Maiatzak 22: Udako Ikastaroetako lehiaketa aurkeztu du UEUk

ueu

Nor jantziko zenuke? Nor erantzi? eta zergatik? horra hor hiru galdera, edozein erantzunen zain.
Jantzi hitzak esangura bat baino gehiago du euskaraz. Jantzi, arropaz jantzi gaitezke. Gure burua ere jantzi dezakegu: trebetasunez, ezagutzez… Hitz horrekin jolastuz aukeratu du aurtengo Udako Ikastaroen leloa UEUk.

Beraz, hiru galdera plazaratu ditu UEUk: nor jantzi, nor erantzi, eta zergatik. Jantzi hitzaren adiera guztiei erantzun ahal zaie, eta erantzun ere, edozein eratara: sms hizkuntzaz, euskalkiz, bertsoz… hori parte-hartzaileen irudimenaren esku egongo da.

Eta erantzun originalenarekin harritzen gaituenak, zer? saria jasoko du: Udako Ikastaroetan doako matrikula eta Netbook bat.

Erantzunak maiatzaren 22a baino lehen bidali beharko dira komunikazioa@ueu.org helbidera.

Lehiaketako epaimahikide UEUko aspaldiko lagun bi izango ditugu: Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano telebistako aurkezleak. Erantzun guztiak UEU365 blogean argitaratuko dira.

Amaia Ugalde UEU

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.