Lopezen diskurtsoa: stricto sensu

Bihoa, ezeren aurretik, Arrigorriagako atentuarekiko gaitzespena; bihoa herriaren izenean, herriari kasurik egiten ez dionak merezi duen laidoa; bihoa aurretik, milagarrenez, ez nazazue salba, otoi, leloa; bihoa aurretik nahi duzuen guztia eta gehiago… Baina gauzek, dauden-daudenean, merezi dute begirada geldoago bat, dena ala ezer ere ez, denok ala inor ez hartatik haragoko bat. Baita Lehendakariaren hitzak ulertzerakoan ere. Ezen Lopez ez baita mugatu atentatua gaitzestera soilik. Subliminalki, beste zerbait darie bere hitzei.

Lopezen diskurtsoa, Puellesen atentatuan

Lehendakariaren beraren eskuz egindako oharrak datoz diskurtsorako erabili duen poema modukoan. Eta berak txukundatuko lerroetako batek jo digu begian: Euskaldun hiltzaileak hil digu hiritarra.

Ez du jartzen euskal hiltzaileak hil digu hiritarra, ez du jartzen hiltzaileak hil digu euskal hiritarra. Jartzen duena jartzen du: euskaldun hiltzaileak hil digu hiritarra. Eta halaxe irakurri zuen Lehendakariak. Ozen.

Azaleko irakurketa batetik ere atera daitezke ondorio azkar batzuk:

– Lopezek hiltzailea ezagutzen du, badaki bakarrik egon zela atentatua egiten eta, gainera, euskalduna dela.

Batek baino gehiagok esango du zentzu figuratuan egina dagoela singular hori, eta euskaldun hiltzailea dioenean, ETAko hiltzaileez diharduela, orokorrean. Bedi, hori ere, oratoriaren errekurtso gisa onar diezaiogun, bada.

– Eduardo Puelles herritarra zen soilik Lopezentzat, ez zen euskal hiritarra, nahiz eta behin eta berriro zabaldu den Arrigorriagan zeharo txertatutako familia dela berea. Antza, ez. Eduardo Puelles, ez zen euskal hiritarra Lopezentzat edo, behintzat, hain zabalik lagata, beste nonbaiteko hiritarra zela eman daiteke aditzera. Subliminalki, jakina. Hala ere, esan dezagun Inaxio Uria, esaterako, euskal hiritarra zela esana duela Lopez berak. Ñabardura kontuak, seguru asko.

– Ez gara gehiegi sartuko hiritar hitzaren egokieraz, pentsatzen baitugu herritar esan nahi zuela. Askok bezala, ciudadano esateko, hiritar darabail Lopezek. Gure ustea da herritar beharko lukeela, asko baitira hirietan bizi ez diren herritarrak. (Hau beste enbor bateko ezpala da, jakina).

– Eta iritsi gara erdiko trontzora, Lehendakariak: euskaldun hiltzailea aipatzen duen lekura. Jo dezagun ez garela hain itxiak ere, eta ez garela mugatuko euskalduna hitzaren etimologia hutsera: euskalduna euskaraz egiten duena da. Jo dezagun, horretan geratu gabe, Mitxelenak bezala, onartzen ditugula absurduak: euskaldun hori erdalduna da. Edota euskaldun horrek ez daki euskaraz. Jo dezagun Puelles jauna ere, euskaldun hiritarra izan zitekeela Patxi Lopezentzat. Itzulpenean ere halaxe dator: el asesino vasco nos ha matado al ciudadano.

Funtsean kakoa, gure iritzirako, ez dago, euskaldun hitzarekin egin duen erabilpen badaezpadakoan. Kakoa semiotikaren bide irristakorragoetan dago: Patxi Lopezek balantzaren alde batera jarri du euskaldun hitza, hiltzaile hitz madarikagarriaren ondoan. Beste aldeko platertxoan jarri du, ostera, hiritarra hitz guztiz garbi eta errespetagarria.

Lopezek berak jakingo du zer nahi zuen lortu poema itxurako horrekin, baina gaude, mezu subliminala ez zaiola atera hain subliminal ere, izan ere subliminaltasunak horixe baitu berezitasun nagusia, ohartu gabe pasarazten den mezua dela. Eta gu, euskaldunak izaki, ohartu egin gara.

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.

6 pentsamendu “Lopezen diskurtsoa: stricto sensu”-ri buruz

  • Are gehiago ere esan nahi duela iruditzen zait niri (oso ona analisia). ‘Euskaldun hiltzailea’ modu generikoan erabiltzen duela dirudi. Hau da, esaten baduzu, adibidez, ‘espainol putakumea etorri da euskal herrira eta dena izorratu du’ (adibide inozo bat besterik ez da), nik uste ulertzen dela espainol guztiak putakumeak direla.
    Berdin ulertarazten dela deritzot: euskaldun hiltzailea, euskaldun guztion ordezkaria balitz bezala.

  • Feng Bai Yeah 2009-06-22 17:21

    Nik ez nioke aparteko garrantziarik emango ba. Gaztelaniatik Euskarara literalki itzuli nahi denean askotan gertatzen dira halakoak. Olerkia gazteleraz idatzi zuen. Bere pentsamenduan jarrita: “El vasco asesino”. Euskaldun (euskadiko biztanle bezala) asko dago, Euskadi plural honetan. Guzti horietatik gutxi batzuk, hiltzaileak. Beraz, “euskaldun hiltzaileak” (horrek eta ez beste inork) hil digu hiritarra. Agian inuxente bat naiz.

  • Eta zergatik ez “hiltzaileak euskal hiritarra hil digu”?

  • Txantxangorria 2009-06-22 19:36

    interesgarria oso komentatzen dena, eta ados nago. Baina ez dakit, agian bere euskara berria delako konturatu gabe egin du akatsa. Kasu horretan espero dut norbaitek azaltzea.

  • amonamantangorri 2009-06-23 22:19

    euskaldun-hiltzaileak: El asesino de vascos.

    By&Baien ikasitako itzultzaileak igual pentsatuko zuen: Ingeles irakasleak ingelesa irakasten duenez, era berean euskaldun hiltzaileak euskaldunak hiltzen ditu.

  • Esan zuen esan zuena. Ez dakit nola zabaldu den interneten egiatan beste gauza bat esan nahi zuela, gixajoa. Ziur aski laguntzaileak izango ditu, ez zuen inork irakurri haren poema? Gainera, kontua da, irakurri izan balu besterik gabe, txarto egongo legokeela, baina gainera orri guztiak hartu eta kazetari bati eman argitara ditzan… are txarrago.