Tribuaren Berbak lehenbiziko saioa ikusi (+ 11 titular)
ETB1ek hasiera eman zion atzo Tribuaren Berbak euskarari buruzko saioari. Arrakastaz egin ere. Euskaldunen artean %9,1eko audientzia kuota lortu zuen, alegia, 72.000 ikusle. Twitterren ere #TribuarenBerbak iruzkin pozgarri asko jaso zituen. Ikusi ez bazenuen, hemen aurki dezakezu, saioak utzitako 11 titularrekin batera.
Kike Amonarrizen gidaritzapean, umorez zipriztinduta, euskarari buruzko informazio deigarria eta ezezaguna ekarri zuen telebistaren plazara Tribuaren Berbak saioak. Euskararen tamaina eta zailtasuna izan zuten hizpide. Horretarako, hainbat eta hainbat lagun elkarrizketatu zituzten bai Euskal Herrian, baita Madrilen ere. Hein handi batean, euskaldunok gure hizkuntzari buruz ditugun mito zaharrak biluztu zituen, batez ere tamaina txikiari dagokioenak. Beheko grafikoan euskararen “pisua” agertzen da Ethnologuen arabera. Hizkuntza indartsuenak ezkerrean goian dauden puntu beltzak dira, aldiz, behean eskuinean daudenak ahulenak. Euskara morea da.
Behean duzu ordu erdiko dokumentala ikusgai Vimeo plataformaren bidez, baina Nahieran-en ere ikus daiteke osorik, eta zatika ere bai.
Tribuaren Berbak | Euskararen tamaina from Garabide on Vimeo.
Tribuaren Berbak utzitako 11 titular
- Euskaldunak milioi bat inguru dira
- Munduan hiztun gehien dituzten hizkuntzen %10en taldean dago euskara
- Calvet barometroaren arabera, euskara munduko 51garren hizkuntza “pisutsuena” da
- Euskara arriskuan dagoen hizkuntza da, beste 2.470ekin batera, Unescoren arabera
- Jon Sarasua: “Erraldoien inguruan bizi garelako sentitzen gara txiki”
- Espainiako Hizkuntza Akademiaren arabera, “vascuence” hitzak “hain ilun eta nahasia delako ulertu ezin dena” esan nahi du
- Chamartin euskal jatorriko hitza da, eta “Martin buruzagiaren herrixka” esan nahi du
- Wikipedian euskara 35garren tokian dago 280 hizkuntzetatik, artikulu kopuruaren arabera neurtuta
- Euskara Twitter erabiltzeko 38 hizkuntzen artean dago
- XXIgarren mendean zehar egungo 7.000 hizkuntzen erdiak desagertuko dira
- Deabruak ezin izan zuen euskara zazpi urtean ere ikasi
[…] Tribuaren berbak […]