“Inork nahi ez duena” uste duzun horri

“Inork nahi ez duena” uste duzun horri

Nire lana “inork nahi ez duena” uste duzun hori:

Aspaldian nuen gogoa zuri idazteko, oso aspaldian; halere, asteak pasatu zaizkit, konturatu gabe. Baina gaurtik ezin pasa, lagun bat dut gogoan eta. Esaldiak buruan ditut, hitzez hitz, josita –tarteka sorgortu ere egin naute–. Artegian, mendian, gaztandegian, eta gaztei buelta ematen ari natzaiela ere bai, izan ditut presente hitzok, esaldiok. Eta gaur ez dut besterik buruan, eseri eta idatzi –oihukatu– buruan dudana.

Mila aurpegi hartzen dituzu, mila lanbide, eta mila bizipen izango dituzu motxilan. Zenbaitetan baserriko bizimodua oso arrotza egingo zaizu; bestetan, ordea, txikitatik bizi izan duzu eta gorrotatzera heldu zara zenbait unetan. Hainbat egoeratan esan didazu nire bizimoduak ez dizula inongo inbidiarik ematen, inondik ere ez zenukeela lan hau egingo. Idatziz, aurrez-aurre, telefonoz… Eta nik erantzun izan dizut, behin baino gehiagotan, zuk ere ez didazula inbidiarik pizten, baina honezkero gogaitu egin nauzu –nazkatu ez esatearren–, eta halakorik inoiz entzungo –edo irakurriko– ez dizudan esperantzan gutun hau idaztea erabaki dut.

Izan ere, ez dakit zure hitzen atzean martiri heroikoaren ametsa dagoen ala guztiz errukarria den baserritar gajoaren tristura bilduma –mespretxuaren itzala baztertu egin dut–. Bada, ez bata eta ez bestea, eta jarraian azalduko dizut.

.

“Inork nahi ez duena” uste duzun horriZergatik ez martiri heroikoaren ametsa?

Martiriek sufritzen dute balizko zeru guztiz sainduaren promesaren esperoan. Nik ez, lagun, nik ez dut sufritzen ezeren esperoan; sufritzen dut tokatzen denean, bai, baina ez da ezer bilatua –are gutxiago inongo zeru guztiz saindua bada oparia–; kasik esango nizuke balizko zeru zoragarri hori nik egunero-egunero dudala. Benetan, gozatzen dut nire lanarekin, gustatu egiten zait. Bai, jakina, bere alde ez hain gozoak ere baditu, baina onekin balantzak nire alde egiten du:

  • Neuk aukeratu dut lanbide hau

  • Naturan eta naturarekin egiten dut lan, eta ez lau hormen artean fluoreszente baten pean

  • Ardien sasoiaren arabera antolatzen dut nire lana, inork ez dit agintzen hau edo bestea egiteko

  • Nire esfortzuaren emaitza neuk antzematen dut, onerako eta txarrerako

  • Batek gure gazta bat gozatzen duenean sentitzen den pozak ez du preziorik

  • Ardiak pozik daudela ikustea

  • Etxeko belar onduaren usaina

  • Kamaran gaztak urdin-urdin daudela ikustea, gaztak usaintzea…

  • Azpigarriak egin berritan ardiak etzanda hausnarrean ikustea

  • Artegian sartu eta arkumeak nigana etortzea

  • Uztailetik urtarrilaren bitartean, astean zehar edota asteburuan, jai hartu dezaket

  • Ahal den guztietan –posible bada, egunero– siesta egiten dut

  • Umeak gaixo badaude, etxean geratzen dira, lasai, ez diogu inori deitu behar

  • Etengabe ari naiz ikasten

Hor utziko dut… Ikusten duzunez, sari lurtar gehiegi geroko zerua amesten duen inorentzat.

Heroi kontuetan ezer gutxi dut esateko; dena ez indarra eta poza, beti ez da irabazten:

  • Ardiak baskillak jota hiltzen dira

  • Arkumeak hiltzen dira –hiltzen ditugu–

  • Errapeko minak izaten dira

  • Gazta zuk nahi duzun bezala ez ateratzea

  • Urtarriletik uztailera bitartean egunero 5.30ean altxatu behar izatea –umeek eskola ez badute, 7.00etan–, maiz lo gutxi eginda

  • Ezin nahi beste kilo belar ondu jaso

  • Hotz-tangaren iturria irekita ahaztea eta halakoak

  • Herritik urrun bizitzeak dakartzan mugak

  • Aisialdia ardien martxak baldintzatzen du

  • Gure mozkinak eta lana ez dira beti baloratuak

  • ….

.

Eta zergatik ez guztiz errukarria den baserritar gajoaren tristura bilduma?

Ez dakit bilduma kontzeptuak zenbat ale behar dituen izen hori hartzeko. Baina zin egiten dizut arestian idatzitako nire lanaren alde makurrek ez dutela neure burua definitzen, ez dutela nigan bilduma osatzen; nahiz eta ulertu askotan baserritarrok pena ematen adituak –eta arituak– garela, eta hori, nolabait, jendarteak barneratu egin duela, eta azkenean irudi okerra eratu dela, erruki sentimenduak sortu arte.

Nik neuk kalean egin dut lan orain dela bizpahiru urte arte, badakit zer dagoen –zegoen?–: batzuetan prekarietatea; bestetan, lankide edota nagusi jasanezinak, ordutegi txarrak, txandaka lan egitea, zure lana baloratua ez izatea, motibazio eta ilusio falta… Edo denak batera! Nire inguruan bizi diren kaletarrak ez dira ni baino askoz hobeto bizi, edo hori iruditzen zait, behinik behin. Bai, ni 5.45erako jaisten naiz artegira, baina irratia piztu eta hantxe dago esataria, ni bezala, lanean –eta gauean, berandutzen zaidanean, ere han dago beste bat, edo batzuk, jardunean–, egun buruzuria ala gorria izan. Ziur aski, kalean lan egiten duten batzuek, nik baino diru gehiago irabaziko dute, lan ordu kopuru txikiagoaren truke, ados. Baina dena da dirua, ala? Eta dirua albo batera utziko bagenu?

Dirua alboratuta; esadazu, gustuko duzu zure lana? Zuk aukeratu zenuen? Asebetetzen zaitu? Pozik joaten zara? Baloratua sentitzen duzu zure lana? Zer ematen dizu? Nire moduko zerrenda egingo bazenu, zein zerrendak izango luke pisu gehien? Bizitza partzelatuetan bizi zara –hau da, lana dirua ateratzeko, eta bizitza lantokitik ateratzen zarenean hasten da?–.

Gure etxera jende asko etorri da euren ikasketen praktikak egitera edo wwoffer programan, lehen bestelako lanak izan dituztenak, jendartean askoz baloratuagoak: multinazional bateko goi kargua, hegazkin pilotua, ingeniaria, petrolio plataforma bateko ingeniaria, fisikaria, filologoa… Denek bilatzen zuten beste zer edozer, euren antzinako lanbideak ematen ez ziena: satisfazioa. Batzuek euren ametsa bete egin dute eta euren ardiak, ahuntzak edo baratza dituzte, beste batzuek jarraitzen dute baserritarra izateko ametsaren bila… Baina DENEK erabaki dute NAHI DUTENA EGITEA.

Bejondeiela!

Zuk niri ez didazu inbidiarik ematen, ez; baina ez da zure lana txarra iruditzen zaidalako, baizik eta neurea gustatzen zaidalako, maite dudalako, besterik nahi ez dudalako. Ulertzen? Ez nuke zure lana egingo barrenean sentitzen ez dudalako; halere, ulertzen dut zu pozik bizitzea horrela. Bejondeizula!

Bueno, ea beste aldarte batekin gerturatzen zaren hurrengoan…

Bitartean, bizitzaz gozatzen jarraituko dut, NAHI DUDANA EGITEN. Bejondeidala!

.

PD. Gaur ezinbestean idatzi behar nuen, Hasier; oin puntetan pasatu zara nire bizitzatik, baina arrastoa utzi duzu. Eman ez nizun besarkada, hemen, etxean, ZUZEUn.

“Inork nahi ez duena” uste duzun horri “Inork nahi ez duena” uste duzun horri “Inork nahi ez duena” uste duzun horri
“Inork nahi ez duena” uste duzun horri “Inork nahi ez duena” uste duzun horri “Inork nahi ez duena” uste duzun horri

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN