Veleiako misterioa, ezjakin batek ahal bezala kontatua (3)

Jatorrizkotik moñadatua: alava.net
Jatorrizkotik moldatua: alava.net

Veleiako misterioa, ezjakin batek ahal bezala kontatua (1)

Veleiako misterioa, ezjakin batek ahal bezala kontatua (2)

Ezbeharrean zorion

Paradoxikoa dirudien arren, Eliseo Gilen mesedetarako dagoen jokaldi bakarretakoa bilakatu da azterketak behar bezala egin ez izan hura. Duela 15 egun, Urriaren 15ean, Cerdan fisikari nuklearrak egindako deklarazioetan, argi geratu bide zen grafitoen datazioa berresteko egindako txostena faltsua zela.

Orain Gil eta Filloyk, indusketa zuzendarikideek, ez dute deus jakin nahi Cerdanekin: “Epaileek erabakitzen badute analitikak ez zirela egin, lehen kaltetuak geu gara”.

Biek eta euren inguruan Gasteizen antolatutako plataformak eskatzen dute egin daitezela beharrezkoak diren azterketak. Eta honek zentzuzko eskaera ematen duen arren, ez da nahastu behar Eliseo Gilen errugabetasunarekin eta ostrakak egiazkoak direla pentsatzearekin.  Azterketak ez baziren behar bezala egin, Gilen erantzunkizuna zen hori, Zuzendaria zen unetik, eta analisi berriak egin edo ez egin, Diputazioko adituek diote ostrakak faltsuak direla. Zentzu honetan xehetasun bikaina da Iban Zalduak iruzkin hauen arteko zortzigarrenean dioena.

Azterketa berriaren kontuak, baina, ez dirudi uste bezain erraza denik. Alde batetik minduta bezala ageri da Lakarra, eta arrazoiz, gainera: zer da aztertu behar dena? Zer da benetan ardura diguna? Zer da auzitan dagoena? Ostraketako idazkunak,  zalantzarik gabe. Eta nor da gai idazkunak aztertzeko Lakarra, Gorrotxategi eta enparauak ez badira? Zergatik jo behar da zientzia materialen esparrura sinesgarritasuna ukan nahi denean, baita zientzi humanistari dagokion zerbait aztertzen denean ere? Umiliagrria ere izan behar du horrek.

Urriaren 15eko prentsaurrean, Van den Driessche geologoak azaldu zuen proba garbi eta merkeen bidez egin daitekeela patinaren azterketa, bertan pilatutako materiala aztertuz. Baina ez dirudi kontua hain erraza denik. Azterketa geologiko eta paleopatologikoei buruz,  Terrae Antiquae blogean, Alicia Canto, Madrilgo epigrafistak dio: ¿no se pregunta Ud. por qué no se hicieron de verdad? Pues porque la metodología para hacerlos no existe: “nunca se han hecho, nunca se hacen con la cerámica romana”, en palabras del propio Cerdán. ¿Algún laboratorio va a inventar de repente una prueba físico-química que garantice sin lugar a dudas que un grafito es de la misma época o poco posterior a la del cacharro donde se escribió, que se enterraron juntos hace 1.700 años? ¿Puede Ud., o Koenraad, decirnos qué análisis concretos, no difusos, son los que están pidiendo, esto es, el título exacto de cada prueba, y qué laboratorio exactamente se encargaría de hacerlas con las debidas garantías?

Elexpuru egoskorra da, ordea, eta Elgoibarko hitzaldian entzun genionaren arabera, erantzungo lioke, seguruenera, arrazoi duela, ezinezkoa dela harriari, buztin egosiari edo beirari Karbono 14aren azterketarik egitea, baina hezurren gainean eginiko idazkunak ere badirela Veleian, eta horiei behintzat egin dakiekeela egin beharreko guztia. Ez esateko ezetz.

Esate baterako, hain eztabaidatua den Nefertitiren alea, orein hezurrean egindakoa da bera. Elexpuruk esandakoa da ezin dela bertan hain garbi idatzi hezurra freskoa denean baino. Beraz, logikoa dirudi hezurraren adina ezagutzeko karbono 14aren frogak erakutsiko ligukeela inskripzioa noizkoa den ere.

Nefertiti idazkuna, orein hezur batean. Iturria: alava.net
Nefertiti idazkuna, orein hezur batean. Iturria: alava.net

Ez diot inori erantzunik ikusi Karbono 14aren froga egiteko eskaerari, baina ikaragarri polita da Gorrotxategik honi buruz dioena: Nefertiti hitza askoz beranduago agertu zela estreinekoz, behin XX mende hasieran Egiptoko aurkikuntzak egin eta gero edo. Egia esan, izen hori arkeologo britaniar eta frantziarrek adostua da, hainbat eta hainbat eztabaida eta ikerketaren ostean. Beraz nola liteke halakorik Iruña Veleiako ostraken artean?

Hizkuntzalariak, matematikara jotzen du nahi duena adierazteko: “El cálculo de probabilidades también apoya claramente la conclusión de que estamos ante una impostura. Aun considerando que cada una de las piezas aparecidas tiene una mínima posibilidad de aparición, son tantos los casos únicos (ostraken artean, esan nahi du, jakina) y además pertenecientes a ámbitos temáticos tan diversos (kristautasunaren historiakoak, grafiakoak, lexikografiakoak…) e inconexos entre sí, que la probabilidad de que aparezcan todas esas piezas juntas en un solo estrato arqueológico es el producto de las ínfimas probabilidades de cada una de ellas: es decir de 1/10 elevado a un número grande de potencia, pongamos 1/10 elevado a 100.

Nire buruaren alde kartesianoak asko maite du argumentazio mota hau eta matematika askorik ez dakien arren , ulertzen du Gorrotxategik esan nahi duena: hainbeste direla gauza harrigarriak Veleiako aurkikuntzetan, ezinezkoa dela denak batera eta leku berean agertzea. Horretarako aukera, zero dela, alegia.

Baina Elexpuruk ez du etsitzen eta esango dizu, “gauza bat ezohikoa izateak ez du esan nahi ezinezkoa denik”. Eta gero kontatuko dizu nola garai hartako maisuetako asko esklabuak izaten ziren, kanpotik ekarriak, Grezian eta Alejandria partian ibiliak agian, eta bazitekeela haietako bat Veleian jaustea, eta Nefertitiren izena jakitea etc.

Eta gaineratuko dizu baten batek idazkunak faltsuak eta berriak direla esaten badu, oraintsu norbaitek egindakoak edo halako zerbait,  “eraman ditzatela orduan poliziaren forentsika azterlekuetara, ADN froga egitera, lan merkea eta azkarra berau. Giza arrastoak agertu behar lukete gauzak hala baldin badira”.

Elexpururen etorrera da, hain zuzen, Eliseo Gilek atsekabean aurkitu duen beste zorionetako bat. Aranasa apur bat. Elexpuruk erantzun egiten die Lakarra eta Gorrotxategiren argudioei. Hementxe txosten osoa gaztelaniaz. Batek jakin nork duen arrazoi, baina, autoritas aldetik, konparatzeko modukoak al dira baten eta besteen iritziak?

Elexpuru ez da izango, agian, katedratikoen mailako filologoa, baina adore eta ausardia kontuetan, ez dio edozeinek irabaziko. Lakarraren eta Gorrotxategiren argudioei aurre egin eta dio: “Pentsatzen dut ostraketako euskal testuak posible direla erromatarren garairako, eta Lakarra eta Gorrochategui irakasleek faltsutasuna frogatzeko erabili dituzten argudioek ez dutela oinarririk”.

Balorea behar da, ez esan niri ezetz. Gainera, zer du Elexpuruk irabaztekorik baldin eta benetan uste duena egitea ez bada? Zentzu ironiko batean, zeregin zerutar batean sartuta dabilela esango lukete Blues Brothersek.

Elexpururen bide beretsutik dator Hector Iglesias Bordeleko Unibertsitateko irakasle eta hizkuntzalariaren txostena ere. Lagun batek irakurri eta laburbildu du guretzat: Iglesiasen aburuz ere,  azkarregi hartutakoak dira Gorrotxategi eta Lakarraren zenbait erabaki, tartean A artikuluaren ingurukoak. Gainera, Iruña Veleiako aurkikuntzekin bezala, eztabaidak oso maiz izaten dira honelako aurkikuntzen inguruan. Eta Turkia aldeko batzuetan, 45 urte behar izan dituztela azkenean benetako ostrakak zirela erabakitzeko.

Eta gauzak horrela, zer egin edo sinetsi behar dugu arkeologia mundu honetakoak ez garenok? Ezin ditugu dokumentu guztiak irakurri, eta irakurrita ere, ezin denetarik jakin. Zer egin, orduan?

Hori beste baterako kontua da, izango bada.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

2 pentsamendu “Veleiako misterioa, ezjakin batek ahal bezala kontatua (3)”-ri buruz

  • Karbono 14ari dagokionez, proba horrek hezurraren adina datatuko luke. Bale, ongi. Baina gero inolako euskarririk ez duen hipotesi bat plazaratzen da: “… ezin dela bertan hain garbi idatzi hezurra freskoa denean baino.”

    Lehenengo eta behin, “ezin dela hain garbi idatzi” esaten denean zer esan nahi da, izatez bai, idatzi al daitekeela?

    “Beraz, logikoa dirudi hezurraren adina ezagutzeko karbono 14aren frogak erakutsiko ligukeela inskripzioa noizkoa den ere.”
    Ez, ez da logikoa. Ez bada segurtatzen “ezin dela idatzi”, bigarren hau ere ez.

    “Badirudi”-etan, “zergatik ez”-etan eta “bazitekeen”-etan oinarritutako argudioek, zientziaren ikuspuntutik, balio gutxi daukate.

    Aurkikuntzen egiazkotasunen aldekoek karbono 14aren probak zerbaitetarako balio dezakeela uste badute, lehenengo beste hau probatu behar dute:

    – III. mendeko hezur batean ezin dira gaur egun letrak markatu.

    Ez dut inoiz III. mendeko hezurrik esku artean eduki (aurkikuntzen aldekoak edukiko zituzten hipotesi hori plazaratzeko), baina material gutxi ezagutzen dut markak onartzen ez dituena. Diamanteak agian?

  • Kaixo berriro,

    Hasierri esan nahi diot argudioak aztertzean berdin berdin duela idazlearen identitateak. Argudioak aztertu eta eztabaidatu behar dira eta ez autoritate akademikoen maila. Galileok Vaticano handiaren autoritatea lurrera bota zuen, honetan bizitza ia ia galdu zuen. Jakinduriaren historian autoritate akademiko asko erori dira eta ez dira azkenak izango, oraindik beste asko eroriko dira. Hau da nire ustea: akatsak onartzea jakintsua izatea da.

    Gorrotxategiren probabilitate kalkuluei buruz
    honoko helbidean idatzi dut

    F3 sakatu eta bestebat idatzi. Bigarrenean eta hirugarren ekarpenean azaltzen ditut Gorrotxategiren akatsak.

    Agur