UPN-ren aurka hobeto bizi ginen

UPN-ren aurka hobeto bizi ginen

UPN-ren aurkaZenbaitetan entzun ote diedan nagusiei: “Frankoren aurka hobeto bizi ginen”. Ezberdinok etsai bakarra izatea beti da lagungarri, normalean “anti” metaketa baita, eta “-ista” zatitzaile. Gorriak, beltzak, gorribeltzak, granateak, txinoak, errusiarrak, jeltzaleak, ezker abertzalea… Baskongadetan ez bezala, Nafarroan gorde da sentipen hori oraino, eta horren meritua UPN-rena da, noski. Kristorenak eta bi egin dituzte urteetan zehar, eskutatik joan zitzaien azkenerako, eta iritsi zen aspaldidanik itxaropentsu itxaron genuen eguna iazko maiatzean.

Bi bloke handi ezberdindu ditzakegu egun Nafarroa Garaian: aldaketa eta erregimena. Baina erratera ausartuko naiz metaketa bat bestea baino arras osasuntsuago dagoela. Tronpatzen ez banaiz, homogeneotasunak eta oposizioan egoteak laguntzen dute horretan. Ez dago politika kontuetan aditua izan beharrik jakiteko erregimena alde guztietatik saiatuko dela aldaketa pitzatzen. Ezker espainiarzalea, ezker independentista eta euskal eskuina; hau orain arte posible egiten duen miraria, oinarrian, aldaketa nahi duten herritarrak dira, eta herriak UPN-ri dion ezinikusia; UPN bera da mirariaren egile, beraz. Marotok Gasteizeko Udalean egin zuen mirakulua bezala; gasteiztarrek ez lukete barkatuko mirari hura ez gertatzea, eta hori da funtsezko motor eta zutabe.

Baina pitzadurak egon badaude, badakigu, etsaiak badaki, eta sakondu nahi du pitzadura horietan, bere indar guztiarekin. Barne eta kanpo erasoak bi saihetsetatik datoz: afera nazionala batetik, eta soziala bestetik.

Ez dakit erakunde eta alderdien barruan nola egongo diren gauzak, baina euskal komunitatea erreta dagoela nabari da, bereziki euskal komunitatea ordezkatzen duten bi talde handien artean ematen diren talkekin. Ugaritu egin dira EH Bildu eta Geroa Bairen arteko konfrontazio eremuak, berriz diot, kaleari dagokionez.

Baztanen Lekarozeko proiektua, eta horrek barnebilduta, erabakitze eskubidea bizitzako eremu ezberdinetara eramateko aukerari baiezkoa ala ezezkoa esatea. Azkeneko asteetan Altsasun gertatu denak jende asko erre du, baina Uxue Barkosen jarrerak ere bai; Estitxu Garaik oso ondo adierazi du Argian plazaratu duen idatzian: “Ausiki, Uxue Barkosen exekutiboak egin zion ausiki erregimenak jarritako amuari. Gertatutakoa argitu aurretik ñabardurarik gabeko gaitzespena egin zuen.” Horrek mina eragin du euskaldun askoren artean. Azken berria ere tristea da oso: “Iruñeko Udalak eta Astindu gazte elkarteak sinatutako kontratua eten eta gaztetxearen eraikina behin-behinean ixteko galdea egin zuen atzo Iruñeko Udaleko Presidentetza Batzordeak, Geroa Bairen, UPNren eta PSNren botoekin.” Geroa Bai erregimenarekin lerratzearen ondorio zuzena da izenburu hau da: EH Bilduk zuzendutako Udalak gaztetxea itxiko du, alkatetza daukalako baina ez boterea.

UPN-ren aurkaTristeena da Geroa Bai arduraz jokatzen ari dela. Euskal burgesiak ez du gaztetxerik nahi ez Errekalden, ez Grosen, eta ez Iruñean. Izquierda-Ezkerrako erdaldunek ere ez diete beraien pribilegioei muzin egin nahi, horretan antza daukate. Oreka. Oreka. Oreka berriro UPN etor ez dadin; baina horretarako aldaketa ere aldatzen hasi beharko da, bestela bidean jende asko galduko dugu. Hasieran esan dut: UPN-ren aurka hobeto bizi ginen.

UPN-ren aurka hobeto bizi ginen

 

aldaketa, altsasu, erregimena, gaztetxea, Indar metaketa, Iruñea, lekaroz, nafarroa, UPN, UPN-ren aurka

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude