Txikia handi

Herri txiki batekoa da. Ondoan hiri handi bat dago, dena jaten duen hiri bat. Herri txikiak zailtasunak ditu eguzki izpiak jasotzeko, ondoko hiriak egiten duen itzalak dena hartzen baitu. Garrasika esaten du, askotan, herri txikiaren izena, munduak ezagutu dezan eta bertakoek ahaztu ez dezaten.

Talde txiki batekoa da. Zaila da taldearentzat inguruko talde handien ondoan bizirautea. Talde handiek ideiak eta iritziak erraz zabaltzen dituzte eta haiek dira hedabide handietan oihartzuna duten bakarrak. Bozgorailua erabiltzen du, askotan, taldearen aldarrikapenak hedatzeko eta maiz erakusten ditu taldearen ikurrak, ingurukoek eta taldekoek presente izan ditzaten.

Talde gutxitu batekoa da. Tamainan eskasa ez izan arren, taldeak ez du botererik. Ondoko taldeak ezarri ditu beti irizpideak, indarra erabiliz; hainbat indar mota erabiliz. Taldearen nortasuna eusten duten sinboloak haizatzen dituenean, erakuskeria egitea leporatzen diote. Berak ere zalantza du batzuetan, gehiegizka ari ote den. Baina beharrezkoa dela uste du.

Ez da bakarra. Ikurrak, pankartak, banderak, banderen koloreak, ereserkiak, emakumearen eguna, euskararena, lesbiana, gay, bisexual eta transexualen harrotasunarena, diadak, aberri egunak,… denak identitatearen markak txikia, zapaldua edo eta gutxitua ikusgai egiteko. Munduak gogoratu dezan eta kideek ahaztu ez dezaten.

Baina, nola ulertu handiaren arrandia? Indartsuaren handikeria? Zertara dator boterea duenaren harrokeria? Igandeko Eurokopako finalean jokalariak zelaira ateratzen ari zirela ulertu du: Xabi, Xavi, Jordi, Cesc, Gerard, Francesc, Sergi, Busquets… berdegunera atera diren unean bertan jakin du: badago txikia izanik izan daitekeena (izateari eutsi diona), baina “handi” batzuk txikiagoa irentsita soilik izan daitezke, hori gabe ezer ez direlako.

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz