Txalupatxo bat gara

arquera
arquera

Seguru asko munduko bazter gutxitan izango da gure herrian beste poliziarik. Kolore eta marka guztietakoak dauzkagu: udaltzainak, ertzainak,  guardia zibilak, jendarmeak, nazionalak, foruzainak… Izango da gaiztoak, oso gaiztoa garelako, ezen proportzinalki mundu aurreratuan ez da guk adina preso eta iheslaririk duenik ere. Nik dakidala.

Baina gaiztoak izateaz gain, txarrak ere bagara. Hemen mundu guztiak dauzka arrazoiak maitale eta auzo politikoa izan dena gorrotatzeko. Begiratu historia hurbilari eta zatiketak familia ia guztietan gertatu zaizkigu: miliak/polimiliak, jeltzaleak/eusko alkartasunazaleak, ezker batuazaleak/berritzaileak, batasunazaleak/aralarzaleak… eta, azkena, eusko alkartasunazaleak/alkarbidezaleak.

Gainera, bereizketa mingarriak izaten dira. Gertatzen direnean, panorama politikoan ez duzu inor gorrotatzen, atzo arte zeure kide izandakoak beste. Zauriak ere latz askoak. Atzo erakutsitakoak adibide.

Zer ote dugu berezirik halakorik gerta dadin?

Nago gure herriaren tamaina dela kausa. Bryce Echenique idazleak esaten zuen nobela batean: Qué lindo sería si Perú fuera un paisito justo al lado de París. Horixe gara gu: un paisito al ladito de Paris. Baina, hala ere, zatiketa bazter orotan. Eta ez ditugu guztiak ikusi: jakin behar EAJn zer gertatuko den Ibarretxeren oinordekoa nor den erabakitzeko orduan.

Gaizto eta txar izateaz gain, txiki izateak dakar hori, seguru asko. Transatlantiko handi izan ordez, txalupatxoaren tamainakoa da gure herria, eta mundu guztiak uste du, hain txikia izanik, gai dela halako gauzatxo bat gobernatzeko. Edo antzeko zerbait. Ez esan niri ezetz.

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.