Toponimo politikoak, Nafarroa eta euskal lurren batasuna (eta II)

bandera_zuhaiskan

Nafar guztien antzinako jatorria Ebro ibaiaren ondoan kokatzen da eta ibarreko herritar ginen hastapenean nafarrok. Bizkaiko eta Kantabriako baserritarren eta isolatzearen mitoak min handia egin du gure herrian sakabanaketa politikoa eragiteko aiko-maikoa izanik. Bizkaiko lurretan, Gipuzkoan legez, oinaztarrak eta ganboatarrak egon ziren eta ez da kasualitatea ganboatar gehiago bizitzea hiribilduetan mendian baino. Nik bizkargoenagatarrak deitzen diet isolaturik bizi direnei; hiribilduetakoei, ostera, ganboatarrak dira, deiturak berak adierazten duen bezala (ganboa edo kanboa gaztelaniaz campo da). Eta gure herria menpean edukitzeko planifikazioan hainbat toponimo erabili dira semantikaz esangurak aldatuz edo sinestaraziz geografikoak direla batzuk eta ez politikoak. Hermeneutak izaten irakatsi digute euskaldun askori, halafede!

Egun, euskal prentsan eta Nafarroa osoko erdarazko hedabideetan hermeneutika aplikatu behar da hitzen adierak interpretatzeko. Euskadi berba esateak oraindik ez du zehazten esangura zehatza baldin eta esatariari eta hedabideari erreparatzen ez badiegu. Gure herrian hermeneutika aplikatuz bizi beharko dukegu luzaro. Euskadi hitzak, maleruski, ez darama zehazpen geografikorik testuingurutik eta esatariaren pentsakeratik at. Kontzeptuoi, gizakiok ematen diegu adiera.

Perotxategi, Arana eta areago Larramendiren garaian aski zabalduta zeuden hipotesi historizistak, jatorria aurkitzeko gaia zernahi zen ere. Errusia toponimo nagusiaren jatorria azaltzeko vikingoen erroak aipatzen ziren, Gartzia euskal deitura petoaren jatorria godoen hizkuntzatik zetorrela zabaltzen hasi ziren esangura adierazteko istorio zelebreak asmaturik: “bere amorantearen zain zegoen gizona” (nik-neuk ikusia Gaztelan duela urte batzuk). Lekuzko toponimo soilen jatorritik erakartzea esangurak gaizki ikusten zuten sasiaditu askok. Denari bilatu behar zitzaion istorioren bat: Tubal, mitoak, helenoen ekia… Unibertsitateko urteetan nik barre asko egiten nuen Perotxategiren hipotesiak irakurtzean. Herrialde edo nazio baten izenak historia eduki behar zuen. Hortaz, istorioak asmatu behar ziren berbak hobeto janztearren. Errusia hitza “Rus” toponimotik eratortzea lar sinplea zen; eta horregatik vikingoen istorioaren hipotesia erabili zuten askok Rus hitzaren erroaren esangura zabaltzeko. Garcia deituraren esangura euskarazko “gaztea” izatea edo Euskal Herria bezala erran/esan aditzaren antzinako formatik zetorrela aldarrikatzea sinpleegia zen. Pitokeriatzat kontsideratuko zuten horrelako hipotesi bat. Mendialdeko jendeek zein hiribilduetakoek (gehiago lehenengoak, jakina) errazago irensten omen zituzten hipotesi historizistak toponimoei karga mistikoei emanez.

Ahaide Nagusien gerrak ere prozesio batean kandelak non eraman zioagatik sortuak izanen zirelako hipotesia ere zabaldu zen garai batean eta entziklopedien garaia etorri arte erraz askoan irentsi zuten herritarrek teoria bailitzan, zinez hipotesi ganorabakoa zena. Nafar estatuaren historia horrelakoa izan da. Euskaltzale handiak eduki ditugu, Arana eta Kanpion kasu, baina bistan denez, epe historiko batean bizi izan ziren. Egun ere, seguraski, bai batak, bai besteak, problemarik ez zuten ikusiko Euskadi ala Nafarroa izeneztapena atxiki ordez Euskal Herria terminoa zabaltzeko. Toponimoak eta exotoponimoak, bakoitzak bere marka darama. Bizkaia toponimoak ere aranismoan marka eduki duen bezala. Termino politikoa Mendebaldeko Nafarroako eskualde batzuk izendatzeko, baita Bizkaiko karlistentzat ere, nola ez. Nik Bizkaia toponimoa entzuten dudanean zenbait testuingurutan termino politikotzat dut. Beraz, Bizkaia toponimoak ere izan du eta eduki badauka oraindik biko esangura: geografikoa eta politikoa. Nik sekula ez dut ikusi zergatik herriak izendatzeko bereizi behar diren terminoak, edo asmatu berriak. Toponimoak historia eta politika liburuetan ageri dira, geografiazkoetan bezalaxe. Beraz, uste dut egungo idazle asko oraindik bizi direla Arana eta Kanpion-en aroan, konturatzeke berben adierak desberdinak direla jasotzailearen pentsamoldearen arabera. Ni ez naiz inor oinaztar baten pentsamoldea aldarazteko, baldin ez bada hitzen kalipua erabiliz. Eta horixe egiten saiatuko naiz, ganboatarren Nafarroa, ostera, desagaertuz joanen da denboraren poderioz horrela segituz gero. Agramontes-ganboatarrek ez dute jakin gure historia eta jakituria herritarrei helarazten, politikan ere gero eta indar gutiagorekin ikusten ditugu, sakabanturik, euskal lurra bezala. Agramontes askok gainera naturaltasunez dakusate Nafarroa Garaiko hiriburutik Zaragozara joanen den abiada handiko trenaren ukaitea, Mendebaldeko hiriburuekiko tren lotura eztabaidaren zentrora ekarriz… Gerra tikietan itsu, handiez ahantzirik… horixe da gure gazte askoren patua. Nafarroa batua lortzea ez da helburua abertzale askorentzat; batzuek diru erraza eta arina nahiago, besteek gerra tiki antzuetan sartzea nahiago. Egoera horrek dirauen bitartean Nafarroa Garaian eta Mendebaldekoan abertzale askok jai dute. Eta horrela segituz gero, paradigma nafarra ukanen duen alderdi politiko berria sortzeko hazia ereiten hasiko gara. Amaiurko seme-alaben aroaren zain adi egonen gara.

Beraz, toponimoak dira oro: Nafarroa, Euskadi, Euskal Herria, Landeta, Akitania, Bizkaia… Eta azken mendeetan zehar Mendebaldeko Nafarroako kostaldeko mendietara bizitzera etorritako ibarreko herritarren arbasoen oinordekoak libertatea eduki behar dugu herriak-eta nahi bezala izendatzeko, baina beti ere kontutan hartuta termino geografikoak politiko bihurtzen direla eta politikoak toponimo. Asmatuak izaten dira errotzeko problemak ematen dituzten toponimoak, zeren eta neologismoak defentsako mugimendu nazionalistetan soilik gailentzen baitira. Nafarroa eta Euskal Herria sinonimotzat hartzea egoki ikusten dut, baina inork ez dezala aldarrika toponimoen adiera ezpolitikoa edo geografikoa antagonian. Munduko herrien izenak onoma toponimikoetarik sortu dira eskuarki, eta herri izenak bereiztea ez da bat ere ona nazio txikien kasuan, behintzat.

Bizkaia politikoa zordun dago Nafarroa geografikoarekin, sarri erabili dugulako bizkaitarrok kontzeptu politiko soiltzat Nafarroarena. Gutako arbaso batzuek horrela erabili dute eta abertzaletasunaren paradigmarekin bizi izandako familietako kideok esfortzu handia egin beharko dugu entitate politiko pluralak sustatzeko beste paradigma baten aroan. Nafarroako Mendebaldeko herrialdea, egungoa, oinaztarrak eta beamondarrak nagusi diren monarkia demokratikoa da eta naturaltasunez eta dolorerik gabe aldatzeko jakintza behar da armen ordez, Krutwig-ek erraiten zuen bezala. Eta egin beza irakurleak hermeneutika apur bat demokrazia hitzarekin, esangura grekoak argiro adierazten baitu antzinatean kutsu negatiboa zeukala (arras negatiboa, apika), zeren “demoa” erraz manipulatu ahal baita arerioen kontra. Abertzale askok ez dute aldarrikatzen gure herriaren batasuna, hots, Nafarroa Garaia eta Mendebaldeko Nafarroako komunitatearena, berdintasunean (alderdi politiko batek ere ez du egin azken hauteskundeetan) oraindik paradigma nafarra errotu ez delako. Ez Mendebaldeko EAEn, ezta Nafarroa Garaian ere. Oraindik, diot. Geroa gorriz kolorezta daitekeelako edozein unetan, bandera nafarrak geure ere eginez Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Aranismoak hutsetik dena mendialdeko bizkaitarren independentziaz mukurutu zuenean bezala, paradigma berriak sor daitezke eta arrakasta lortu. Nork erranen zuen XXI. mendean paradigma aranistaren oinordekoak gehienak (ez nagusi, baina) izanen zirela Mendebaldeko Nafarroako hiru herrialde historikoetan.

Oharra:
Artikulu hau (bi atalak) Creative Commons 3.0 aitortza lizentziapean dago.

Berriemaile eta irakasle-ikaslea. Laikoa, aurrerakoia, nafarra... Osasuna dut futbol talde nahiena.