UEMAk profesional euskaldunen gida berritu du

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk, profesional euskaldunen gida erabat berritu du. Euskaraz bizi nahi duten udalei eta herritarrei begira, tresnak, bitartekoak, baliabideak eta bestelakoak eskaintzen ditu UEMAren Profesional Euskaldunen gidak, Internet bidez.

langileak-006

Gida orain urte batzuk egin zen, baina orain osaketa lan handia egin da. Era horretara, agertzen diren profesionalen kopurua bost bider handiagoa da. Sei hilabeteko epean Euskal Herriko 35 bat lanbideetako 135 elkargo profesionalengana jo izan da informazio eske. Horrez gain, 25 udalerritako enpresekin harremanetan jarri da UEMA, eta Bai Euskarari Ziurtagiria dutenengana ere jo izan da, zerbitzua edo zerbitzua eta lana euskaraz eskaintzen dutenengana, hain zuzen. Horrela, gaur egun, 306 dira zerbitzua ahoz eta idatziz euskaraz eskaini eta gidan izena eman duten denetariko profesional eta enpresak. Besteak beste, hauek dira aurkitu daitezkeen profesionalak: abokatuak, arkitektoak, arotzak, diseinugileak, fisioterapeutak, instalatzaileak, ingeniariak, iturginak, itzultzaileak, podologoak eta psikologoak.

Nahikoa da izena ematea gida honetan parte hartu ahal izateko. Ahozko eta idatzizko zerbitzua (fakturak, albaranak, aurrekontuak…) euskaraz eskaintzea baino ez da eskatzen. Gida kontsultatzeko zein izena emateko, UEMAren web gunera jo behar da, uema.org helbidean, “Profesional euskaldunak” izeneko atalera.

UEMAko udaletako herritarrei ez ezik, gainerako herritar guztiei ere eskaintzen zaien tresna da, euskaraz bizitzeari bai esaten jarraitu ahal izateko, modu zehatz eta praktikoagoan. Edozein zerbitzu jasotzeko zein bilatzeko Internet gero eta gehiago erabiltzen den honetan, eskurako tresna praktiko, baliagarria eta eguneratua dugu euskaldunok profesionalen gida honekin.

Durangaldeari buruz jakiteko: www.anboto.org

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria