Sorterriko koplak lagunari

Sorterriko koplak lagunari

Ostiral iluntzean agurtu genuen Hasier Etxeberria lagun eta hurbilekoek, jaioterria zuen Elgoibarren. Kalegoen plazan genuen egina hitzordua. Lore sortak eskuan bertaratu ginenerako, Josu Erguin ZuZeuren sortzaile eta Hasierren lagun minak prest zituen oholtza eta oholtza aurreko ehundaka aulkiak. Bertan lagun zenduaren bikotea, Lu, ezinegonarekin zegoen zain eta konturatzerako mukuru zen plaza.

Sorterriko koplak lagunariPlaza ederra da Kalegoen, horrela deitzen dela inor gutxik dakien arren. Deba ibaia zeharkatzen duen zubietako batek eraman gintuen eliza eta frontoiarekin batera udaletxeak eta tabernaz betetako arkupeak mugatzen duten espaziora. Azken hauek herritarrez lepo ziren, kafea hartu bitartean  ekitaldia jakinminez jarraitzen batzuk, frontoian jolasean zebiltzan haurrak bezain ezaxolati beste batzuk. Zerua argi samar zen oraindik omenaldia hasi zenean. Euri zaparrada hasi zenerako etxera bueltan ginen denok.

Hitza hartzen lehenak, Luren agurraren ondotik, Eider Rodriguez idazlea eta Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendaria izan ziren, eta tartean Jose Mari Gabiriaren testu bat irakurri zuen urte luzez ETBn Hasierrekin buruz buru lan egindako Yolanda Mendiolak -azken urteetan oso pozik eta maiteminduta ikusten zuela nabarmendu zuen honek, eta lanerako gogoz-; bata bestearen segidan.

Rodriguez eta Otamendik idatzia zuten Hasierren omenezko testu bana egunkarian aurretik ere, baina mintzaldi berri bat eraman zuten oholtzara. Hasierren lagun Chirbesen ahopaldi bat gogora ekarriz hasi zen Eider Rodriguez, Crematorio lanekoa: “`Inor ez da bizi norberarentzat, eta inor ez da hiltzen norberarentzat´; Zer gauza sinplea eta aztoragarria era berean (…) Hiltzen bezala jakin zenuen bizitzen, artista izan zara. Inor ez da norberarentzat hiltzen eta zu gu guztiontzat hil zara. Eta aurrerantzean, gugan eta gutaz gaindi, jarraituko duzu bai bizitzen bai hiltzen”.

“Hitzen funanbulista, kontzeptuen sastre eta ordenaren desastre -definitu zuen Martxelo Otamendik omenaldira agertu ezin izan zuen Hasier laguna-, lagunen maxixatzaile, ispilu bakarraren haustaile, egitasmoen su emantzale, kritikaren hauspoa, azalpenen arbela, gauza txikien orbela, besteen diskurtsoen jostun, kameren prima-donna, lapikoen astintzaile, artearen pintzel, izarretan euskaltzale, errealizatzaileen burukomin, argiztatzaileen itzal kontortsionista, boterearen ikaratxo, jakinmin zurrupatzaile, jarreren Marlon Brando, gure herriko aitapontea I, aitapontea II, aitapontea III, liburuen maitale, sibarita eta mokofina, Hendaiako talai eta Gazteluko dorre, urrutikoen herri, bertakoen deserri, benetan artista.

Eta abertzalea, abertzale izateko modu bat praktikatu eta erakutsi zenigulako. Kulturaren bidez bere burua abertzale izatera iristen den herritarraren moduan, esan zenigun libreagoak izango ginela kultuak izanez gero, herritar kulturik gabe ezin dela herri aske bat, herri sano eder bat eraiki. Horretan segituko dugu hasier, egunero jazten, herri hau zuk nahi zenuen geltokira eramateko…”.

Jakina da grina handiko gizona zela Hasier, eta hala, berarekin makina bat egitasmotan elkarlanean aritutako lagunak agertu ziren errenkadan oholtzara. Gumersindo Lafuente, esaterako, itzal handiko kazetaria Espainia aldean, eta Soitu plataforman Hasierrekin batera lan egindakoa. “Zoragarria zen berarekin egotea” adierazi zigun, “elkar asko maite” zutela. Beste kazetari batek hartu zuen gero hitza, Eider Olazarrek, baina honakoan Gazteluko bere bizilagunen izenean, bertan bizi izan baitzen elgoibartarra azken urteetan. “Iritsi zen herrira, Gaztelura, gizon handi eta dotore bat, gabardina luzea soinean, lepoa tente eta begirada zorrotz. Lula txakurra ondoan paseoa ematea zuen maite, etxeko baratze atontzea eta sukaldaritzaz gozatzea”; horrela gorde dute Hasier gogoan gazteluarrek.

.

Gerlari izaera

Joserra Gartziak ez zuen Elgoibarren egoterik izan, baina entzun genituen bere hitzetan -lagunari hika idatzitakoak-, “urregorritzat” omen zituen Hasierrekin igarotako uneak. Gaztetako pasarteak gogora ekarri eta, bien arteko adiskidetasuna ulertu nahian, “biok setatiak eta beti borrokarako prest” izaten diren horietakoak zirela aitortu zuen.

Hasier Etxeberriak kultur kazetaritza zuen lanbide, baina ezaguna da artea, gastronomia, literatura eta beste ere landu izan zituela, jakinmin handikoa baitzen. “Beste” horien artean zegoen baratza, Jokin Arrospidek esan zigunez. Mahala etxeko ugazabak gogoan du baserri kontueta aholku eske ibiltzen zitzaiela Hasier, lurra nola landu eta abar. Sukaldean eta Pagotxa atarietako babeslearen hitzetan, “sustrai sendoa jarri duzu, zure atzetik bidea egin nahi duenarentzat”.

Marie-Darrieussecq idazleak ere bidali zuen testu bat omenaldira, frantsesez idatzia, “beti gordeko dut Hasier ene bihotzean” esan eta laguna agurtzeko; –hementxe duzue testua-.

Hilario Arbelaitz eta Juan Mari Arzakek elkarrekin egin zuten oholtzarako bidea. Lagun mina zutela adierazi zuten biak ala biek. Arbelaitzek sukaldaritza beti euskarekin lotu zuela adierazi zuen, eta “guretzat Jaingoikoa bezalakoa zen”, Arzakek, asko lagundu ziela-eta; “bihotzaren erditik eta sukaldaritzaren barrendik, eskerrik asko Hasier”.

Eta sukaldarien ondotik Oier Aranzabalen txanda, ZUZEUren izenean:

“Idazle sen oso berezikoa zen Hasier”, Susa argitaletxeko editore Gorka Arreseren aburuz. “Konposizioan gardena, estiloan zuzena, estrukturetan beti arina eta bizitasun handikoa” ei zen elgoibartarraren idazkera, bere azken hiru nobelak argitaratzen lagundu zion editoreak. Azkena duela hamar urte argitaratu zuen. “Hurrengoa noizko, galdetzen genion, eta gurekin beti erabiltzen zuen ironia zorrotzez esan zigun behin, Txinatarrak Tibet libre utzi arte bazituela egiteko oso inportanteak, beraz, bere zain ez egoteko”.

Bukaera aldera Bernardo AtxagakOlatz Yarza kazetariak irakurri zituen bere hitzak-, eta Sautrelan elgoibartarran lekukoa jaso duen Beñat Sarasolak ere izan zuten esatekorik -aurretik ZUZEUk argitaratutako testuak biak ere-. Lehena Euskadi Irratiko Faktorian Atxagari berari entzun geniona, “In memoriam”, non esaten duen “bizitzarekin bakean, egindako lanarekin pozik, hurbilekoak inguruan zituela” irudikatzen duela adiskidearen heriotza; Sautrelako lan taldearen izenean “Beti arte, Hasier” izenburupean emana bestea: “… Bizkar zabala ikusi dugu partitzen, motxila alde bakarretik heldua duela”.

Atxaga eta Sarasolaren tartean, beste ahots bat izan genuen presente, omenduaren lagun zahar Joseba Sarrionandiarena. “Orain dela gutxi idatzi zidan Hasierrek mezu bat, nire poesiaren antologian ez delako Sorterriko koplak agertzen, juxtu neure hileta egunerako eskatuta dudan kantua, esaten zidan”, dio hasieran.

Besarkada eta agurren ondoren plaza tantaka-tantaka hustu bitartean, entzun genituen gero koplok, ilundu eta euri jasaren aurretik.

Agurraren bideo laburpena:

Sorterriko koplak lagunari Sorterriko koplak lagunari Sorterriko koplak lagunari Sorterriko koplak lagunari Sorterriko koplak lagunari Sorterriko koplak lagunari Sorterriko koplak lagunari Sorterriko koplak lagunari Sorterriko koplak lagunari

ZUZEUko erredakzio kide