‘Vaya semanita’, txiklea apurtzen denean…

euskolegas
Euskolegas; hiru, arabarra, gipuzkoarra eta bizkaitarra. Non dira gainontzekoak?

Duela urte dezente, EAJ oraindik boterean zenean, ETB2an programa batek argia ikusi zuen. Oscar Terolen gidaritzapean hasi zen Vaya Semanita saioa eta debora gutxian ikuslego handi bat lotu zuen gauero telebistara. Umore berritzailea zen, ikutu politarekin, eta irria eragiten zigun euskaldunoi. Zergatik? Bada geu parodiatzen gintuelako eta parodiak beti eragiten dute irria parodiatua (kasu honetan geu) ezagutzen denean. Txikiteroen istorioak, euskal alderdi guztien parodiak eta karikaturizazioak… gustu onekoak egiten zitzaizkigun, bai horixe.

Esan daiteke, garai hartan, moldeak apurtu zituztela eta gutxitan ikusitako umore klase bati heldu ziotela. Asmatu zuten.

Txiklea luzatzen

Euskal Telebista oso iaioa da txiklea luzatzen. Terol eta konpainiak oso ondo egin bazuten ere, denbora igaro ahala, errepikapenaren errepikapenaz, txiklea zaporea galtzen joan zen. Umorea ezaguna zitzaigun eta txisteak errepikatu egiten ziren, esan daiteke, ziklo bat amaitua zegoela.
Hala ere, ETBk aurrera segi zuen programarekin eta audientzia beheruntz joan zen apurka. Amaitu zen gauero familia osoa sofan jesartzea txikiteroen tontakeriez parre egiteko… “Los vascos no follan” esaldiak eta kontsignak ere grazia galdu zuen.

Edonork pentsatuko luke, horrelako egoeraren aurrean, edozein telebista katek pertsiana itxi eta amore emango zuela. Amore emango zuela, beste umore saio bat bilatu asmoz, graziak eta txisteak frexkatzeko. Bada ez. ETBk aktorez aldatu eta berriz ere programa berarekin jarraitu zuen, Vaya Semanita tira eta tira txikleari.
Oroitzen naiz nola umetan boomer txikleak erosten genituen zinera joateko. Cocacola zaporekoak nituen gogoko. Ahoan sartu eta sekulako zaporea izateaz gain, asko irauten zuten. Ordu erdi inguru. Eta amaitzean (nahiz eta amak abixatu) beste txikle berri bat sartzen nuen aurrekoarekin batera, zaporea berreskuratzeko. “Oier, ez sartu beste txikle bat, horrela zaporea joan egiten zaio bizkor-bizkor-eta!”, kasurik ez nik. Hiru minututan ahoa listuz mukuru nuen eta txikle bolak ez zuen zaporerik… goma gustu zozoa bakarrik.

http://www.youtube.com/watch?v=C5ydFxNEqcU

Andoni Agirregomezkorta-ren saioak beste ildo bati jarraitu zion eta oraindik jarraitzen dio, umore politikoagoa eginaz. Umore honek zapore txarra zuen, zalantza handiko grazia. Batasuniak sortu zituzten, EAJ erridikulizatu zuten gehienbat, eta oso delikatuak diren kontuez hasi ziren algaraka. Talde politikoen ilegalizazioaz algara, kale borrokaz algara, bideo klip nahiko “esanguratsuak”… Beren burua errebeldetzat dute eta badirudi boterearen aurka doazela. Noski.

Gustu txarreko txikle hau luzatzen eta luzatzen ari da EITB. Eta jada apurtzear da, ez baitu graziarik egiten; eta ez soilik txisteak txarrak direlako, ildo politiko jakin baten tesiak indartzen dituztelako. Abuztuaren 7an El País egunkari sozialistaren azken orrialdean zeharkako elkarrizketa bat egiten zieten. Eta zintan “El Cambio político en Euskadi” ipintzen zuen. Eta ondoan, “La irreverencia del programa Vaya Semanita desacralizó la política en Euskadi. Si tuvieron algo que ver con la salida del PNV y la llegada del PSE, no quieren el crédito”. Andoni Agirregomezkorta, Javier Anton eta Iker Galarza aktoreek artikuluan diotenez politikoak gustura ez egotea seinale ona da, eta ez dute inolako arazorik Otegi edo eta Savater inbitatzeko programara. Zein erreoboluzionarioa den haien umorea… badirudi boterean nor egon berdin zaiela.

http://www.youtube.com/watch?v=PRFJA9otpS0

Orain Euskolegas delako telesailarekin ari dira hirurak. Hirurak? Bai hirurak; arabarra, bizkaitarra eta gipuzkoarra. Eta nafarra, eta iparraldekoa? EUSKOlegas? Beste detaile hutsal bat besterik ez da hori, Vaya Semanitaren umore partzialaren adibidea. ETBk txiklea asko luzatu zuen, ondoren beste txikle bat sartu du ahora aurrekoaren zaporea berreskuratu nahian, eta orain zapore txarreko txikle bat dauka jada oso oso estiratua. Eta apurtzen denean…

Balantza orekatzeko proposamenak

-Batasunakoekin hainbeste txiste eginda, zergatik ez egin eskoltak dituztenekin ere algarak?

-Kondenak eskatzen gora eta behera, Pirritx eta Porrotxi, euskal eragileei… Zergatik ez parodiatu hori ere? Eta Hedabideen itxiera? Eta errepresio poliziala?

Batasunnis, euskolegas, PNV, politika, Pont d'Espagne, PSE, sozialista, txarra, umorea, Vaya Semanita
Oier Aranzabal

ZuZeulari 2009. urtetik. Garoa liburu-dendan lanean. Ekaitza bainuontzi batean.

5 pentsamendu “‘Vaya semanita’, txiklea apurtzen denean…”-ri buruz

  • Oier Aranzabal

    […] ‘Vaya Semanita’ saioak urte ugari daramazki jada eta Andoni Agirregomezkortak zuzentzen duenetik umoreak zapore txarra hartu du. Txisteak txarrak izateaz gain, gustu txarrekoak ere badira. Oso partzialak, eta hainbati mina eragiten diotenak. El País-en elkarrizketa egin zieten abuztuaren 7an “EL CAMBIO POLÍTICO EN EUSKADI” zintapean. (…)  GEHIAGO IRAKURTZEKO+ […]

  • Amonamantangorri 2009-08-11 15:13

    Uste dut Euskolegasen Erriberako neska bat eta Iparraldeko beste bat ere badirela. Euskaraz hitz bakar bat ere ez, noski.

  • Oier Aranzabal

    Publikoki orain ez.
    Begiratu bestela El Pais egunkarian ateratakoa 7an

  • bittoriomaortua 2009-08-15 21:13

    Hoi dek arrazoia Oier, nazka-nazka inda “Txomin del Regato” berriekin.

    Niri grazia… Wazemank.eko esketxak ematezian, funzionario euskaldunaren aurrean “en mi idioma” komunikatzerik etzian herritar elebakar harenak.

    VSren topikoak Mister Bean baino gehiago errepikatu dizkiate bana behin entzunda ere malaostian jartzeko modukoak dira. Bai, umorea da, baina “los vascos no follan, los txikiteros, el PNV esto, Batasuna lo otro…. okaztagarri bilakatu dituk jada, ez graziarik, ez errespeturik, hitsak. Esketx irudimengabe hoiekin EHn bizi diren espainolei (ta zapping saioen bidez espainol guztiei) euskaldunon kontura barre eragitea, morrontza lan galanta, ETB. (Ta hori ez duk Patxiren obra izan).

  • Azken bost urteotan “Vaya Semanita” ez badezu ikusi, ez zenuke holakorik idatzi behar.
    Andoni Agirregomezekorta ez da “Vaya Semanita”ko zuzendaria, Oscar Terol aurreko garai hartan zuzendaria izan etzen bezela. Terol, produktora sozialista batekin joan zuen Espainiako Telebista Publikora, eta hura joan eta gero Vaya Semanitak sari inportanteak lortu ditu. Eta topikoen inguruan, vaya semanitak topiko horiekin jokatzen du, topiko horiek ridikulizatuz. Azken urteotan saioa ikusi ez badezu, hobe iritzirik eman, eta ematen badezu, saiatu informazio fidagarriagoa ematen. kazetaria izan nahi badezu, ongi etorriko zaizu eta

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude