Uxoa Anduaga: “Hego EHn eta Espainian euskaldunak hautemateko moduak berdintsuak dira jada”

Uxoa Anduaga

Uxoa Anduaga hondarribitarra soziologoa da, eta lau urte daramatza “Euskal umore etniko autoerreferentzialaren bidezko euskal nazioaren birsortze sinbolikoaren analisia” izena daraman tesia osatzen. Ez du umorearen behin-betiko definiziorik ematerik izan, baina umore esaten diogun horrek euskal nazioaren iruditegian eta eraketan duen eraginaz gogoeta egiteko lehengai ezin-hobea dira bere hausnarketa eta hitzak.

Euskal umorea ikertu duzu, baina zer da euskal umorea zer den eta zer ez erabakitzeko erabili duzun irizpidea?

Modu ausartean hasi nintzen gaia abordatzen, eta berehala konturatu nintzen “euskal” hori arazo handi bat zela lanean aurrera jarraitzeko. “Euskal” hori bizi edo ulertzeko modu asko daude eta akademiak ezin du bat hautatu. Nik ez nuen nire kriterio propioa inposatu nahi, eta erabaki nuen lurraldetasuna, ezaugarri linguistikoak edo ideologia kontuan izan gabe, bere burua euskaldun sentitzen duen orok erabiltzen duen umorea aztertzea. Euskal umorea definitu dut euskaldunek erabiltzen duten umore bezala, eta hortaz komunitate nazional horren parte sentitzen den edonork egiten duen umorea da nik aztertu dudana.

Umorea gustagarritzat dugu, baina diskurtsoak txertatzeko tresna ere bada?

Bi aldetako txanpona da. Alde batetik umoreari buruz egiten den irakurketa positiboa da gizartean: beldurrak gaindiarazteko gaitasuna duela, plazera ematen duela… Baina horrek ez du esan nahi zerbait friboloa edo azalekoa denik. Badu eragina eta baditu bere ondorioak. Ondorio horien artean, errealitate sozialen eraketan nolako eragina zuen baloratu dut nik. Euskal kasura ekarrita, egiaztatu nahi nuen nazio euskaldunaren inguruan zein diskurtso diren umorearen bitartez barneratzen ditugunak horretaz jabetu gabe.

Gure defentsa-neurriak ere murritzagoak dira diskurtso bat umorearen bitartez iristen zaigunean? Troyako zaldia izan daiteke?

Ez dakit Troyako zaldia den. Umorearen ezaugarria da bat-batekotasuna: edo grazia egiten dizu, edo ez, baina ezin duzu hori erabaki. Horrek esan nahi du, pentsatu ezin baduzu, benetan barnean daramazun hori aterako dizula. Barneratu dituzun normak eta normaltzat jotzen duzunak eragingo du zerbait umoretzat jotzea edo ez. Nik neuk esaterako diskurtso eta jarrera feminista dudala pentsa dezaket, baina bat-batean txiste matxistek grazia egin diezadakete. Horrek ez du zertan esan nahi matxista naizenik, baina bai uste baino barneratuago ditudala sistema androzentristarekin lotutako diskurtso batzuk.

“Umorearen ezaugarri da bat-batekotasuna. Edo grazia egiten dizu, edo ez, baina ezin duzu hori erabaki. Horrek esan nahi du, pentsatu ezin baduzu, benetan barnean daramazun hori aterako dizula”

Euskal umorea aztertzean, nazio eraikuntzari dagokionean, hiru jarrera identifikatu dituzu.

Badago bat nagusia, boterearekin lotzen dudana, dela euskal nazioarekiko irudi hegemonikoa babesten duena, Espainiatik datorren diskurtsoaren ildo bera jarraitzen duena: EAE bultzatu, gaztelania hartu hizkuntza neutral edo estandar bezala…

Eta horren aurrean badaude beste bi, gizarte mailatik etorriko litezkeenak. Batak diskurtso hegemonikoaren kontra egiten du modu aktibo batean, zazpi lurraldeak bultzatzen adibidez.

Gero bada hirugarren bat esparru publikoan hain agerian ez dagoena, gune intimoetan mugitzen dena bereziki: subjektu politiko aktibo euskaldun bat agertzen da hor, nazioarekiko irudi eta diskurtso propio bat eraikitzen duena, autokritikoa dena bere buruarekiko. Azken hau, esparru publikora ez da gehiegi helarazten.

Jakingo zenuke abidideak ematen?

Modu intimoagoan autokritika eta nazio ikuspegi propio bat dutenak esaterako Bi Bala bertso musikatuak izan daitezke, eta diskurtso hegemonikoa erreproduzitzen dutenak Ocho Apellidos Vascos edo Vaya Semanita.

(Bi Bala bertso musikatuak aipatzen ditu Uxoa Anduagak nazioarekiko diskurtso propio bat eraikitzen duen umore autokritikoaren adibide gisa)

Boterea diozunean, zertaz ari zara zehazki?

Boterea askotan identifikatzen da instituzioek maneiatzen duten zerbait bezala, baina ikerketan konturatu naiz boterea azkenean dela gure baitan errealitatea hautemateko eta normalizatua dagoena hautemateko modua, eta modu horiek erreproduzitu ahala, botere hori erreproduzitzen dugu. Jarrera erreflexibo bat izatea da gakoa. Ez bakarrik diskurtso horiek baztertzen dituzulako, zure propioak sortzeko esparru bat irekitzen duzulako baizik.

Jarrera erreflexibo hori izan gabe, edonor bihur daiteke diskurtso hegemonikoaren eroale edo bozgorailu?

Bai, noski. Azken finean zuk pentsatu ez dituzun gauzak beste batek pentsatu ditu zugatik. Dena dela ni ez nago umorea zentsuratzearen alde, baina edozein umore mota erabilita ere, jarrera politiko bat izatea da proposatzen dudana, kontuan izatea horrek baduela bere ondorioa.

Lehenago aipatu duzun moduan, Bizkaitarrak vs Gipuzkoarrak maiz errepikatzen den dikotomia da euskal umorean. Zein ondorio du joera horrek?

Eragin nabarmenena lurraldetasunari dagokiona da. Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko umorea erabiltzen dugunean, gure euskal nazioaren irudikarioa erabat mugatzen dugu bi lurraldetara. Bitxia dena da Espainiako mapa politikoak euskaldunoi egozten digun EAE hori baino are txikiagoa den esparrua egozten diogula gure buruari umore hori erabiltzen dugunean. Araba normalean bigarren plano batean gelditzen da, eta zer esanik ez Iparraldea edo Nafarroa. Horrek azkenean badu ondorio bat: zure identifikazioa nazioari dagokionez ez duzula lotzen euskaldun izatearekin, gipuzkoar edo bizkaitar izatearekin baizik. Bi lurralde kontra jartzeak nolabaiteko segmentazioa badakar: “ez gara denak euskaldunak, ni gipuzkoarra naiz”.

Vaya Semanita edo Ocho Apellidos Vascos aipatu ditugu. Arrakasta itzela izan dute biek hala Euskal Herrian nola Espainian. Zergatik gertatu da fenomeno hori?

Nik uste dut hezi gaituztela tranpa batean: euskal nazioa identifikatzen dugu estaturik gabeko nazio bezala, eta egokiagoa litzake esatea estatu propiorik ez baina bi estatu dituen nazioa dela. Vaya Semanita jarriko bazenu Lapurdiko zine areto batean, ez luke arrakastarik izango ziur asko. Zergatik? Baduelako lotura zuzen bat espainiar estatuko kulturak euskaldunen inguruan zabaldu duen ikuspegiarekin. Klitxe eta estereotipo horiek barneratu ditugu mendeetan zehar, gure egin ditugun arte. Horregatik ematen da arrakasta nik uste. Bai Hego Euskal Herrian eta espainiar estatuan euskaldunak ikusteko eta hautemateko moduak berdintsuak dira jada.

Dena dela, ez dugu zertan hori erreproduzitzen jarraitu. Beste irudikario bat bultzatzeko aukera badago oraindik ere. Herritik sortua dena, botereak erreproduzitu arazten digunaren bestelako euskal nazio baten iruditegia sustatuko duen umorea erabili behar da horretarako.

“Hego Euskal Herrian eta espainiar estatuan euskaldunak ikusteko eta hautemateko moduak berdintsuak dira jada”

Egiten da halakorik gaur egun? Edo gabezia badagoela uste duzu?

Badaude kasu batzuk, baina oro har ez. Niretzat hori erronka handi bat da nazio eraikuntzari eta memoria historikoari dagokionez. Umorean tabu handienetako bat da gatazka politikoa. Hor badaude argi eta garbi esan daitezkeen eta esan ezin daitezkeen gauzak. Harritu nau gainera, ikusi dudalako ideologia politiko oso ezberdineko jendea ere harri berberaren kontra kolpatzen dela. Nire inpresioa da hor badagoela jorratu beharreko esparru bat. Umoreak diskurtso batzuk helarazten ditu kasu horretan ere. Iruditzen zait markatuta daudela umore horretan jada onak eta txarrak, borreroak eta biktimak. Ariketa hori egin beharko litzateke, euskaldunon memoria historikoaren eraketan eragina duelako.

Euskal Herriko herri mugimenduek umorea kontzienteki erabiltzen dutela esango zenuke?

Euskal Herrian oro har, badakigun bezala, ez  da egon militantzian umorea erabiltzeko ohiturarik, ez bada mugimendu feministak edo intsumisoek bere garaian. Duela bost urtetik ona sekulako gorakada egon da horretan. Nik elkarrizketatu izan ditudanetan bazegoen kontzientzia bat umorearen eraginen inguruan. Esaterako kritika egiteko, umore tonutik egiten bada gehiago baimentzen da. Umorez esan daitezke bestela esan ezin daitezkeen gauzak. Baina alde txarretaz ere kontziente ziren: zenbait kasutan badirudi umorez egiten bada aldarrikapena ez dela serioa.

Nork finkatzen du umorerako baliagarria dena eta ez dena? Zeintzuk dia Euskal Herrian identifikatu dituzun mugak?

Mugak botereak jartzen ditu, eta norberaren baitan dugun botere horrek ere bai. Azkenean gure egiten baitugu, eta zentsuratu egiten dugu gure burua. Beti dago aukeraketa bat, kontzientea edo ez.

Bestetik, politikoki zuzena denaren eta ez denaren artean topatu ditudan mugetan nabarmenena borroka armatuarena da. Ari da marra gorria eraikitzen, ez gaia tabua delako, baizik eta, gaiaren barruan badaudelako jorratu daitezkeen espazioak eta ezin daitezkeenak. Elkarrizketatu ditudanek oso presente zuten hori.

“Politikoki zuzena denaren eta ez denaren artean topatu ditudan mugetan nabarmenena borroka armatuarena da”

Euskal umorea oso gutxi ikertu omen da. Baduzu buruan jorratu nahi zenukeen beste iker-lerrorik?

Batez ere memoria historikoari begira oso momentu interesgarrian gaude, eta horregatik asko gustatuko litzaidake umorean gatazka politikoari dagokionez zein diskurtso jorratzen diren aztertzea, eta baita horrek duen eragina ere. Formatu aldetik aldiz, interneteko umorea ikertzea gustatuko litzaidake, badagoelako askatasunaren eta errepresioaren arteko jolas bat, kalean ere ematen dena baina interneten bestelako ezaugarriak dituena.

Izan da burukomin handia eman dizun zerbait?

Umorea bera, adibidez. Jo dut azkenean umorea ez definitzera, ihes egiten zidan etengabe. Umoreari buruzko tesi batek ezin izan du umorea bere osotasunean definitu, eta hori bera ere bada ondorio bat bere horretan.

Txio-tesia ekimenean hartu berri duzu parte? Zein da euskarazko ikerkuntzaren egoera? Sozializatzea falta da?

Txio-tesia ekimen oso positiboa iruditzen zait, azaleratzen duzulako lanean euskaraz dagoen komunitate handi bat. Oso ondo funtzionatu du gainera.

Ikertzaile euskaldunen inguruan, badira sortzen ari diren ekimenak, UEUk martxan jarritako IkerGazte adibidez, komunitate hori indartzen laguntzen duena. Baina iruditzen zait oraingoz oso atomizatuta gabiltzala, bakoitza bere bulegoan sartuta. Beharrezkoa litzakeen sare bat falta da.Eta, egia esan, ez dut uste euskarazko ikerketa behar beste sustatzen denik. Oso murritzak dira euskaraz eskaintzen diren masterrak eta horrek ikerketari ere ateak ixten dizkio.

NIRE KONTRA ESANAK