are apasionateagoa egiten zait pentsatzea, faltsugileak ez bakarrik direla adituak hizkuntza zaharretan, baita ere zeramikan. Izan ere, ostrakak zeramika pieza desberdin askotan agertutakoak dira (platerak, anforak, ontziak, adreiluak…). Ezinezkoa egiten zait sinestea, faltsutzeetako inskripzioak egosi baino lehen egindakoak direla, idazkunez gain, piezak eurak ere egin beharko bailituzke faltsutzaileak.

Alabaina, ikusi bideo honetan 6. minututik aurrera, Koenraad Van den Driessche geologoak dioena, esaterako.

Funtsean dioena da, egosi aurretiko markak direla ostraka zenbaitetan daudenak. Hori, arrastoek azaleran sortutako erliebeetan ikus daiteekela, ogi barra batean ikusiko genukeen bezala. Ez dagoela horrelako idazkunik egiterik ez bada buztin freskotan. Esate baterako 13363 pieza honetan:

Marrak egosi aurretikoak omen. Iturria: alava.net
Marrak egosi aurretikoak omen dira. Iturria: alava.net

Eta, klaro,  hasten naiz pentsatzen nor arraio izan daitekeen hainbeste disziplina linguistiko eta historiko ezagutzeaz gain, zeramikagile trebe eta artisau paregabe. Eta labe on bat daukana hainbeste pieza desberdin egiteko. Eta behar litzatekeen dirua eta denbora. Eta ezkutuan eta ixilpean ibiltzeko gaitasuna… Eta, zer nahi duzue, ba, buruak ez dit ematen.

Eta hori guztia gutxi balitz, gainera domusen zimentazioetan ostrakak jartzeko gauza dena, han eta hemen, inor konturatu gabe. Indiana Jonesenak txiki egiten ditu denak.

Posibilitate hedatuena: buztinezko piezak zaharrak dira, inskripzioak geroagokoak.

Honek ere ez du gauza handiegirik konpontzen,  idazkunak zeramikak egosi ostekoak izanda ere, langintza ez baita batere erraza: zientoka pieza Veleiatik atera, marrak egin eta ostera lehengo lekura eraman. Inork ezer ikusi eta susmatu gabe. Arraioa! Detektibe on batek baleukake non aztertua.

Noizkoa da faltsutzea, beraz?

Gorrotxategik dio XX. mendekoa behar duela izan derrigorrez, “siendo la razón principal el hecho de que aparezca entre las piezas información solamente conocida en este siglo“. (Berriro Nefertiti eta abar).

Ederki: XX. mendean, baina XX. mendean noiz?

Gorrotxategik dio zaila dagoela jakiten, baina ez dela oso aspaldikoa izango. Zergatik? Ez 50etan eta 1974-75n eginiko indusketetan ez zelako ezer antzekorik agertu.

Eta txostenaren  errematean, Eliseo Gilentzat ostiko ikaragarrizkoa:“…que algunos óstraca hayan aparecido en muchos de los sondeos realizados en 2006 en lugares apartados de sí, invita a pensar, por puro cálculo de probabilidades, que no están temporalmente alejados de los procesos mismos de excavación”.

Tristea da, baina epaileak izango du hitza. Pentsatzekoa da hark aditu batzuen esku utziko duela erabaki zientifikoa eta zenbait froga eginaraziko dituela ostera. Auskalo, hala ere.

Amaitzeko

Bi aldeek eskatzen dutenari errepara diezaiogun, labur bada ere.

Alde batekoa argi dago: Diputazioak eta Eusko Trenek eskatzen dute “errudunak” aurkitzea eta zigortzea. Adituek eskatzen dute eurek esandakoari men egin eta sinestea. Bidebatez esanda,  internet eta enparauetako “foro asanbleario frikietan” denborarik ez galtzea. Arrazoia apur bat ere badute horretan: ez da gauza bera aditu batek sinatutako txosten landua eta anonimo batek bi hitz zabarretan jaurtitako iritzi nola-halakoa. Balioak desberdindu behar liratekeela, alegia.

Beste aldekoa ere, Elexpururi entzundakoari segika, ez dirudi oso zaila denik ulertzen: 1- ostraken zaintza ken dadila Arabako Diputazioaren ardurapetik, akusazio denez, ez dirudi egokiena denik zaintza horretarako. 2- Epaileak agin ditzala froga berriak horretarako balio lezaketen ostraketan (hezurrezkoak, egosi gabekoak…). 3- Jarrai dezatela indusketa lanek, nola faltsutzeak argitzeko, hala ondarea gehitzeko (nahiz eta badirudien badagoela horretarako plana).

Eta kitxo

Honaino iristen da kazetaria. Akituta. Eta idazten hasi denean bezala sentitzen da: erabat galdurik. Izan ere, hiru gauza gerta daitezke:

1- Ostrakak faltsuak dira.

2- Ostrakak benetakoak dira.

3- Ostraketako batzuk bakarrik dira faltsuak.

Hiruretatik zein iruditzen zaizu zeuri benetakoa? Esaiguzu iruzkinetan, otoi.

Hori bai, Orson Wellesek esango zukeen modura, ostraken  faltsifikazioak benetakoak baldin badira, baten batek badauka eleberri baterako argumento eder askoa.

Hala ere, liburu hori idatz dezala auzoko zakurraren amamak, orain artekoarekin, hemen nahikoa dugu eta.

 

……………………………….

Gaiaren  inguruko gune ezinbestekoak:

Arabako Diputazioarena primerakoa da dokumentu ofizial eta argazki guztietara hurreratzeko.

– Iruña Veleiako indusketaren ataria.

Iruña-Veleia, gezurra ala egia? Elexpururen bloga.

Ostraka euskalduna. Sos Veleiaren alde bloga.

Iesus Ioshe Mariam bloga.

Celtiberia.net. Itxita dago, baina hemen hasi eta argitaratu ziren lehenengo zalantzak.

– Aurrekoaren segida hartu eta bizirik segitzen du Terrae Antiquaek.

– Iruña Veleiakoa Deliciousen.

Nire esker ona erakutsi nahi diet,  batera edo bestera, gaiaz  ahal bezala jabetzen lagundu didaten Joseba Lakarra, Juan Martin Elexpuru, Ricardo Gomez eta Maite Darraidou filologoei.

Veleiako misterioa, ezjakin batek ahal bezala kontatua (eta 4)

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

9 pentsamendu “Veleiako misterioa, ezjakin batek ahal bezala kontatua (eta 4)”-ri buruz

  • Nik uste asko gaudela Hasierren egoera berdinean, zer sinistu eta zer ez jakin gabe. Bihar Elexpururen bertsioa zuzenean entzun nahi duenak Donostiako Amara auzoko Ikasbide Kultur Elkartean izango du parada, arratsaldeko 20:00etan.

  • Lakarrak:
    “«Froga gehiago egin behar direla laborategian, patina zehazteko… baina hori hasieratik bide txarra hartzea da. Zer da auzitan dagoena? Testuak. Testuen gainean zeinek esan behar du esan beharrekoa? Filologoek. Eta filologoek diotena onartu behar da».”
    Neuk:
    Filologo guziek gauza bera al diote?
    Gaur egun filologoek dakitena akatsik gabea al da?
    Zertan oinarrituta dakite filologoek dakitena?
    Filologoek diotena eta arkeologek esandakoak kontrakoa iradokiko balute (egosi aurretiko buztinean egindako idazkunak, 1.500 urte baino gehiagoko patina batekin tapatuta daudela frogatuko balute)zeini egin kaso?
    Zergatik daukate filologoek (Lakarra eta Gorrotxategik) holako arazoa froga gehiago egitearekin?
    Bdakit ez direla galdera berriak, baina nik oraindik ez dut erantzunik topatu.

  • Milesker Hasier egindako lanagatik.

    Ni ere zer pentsatu jakin gabe nago, baina zerbait arraroa dagoelakoan nago, nola daiteke bestela erantzunik gabeko hainbeste galdera egotea? Zergatik/Nork/Noiz/Nola faltsutu zituen (faltsuak izatekotan) hainbeste ostraka hain modu landuan inork konturatu gabe? Egiazkoak izatekotan zer arrazoi izan ditzakete adituek faltsutzat hartzeko? Okerturik al daude?

    Bada, gauza bakarra argi dut: gai honek momentu honetan dagoen bezala ezin dela gelditu; eta horregatik sinatu nuen SOS-Veleia manifestua, ez inori babesa emateko, afera osoaren gainean dauden galdera guzti horiek argitze aldera ikerketa egin dadin baizik.

  • Beste zientzia batez ariko bagina horrenbeste zalantzarik egongo al zen? Astrofisikaren katedradunek iragarpen baten faltsutasunaren inguruan zalantza izpirik ere ez balute, sinetsiko al zenituzkete blogetako esanak?

  • Kaixo guztioi,

    nik neure iritzi partikularra emango dizuet.

    Argi dago Iruña-Okako aurkikuntza arkeologikoek ipurdi agerian utzi dituela Gasteizko EHUko ikerlari batzuen teoriak eta beraien azken urtetako ikerketak. Kuriosoa da, baina Nafarroako eta beste unibertsitate batzuetako filologo eta ikerlariak isil-isilik daude. Zoritxarrez administrazioak Gasteizko EHUko ikerlari hauei eskatu die aurkikuntza hauei buruzko iritzi erabakigarria ematea.
    Bi aukera zituzten ikerlari hauek, onartu aurkikuntzak eta lotsagarri geratu, edo, beraien teorietan lekurik gabeak direla material arkeologiko horiek esatea. Eta hori da esan dutena: Gure teorietan eta ikerketetan ez dute lekurik aurkikuntza horiek, beraz, faltsuak dira.

    Ohartuko zineten azken esaldi honetan akats logikoa dagoela, horrela balitz inoiz ezingo lirateke teoriak obetu.

    Faltsutasunaren aldekoek proba gehiago ez egitekoren jarrera hartu dute
    Zientzia munduan inork ulertzen ez duen jarrera hau oso ulergarria bihurtzen da berain egoera ikusiaz (benetakoak badira gure autoritatea galduko dugu).

    Zergatik itxaron behar dugu proba horiek noiz egin? Eztabaida dagoen moduan ikusirik ziur naiz noizbait egingo direla. Eta horrela bada oberena lehenbailehen.

    Iban Zalduari eskatu nahiko nioke, lagunak baditu Lakarra eta Gorrotxategi ea begiratzen uzten dioten Hendrike Knörr-ekin elkar bidali ziren emailak, aunitz izanen dira, bakar bat argitaratu dute. Eta lortzen baduzu atseginez hartuko nituzke zure Hendrikeren iritziari buruzko azalpenak.

    Bukatzeko, faltsuak badira onartuko dut.

  • Misterio misteriotsuena izanda ere, zerbait argitu ahal izan dut lau kapitulu hauek irakurrita: eskertzekoa izango zela ostruken idatzien egiazkotasuna frogatzeko ahaleginak beste esparrutara zabalduko balira, euskal curriculumaz hitz egitean agintariek esaten dituzten astakerietara, esate baterako.

  • Nik uste zenbait gauza benetazkoak direla eta beste batzuk faltsuak direla. Uste dut inoiz ez dugula egia jakingo.

    Euskarazko idazkiek faltsutasun usaina izan dezakete, baina hain dira urriak euskarazko idazki zaharrak, ez zaidala batere logikoa egiten filologo batek faltsuak direla ziurtatzea. Zerbaitekin konparatzerik al dute ala?

    Bestalde, badaude argi eta garbi faltsuak diruditen aurkikuntzak, Nefertitirena adibidez.

    Mende hontako faltsutzea bada, sinestezina iruditzen zait Eliseo Gil-en taldeak indusketa lanetan zerbait arraroa ez somatu izana. Nola da posible?

    Eta faltsutzea indusketan lanen ondoren egin bazen? Arabako aldundiak gordetzen omen zituen piezak, hilabete luzeak igaro zituzten benetako segurtasunik gabeko gela ilunen batean…

  • Gaur, bide pribatuetatik, mezu bat jaso dut. Ez dut egilerik esango, baina, esaten didanak daukan pisuagatik, argitaratzea erabaki dut. Esan nahi dut, gainera, informatzaileak nire sinesgarritasun erabatekoa daukala:
    “Gaurko emanaldian (nire azken entregaz dihardu) uste dut puntu interesgarri bat utzi duzula albo batera, beharbada irakurri dituzun testuetan ez duzulako aurkitu, edo ez duzulako horretan erreparatu. Izan ere, esaten duzu zail egiten zaizula sinestea norbaitek hainbeste idazkun egin eta gero piezak lehen zeuden tokian berriro uztea. Baina faltsifikazioak direla diotenek arrazoiak dituzte pentsatzeko piezak ez zirela inoiz lurretik idatzita atera (eta, egia esanda, Gilek-eta ez dute oraindik froga bat ere aurkeztu piezak lurretik idatzita atera zirela egiaztatzeko, ez argazki, ez bideo, ez antzekorik); aitzitik, idazkunak “laborategian” egin zirela pentsatzen dute, piezak garbitze prozesuan edo ondoren. Horretarako, dirudienez, hilabeteak izan zitu(zt)en faltsutzaileak/ek, piezak denbora luzez kaxetan gordeta egon zirelako.
    Bada horren aldeko datu esanguratsu bat: susmoak hasi zirenean, artean Arkeologi Museoaren buru zen Amelia Baldeonek kamara bat jarri zuen induskaten ari ziren tokian. Orduz geroztik ez zen han idatzitako piezarik agertu; bai, ordea, kamarak kontrolatzen zuen eremutik kanpoko kata batzuetan.
    Halako “detaile” txikiz osatuta dago afera eta oso zaila da guzti-guztia kontrolatzea, ondo diozunez hainbat jakintzatan aditua izan beharko genuelako, eta gehienok ez gara”.
    Hau dena hala dela sinetsita ere, dakienarentzat galdera dator orain: ia mila ostraka “laborategian” hain bikainki faltsifikatzea, hain al da erraza? Eta beste bat, zer egin behar da idazkunetako inzisioak egosi baino lehenagoko buztinetan egin zirela dioten baieztapenekin?
    Eskerrik asko, aurrez.
    .

  • […] bera dela Ostraka euskalduna gunearen arduraduna eta badakiela geu ere gune horren  zaleak garela, behin baino gehiagotan aipatu dugula […]