Tamainaren kontua (2666)

rb191004.jpg

Bai, zein da nobela batentzat neurri egokia? Erraz entzungo da bazterretan erantzuna: kontatzen den kontuak behar duena, ez gehiago eta ez gutxiago. Baina hori ez al zen ipuin bat egiteko ordurako neurria? Edo poema batentzat? Kontua da lau hilabeten bahiturik ukan naulea Roberto Bolañoren eleberri postumoak: 2666 (Anagrama). Egia da tartean beste liburu asko ere joan direla, lanerako irakurri beharrekoak gehienak, baina gauero gauero gorde diot Bolañori bere tartea, 20-25 orrialde, edo hgehiago, “neuretzat” gordetako tenorean. Krisi handiak izan ditut irakurketan, mila aldiz egon naiz bazterrera uztekotan, konturatzen bainintzen ni bizi naizen abiaduran halako lan batek eragozpena sortzen zidala. Zatirik astunenetan, azkar-azkar irakurriz edo saltoka egin izan dut aurrera, baina gero, damutu eta berriro egin dut atzera, amuak baitauzka nonahi 2666 izeneko nobelak. Lau hilabete esan dut? Gehiago ere izango zen. Horregatik ez naiz inori liburu hau zuzenki aholkatzera ausartzen. Niri neuri, Bolañoren aurreko lanetan aurkitutako abileziak eta kritikari zenbaiten hitzek lagundu didate aurrera egiten. Baina egia, garestia da oso halako liburu batean sartzea, gaur eguneko ohitura hauetan. Egin dezagun kontu, Irigoienen LUR BAT HARATAGO bikaina, gurean denik eta nobela potoloena, ez da apenas entzuten inoren ahotan. Jendea beldurtu egiten da tamaina ikusita. 652 orri “besterik” ez ditu. Konparazione batera, Sarriren LAGUN IZOZTUAK ia 500, eta hortxe edo hortik behera ibiliko da Atxagaren SOINUJOLEAREN SEMEA, (ez dut begiratzera apaleraino jeiki nahi). Bolañoren honek, 1125 orrialde ditu, letra aski txikian, gainera. Esan bezala, bahituta eduki nau, hilabete luzeetan. Zein da balantzea? Ikaragarria, nobela bat beste baten barruan eta haren barruan beste hamaika eta haien barruan… Ez sinetsi nobela hau bost zatitan banatuta dagoela esaten dutenei, mila baitira bertan dauden istorioak. Paregabea Bolañoren artilleria eta ahalmena. Hau bai kolosala! Hala ere, berriro diot, ez dezala inork esan nik aholkatuta irakurri duenik liburua, handiegia egiten baitzait erantzunkizuna.

(Hori bai, bost urte baino lehen, berriro irakurtzeko asmotan naiz, izan ere, Alessandro Bariccoren azkena, ESTA HISTORIA (Anagrama), (317 or.), bi egunetan irakurri dut, bestetik nekarren martxarekin. Bikaina hau ere).

Tamainaren kontua Bolañok berak darabil liburuan: “Qué triste paradoja. Ya ni los farmaceúticos ilustrados se atreven con las grandes obras, imperfectas, torrenciales, las que abren camino en lo desconocido. Escogen los ejercicios perfectos de los grandes maestros. O lo que es lo mismo: quieren ver a los grandes maestros en sesiones de esgrima de entrenamiento, pero no quieren saber nada de los combates de verdad, en donde los grandes maestros luchan contra aquello, ese aquello que nos atemoriza a todos, ese aquello que acoquina y encacha, y hay sangre y heridas mortales y fetidez”.

(Bolañoren azken lan honetaz gehiago jakin nahi baduzu, zizta hemen. Bertan esaten diren guztiekin konforme nago)

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

3 pentsamendu “Tamainaren kontua (2666)”-ri buruz

  • Apenas irakurtzen dudan eleberririk azken urteotan. Baina gauetan, banabil, bai, liburu mardul batekin, apurka apurka: Harry Potterrena irakurtzen diet seme-alabei lotarakoan. Iñaki Mendigurenek itzuliriko azken alea (sortako 5.a), HP eta Fenixaren Ordena. Sei bat hilabete hasi ginela, eta hortxe goaz, 300 bat orri geratuko zaizkigu ia 900 dituen alean. Espero dut dagokion filma estreinatu aurretik amaitzea, eta amaitu orduko, gaztelaniaz jada prest dago prest dagoen itzulpenaren parekoa ematea Mendigurenek, harekin jarraitzeko. Gero sortako azkena iritsiko da (aurten kaleratzekoa ingelesez), eta urte pare baterako edo badugula iruditzen zait.

    Harry Potter ere ez da literatura jasoa izango, baina entretenigarria edo, bai. Eta eman dieaziotela sariren bat nigatik Mendigureni, liburukote hauek itzultzeagatik. Neurriari dagokionez, niri hala gustatzen zaizkit nobelak egia esanda, potoloak. Aldiz, poesiaren neurri gustukoena haikua dela esango nuke.

  • Hasier Etxeberria

    […] ALUA MUNDUA! Sinto-me nascido a cada momento/ para a eterna novidade do mundo… « Lekurik ederrena Tamainaren kontua (2666) » […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude