Vade retro, Satanas!

Vade retro, Satanas!

Fededuna baldin bazara, barkatu egin beharko didazu gaurko zutabea, ez nizuke minik egin nahi, baina Aita Santua eta Eliza Katolikoaren kontra idazteko asmoz nator, eta gainera, jardun nahi dut natural, argi eta garbi, gauzak lasai esanez, pentsatuz Ratzinger jaunaren usteak ez duela zertan nirea edo zeurea baino egiago izan beharrik. Ez, behintzat, derrigorrez. Alegia, denok berdin jaiotakoak bagara, bereak eta beste edonorenak pisu berbera dutela, izan ere, bera ez baita Jainkoaren auziaz Lurrean pentsatu duen bakarra, ez lehenengoa eta ez eta azkena ere. Ikusitakoak ikusita eta Kardenaletan gehienak nolakoak diren jakinda, Aita Santu izatera iritsi izanak ez daroa inplizituki jakintsuena eta bihotz handidunena izatea, akaso adierazten duen gauzarik nabariena, abade karreran maltzurkerian eta jukutrian abilena nor izan den da. Ratzingerren ibilerak ez zaizkigu bat-batean ahaztuko Benedikto XVI izendatu dutela eta.

Gainera ez pentsatu beroaldi haserretu batengatik natorrenik hona, bai zera, ia berrogeita hamar urteko bizitza guztian pilatutako kaka zahar honetatik guztitik libratu nahian nator, izan ere, apostata izateko gogoa bai, baina horregatik inoren aurrera mugitzeko asmorik batere ez daukat oraingoz.

Duela egun batzuk ezetz esan diet Arantzazuko frantziskotar batek egin dizkidan galdera teologikoei, barkatzeko baina ez nagoela prest une honetan Jainkoa eta fedearen inguruko gaiei buruz inori erantzuteko, gauza horiek oso barrukoak direla eta oraindik ez gaituela inork aurkeztu eta, beraz, ez dugula elkar ezagutzen.

Ezin baina egon isilik. Entzundakoak entzunda eta denbora eta urteak pasatu arren, dena alferrik dela ikusteak, tristuratik saminerako bidean jartzen du nornahi. Benedikto XVI garrenak Alemania aldeko Ratisbonan esan dituenak, eskandalagarriak ez ezik, gaitzesgarriak dira, batere ezbairik gabe. Niri neuri iraingarriak egiten zaizkit, adimenaren aurkakoak eta hitza onartzen bazait, teofaxistak ere iruditzen zaizkit han esan direnak. Eliza Katolikoak Ratzingerrek aipatutakoen bidetik egin behar badu, konponduta gaude, ez dugu atarramenturik izango. Nik ez, behintzat.

Eboluzioaren teoria irrazionala dela, ateismoa Jaikoarenganako beldurrak sortu duela, gorrotoak eta fanatismoak bakarrik ukatzen dutela Jaungoikoa, soilik fedearekin duela bizitza honek zentzua, fede kristaurik gabe ez dagoela justiziarik…

Jesus, Maria eta Jose! Adan eta Evaren bat-bateko sortzearen kontuetara itzuliko gara aurki, zerua pastelez eta infernua su ikaragarriz beteta daudela berriro sinestera, Ama Birjinak gizonik ukitu gabe egin zuela haurra pentsatzera, Hirutasun Sainduaren Misterioarekin loa galtzera… Gauza segururik ez dakit batere, agian egia izango da ni ez natorrela tximutik, hori ez dakit, baina Ratzinger bai, badakit tximutik datorrela. Seguru-seguru. Begi bistakoa da.

Hasier Etxeberria. El Mundo. 060916

Vade retro, Satanas!

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)