Ugazaba erdaldunak euskaldunon aholkulari

Ugazaba erdaldunak euskaldunon aholkulari

Ugazaba erdaldunak euskaldunon aholkulariKontakizun politikoki zuzenetik haratago, belarriak eta begiak dauzkanak badaki Euskal Herria alderik-alde erdaldunduta dagoela, hemen ez dagoela gizarte elebidunik, ez diglosikorik ere,  Lea Artibain, Urola kostan, Bortzirietan eta horiez gaindiko arnas(estu)gune urrietan ez bada, eta oro har, euskaldunak gizarte españolean eta frantsesean barreiatuta eta baztertuta bizi garela.

Diskurtso lasaigarriek “inoiz baino euskaldun gehiago” garela dioskute, ezkutatuz euskaldunak orain baino askoz gehiago zirela (proportzioan) aurreko mendeko erdialdera arte, gerra galdu izanaren ondorioz milaka alde egin, eta ondoren, milaka etorkin erdaldun etorri ziren arte. Esaten ez duten bezala, egungo euskaldun gehienak askoz hobeto egokitzen direla españolez edo frantsesez euskaraz baino, eta (horregatik ere) espainiera edo frantsesa aukeratu ohi dutela bizitzako jarduera arrunt gehienetarako edo guztietarako.

Aginte abertzaletik eta gizarte ekimeneko erakunde euskaltzaletatik “euskaraz egiteko” gonbitea luzatzen dute, baita euskaraz egiteko aukerarik apenas dagoen eremuetan ere (!) erabileraren ardura norbanako sufrituaren gainean utziz erabat, eta beste ezer baino gehiago, ezintasunaren ondoko etsipena zabaltzen lagunduz.

Agintari abertzaleek, oro har, erabilera errazteko baldintzak eta tresnak eskaini ordez, begirale neutralarenak egiten dituzte sarritan.

PP-UPN-PSOEtarrek aldiz, euskara erabiltzeko aukerak mugatzeko lanean jarraitzen dute, oposiziorik gabe ia.

Euskaldunon komunitatea zati-zati eginda dago.
EAEko agintari abertzaleek ez dute Nafarroako eta Frantziako administrazioen agintepean bizi diren euskaldunekin zubi egonkorrik eraiki, lurralde horietako ikastoletara eta azken urteotan EEPra, eskupeko itxurako diru publiko urriak bideratzeaz aparte.

Nafarroan gobernu “euskaltzale” mustu berriak, beldurrak, konplexuak, eta batez ere ardurarik ezak ezin astindu dirau orain arte, euskaldunoi aukerarik oinarrizkoenak ere bermatzeko gauza ez dela, ugazaba unionisten presioaren aurrean belauniko sarri.

Euskararen normalizazioaren aldeko diskurtsoa non galdu ote?
Euskal Herriko hedabideetan artikuluak argitaratzea ez da hain gauza erraza. Areago, artikuluaren nondik norakoak hedabideon ildo politikoarekin oso bat ez badatoz.

Aldiz, hara non, euskara nazio eraikuntzarako arazo eta trabatzat agerrarazten duten hiruzpalau artikulu argitaratu ditu egunkari oso abertzale batek egun gutxitako epean:

V. Moreno irakaslearen “Identidad lingüística I eta II”, eta “identidad nacional” batetik.

Pérez Busteroren “¿Qué es ese País Vasco? Proceso, tierras, gentes, lenguas” bestetik.

Gisa honetako harribitxiak ugari irakur daitezke horietan: “al considerar (la lengua) como nota imprescindible de la identidad individual y colectiva… nos colocamos a la misma altura que esos dictadores que para aniquilar a un pueblo les prohibían hablar su lengua autóctona…”. Edo, “Hay quienes sostienen que al hablar castellano adquirimos la «identidad» española, …Y ello porque la lengua sigue juzgándose como clave definitiva en la adquisición de la identidad… Una majadería deductiva …”

Aipatutako egile biok, aise argitaratu ohi dituzte euren idatziak ezker abertzalearen inguruko hedabide eta argitaletxe erdaldunetan, matxino mozorrotuta, espainiera/frantsesa inposatu dizkigutenen mesedetan.

Esan gabe doa, biak ala biak erdaldunak dira.  Esan gabe doa ere, biek ala biek ja ere ez dakite euskaldunon errealitateaz. Arrotz ikusten gaituzte, gure artean bizi arren, aurreiritziek lanbrotutako betaurrekoekin.

Erantzun zaparrada espero nuen… baina kale!
Sortuko Joseba Alvarezen eta Itziar Aizpuruaren erantzunak argitaratu ditu Garak. Baita F. Burgueterena, Montebideotik. Guztiak txukunak, baina gutxi, erasoaren tamainarako.
Neronek ere bidali ditut erantzunak, baina ez dira paperezko ediziora ailegatu. Sarean geratu dira, Naiz.eus-en.

HPStik zero (ez da bere liga, ez da bere hedabiderik kutunena, “dapasat”…).

Kontseilutik, Topagunetik, AEKtik, EHEtik, eta enparauetatik ere, zero. Bestelako euskaltzale izendunen aldetik ere, ezer ere ez.

Nork bere hausnarketa egingo duenez, nik ere badut nirea.
Euskaldunon balizko komunitatearen eta  euskalgintzaren beraren ahulezia erabatekoaren sintoma bat gehiago da nire ustez, batetik Garak halako hauspoa ematea gisa horretako artikuluei, eta bestetik, euskalgintzatik erantzunik eman ez izana (pentsatzekoa da Garak argi berdea emango ziela, horiei bai).

Ohituta gaude halakoak Vocentoren, Prisaren eta enparauen hedabideetan horrelakoak irakurtzen eta entzuten, baina hedabide abertzale batek halako zilegitasuna ematea artikulu horietan jaurti diren zenbait astakeriari, harrigarria bezain mingarria iruditzen zait.  Alabaina, are larriagoa iruditzen zait, euskalgintzaren erreakzio eta diskurtso falta.

Euskararen normalizazioaren aldeko diskurtsoa ikaragarri ahul, lotsati, hedabide jakinetara mugatuta eta oso tarteka ageri da, agertzekotan.

Ugazaba espainierazaleena aldiz, harro, oso sarri,  eta nonahi. Baita hedabide abertzale erdaldunetan ere.

Alderdi abertzaleen noraeza edota ardurarik eza ezagunak zaizkigu, aspaldiko arazoa da, baina nora begira dago euskalgintza? Zein “larretan”?

Euskaldunon balizko komunitate honen lemazain behar luketenak lo badaude, nola behar du pasajeak?

Ugazaba erdaldunak euskaldunon aholkulari

Oinezkoa

4 pentsamendu “Ugazaba erdaldunak euskaldunon aholkulari”-ri buruz

  • Guztiz ados zurekin. Itxurakeriaz aparte euskaldunok ahoabete neurri dugu euskararen alde. Euskaldun gehienak ez dira euskaltzaleak. Menpekoak dira, eta harro daude. Badakizu, bertan goxo.

  • Iisdro Sasemorena 2016-08-29 11:42

    Erabat ados nago zure artikuluarekin. Mendian gora gabiltza hizkuntzaren alde egundoko izerdiak botaz, baina urteen poderioz emaitza eskasak ikusten ditugu. Politikari egundoko garrantzia ematen diogu, baina gure kulturari ez diogu hausporik ematen. Denbora berriaz egiten dugu berba, baina “etsaiez” gain gure artean ere ideia, ohitura, eta errezeta zaharrak aplikatzen ditugu (artikuluak argitaratzeko politikan besteak beste).Zalantzarik ez, Euskararen larrea aberastu behar dugu, eta hori abiatzeko kontzientziak piztu. Beldur naiz, ostera, hau berriz ere lau friki idealiston basamortuko predikua izango ez ote den.

  • Peru Dulantz 2016-08-29 13:06

    Bada, ni baikorragoa naiz, artikuluei dagokienez. Nire ustez, ez dute halako erantzunik jaso, hain zuzen ere, inolako eraginik izaterik ez dutelako euskarari buruz euskal gizarteak duen iritzian. Gaurko egunean euskaldun guztiok dakigu, oso ondo jakin ere, hizkuntza dela gure nortasunaren ardatza, eta hori galduz gero geureak egin duela. Beraz, nik ez nieke halako garrantzirik emango basamortuan botatako garrasi antzu horiei.

  • Hamarkadak daramazkigu politikariei, partiduei, ezdakit zer erakundeei begira. Herritar batzuk bere aletxoa jarriz.baina instituzioei begira. Ditxosozko sasidemokrazia hontan nahiko denbora pasa da agintarien benetako konpromisoa ikusi ahal izateko.
    Nik argi daukat: gaur egun ez dago nere izaera euskaldunaren beharrei benetako erantzuna ematen dion partidurik… ergo…. EZ DET BOZKATUKO.
    Bainan uste dut, ez badegu Orixeren hitzak (“herri bat izan zen”) profetikoak bilakatzea, ahalik eta azkarren hasi behar dugu soziologia, demografía… propioak eraikitzan. Independetziaren zain, beste berrogeitamar urte egon gabe. (Mormoiak, ijitoak, judutarrak… ez dute estatuaren beharra izan beren komunidadeak bizirik eta indartsu mantentzeko; baina estatu argentinarra berriz, ez da nahikoa izan bertako indigenenrzat..