Txarrena EITBrentzat

Txarrena EITBrentzat

Atzoko emaitzen ondotik Urkullu eta jeltzaleak zoriondu egin behar dira beste ezer esaten hasi baino lehen. Ez dute txikia meritua.

Alabaina, analisi politikoa baino harago, ertzetako bati heldu nahi nioke premiazko zutabe honetan, hain juxtu EITBri dagokiona nahi nuke aipatu, izan ere, ene aburuz, emaitza hauek baitira une honetan EITBri gertatzeko moduko gauzarik txarrena.

Urteak dira EITBren eredua gainbehera datorrela. Bai, badakigu, ez dela EITB bakarrik, Espainiako gainerako telebista autonomiko zenbait are pattalago dabilela, baina geuk geureari begira daroagu denbora gehiegi, pentsatuz hauteskunde hauetako emaitzek behingoz zezenari adarretatik heltzeko aukera ekarriko zutela. Ikusten genuen alderdiek derrigorrez eseri beharko zutela saltsa hau konpontzeko.

EITBren eredua aldatu beharraz mundu guztia mintzatu da, nola borondate oneko jendea, hala guztiz haserretua eta pozoinduta dagoena ere bai. Bi horien tartean jar itzazu politikariak, sektoreko enpresariak, EITBko langileak…

Txarrena EITBrentzatEITBrena konpondu beharra dagoela ez dizu inork ukatu gaurgero: ez du betetzen sorrera helbururik, eskaintzen duen zerbitzu publikoa badaezpadakoa da eta egin izan diren hamaika esperimentuek ez dute balio izan audientzia gero eta eskas eta urrunago bat sortzeko baizik. Telebista ikusteko erak aldatu egin dira, gazteek ez dute ikusten… Arazo multifaktorialak dira eta ez dakit inork edukiko ote duen konponbiderik. Langileak ixilik daude, lanpostua galtzea bailitzateke azkenekoa. Euskarazko kateari dagokionean, gainera, kritika zehatzagoak ere izan dira, ETB1eko oferta jarraitu behar lukeen euskal audientziak programatzaileak zertan dabiltzan ere ulertuko ez balitu bezala, batzuek eta besteak planeta desberdinetako extralurtarrak balira bezala.

Zentzu honetan esan liteke Maite Iturbe pertsona egokia dela etxea erori gabe zutik eusteko. Behar diren doikuntza ekonomikoak egin eta aterik ez ixteko, baina zertarako behar da inork nahi ez dituen koltxoiak ekoizten dituen fabrika publiko bat? Egia da Irratia, ETBko albistegiak eta informatika aldeak ez dabiltzala hain txarto, baina ez, Iturberi ez diogu oraino entzun telebista ereduari buruzko proposamen erakargarririk, kitzikagarririk. Non daude, esaterako, munduan funtzionatzen duten gainerako telebistengana hurbiltzeko pausoak eta ahaleginak?

Sektore pribatua ere ezinean dabil, prezioek behea jo baitzuten aspaldi eta programa bat egiteko lehia krokodilo borroka bihurtu da, non beti prekarietateak irabazten duen. Bai, gero esango du Iturbe berak “kanpoan lana enkargatzea” etxekoa baino merke, azkar eta kalitate handiagokoa dela. Baliteke, baina ezin al genuke gauza bera esan jarduera publikoaren beste hainbat arlori buruz? Maite Iturbe beraren lana ere agian hobea litzateke kanpoan zerbitzu bezala kontratatuta. Gauza bera medikuntzan, irakaskuntzan…

Hauteskunde hauetan zegoen jarrita esperantza, alderdi ia gehinek aipatua zuten EITBren eredua aldatu beharraz nahi zutela legegintzaldion mintzatu. Ez dakit, ez dakit. Lópezen salbuespenarekin EITB EAJren kontua izan da, batez ere, eta baliteke oraingo emaitza hauekin, alferkeria moduko bat sartzea EITBrekin bueltaka hasteko, patata oso beroa baita izan, hatzak kiskaltzeko modukoa.

EITBtik gertu gaudenok, badakigu beranduegi datozela eztabaidak, askoz lehenago eskuartu behar zela hainbeste beheititzen ez uzteko, alderdiek hitz egin behar dutela ereduari buruz… Niretzat, bederen, Urkulluren hitzak eta EAJren borondatea neurtzeko kontuetako bat izango da EITBren hau. Uste baitut oraindik ere zerbait egin litekeela zintzotasunez jokatzen bada, alderdikeriak baztertu eta herrigintzatik helduz asuntuari. Baina legegintzaldi honetan behar du, nahi eta nahi ez, baldin eta ez  bada usteltzearen usteltzeaz betiko erorita ikusi nahi.

Txarrena EITBrentzat  Txarrena EITBrentzat

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Txarrena EITBrentzat”-ri buruz

  • Juan Inazio Hartsuaga 2016-09-26 09:40

    Ezin hobeto esanda. Bat hirekin goitik behera. Aurki ikusiko diagu gaztain beroari inork heltzen dion, eta heltzekotan zer egiteko.