Sisiforen seme eta alabak

180px-sisyphus_by_von_stuck.jpg

Mitologian, artean eta historian infernu lazgarri askoak ageri dira han eta hemen. Gogoan dut, esaterako, Brueghelen koadroetako batean agertzen den infernuetako bat: hotza eta euria egiten du han. Infernura bidalita daudenek, eternitate osoa pasatu beharko dute hotzez eta bustita, dardarka. Izugarri gogorra..
Baina ez da askoz hobea Sisiforena. Odisean ikusten da Sisifo, infernura ez baina, amaigabe bizitzera izan zela kondenatua. Homerok ez du argi esaten zergatik zigortu zuten jainkoek mendi gailurreraino harritzar bat igotzera, baina uste da Minos-ek ezarri ziola zigor hori. Antza, Sisifok ez zuen hil nahi, eta azkenean hil zen arren, bere alargunak ez zituen zerukoei zor zitzaizkien zeremoniak bete. Horregatik itzuli zuten Sisifo mundura, zor zituenak kitatu arte harri handi bat mendi puntaraino igotzera kondenatua. Sisiforen zoritxarra horixe da, gailurrera iristen den bakoitzean, harria maldan behera amildu eta berriro hasi behar duela hura igotzeko lan nekagarrian. Amaigabeki.
Badirudi geuri ere Sisiforen kondena bera egokitu zaigula. Han-hemenka dabiltzan informazioak egia baldin badira, sekula ez gara egon hain hurbil harritzarra, behingoz, gailurrean uztetik. Baina harritzarrak, ai!, oraingoan ere behera egin du. Maldan behera amildu da ziztu bizian eta berriro hasi behar da hura igotzen, negar eta neke artean.
Denok egiten dugu bultza, baina batzuen ardura eta dorpezia handiagoa izan da besteena baino.
Alde batetik bere moduak baizik ulertzen ez dituen erakunde armatu bat dago, konturatu gabe jada ez duela inork maite eta behar bere laguntzarik harria bultzatzen ibiltzeko. Bestetik gobernu bat dago, hitzen preso, Justizia eta Demokrazia bere nahierako bidegabekerietarako erabiltzen ohitua. Alderdi nazionalista bat ere bai, daukan aginpidea ez galtzearren, harritzarra oraindik eta gehiago zamatzen duena. Zertarako behar du PNVak Nafarroa baldin eta daukan apurtxoa galtzeko ez bada? Zertarako zabaldu etorkizuna PSOE+HB bezalako ezkerreko balizko aukera bati? Esan genuen lehengo batean ere Imazen aberria Alderdia dela. Batasuna dago gero, bere eskaerak gutxienekora ekarri dituen arren, inork aintzako hartzen ez duena. Maximalismotan harrapatuta beti, ETAren itzalpetik behin betiko libratzera ausartu gabe. Eta PSOE azkenik, hau ere beti Gobernuaren itzalpean, dakien arren lur honetan ez dagoela konponbiderik eskubideen aitortzatik ez bada.
Bost gurpil horiexek jarrita ditugu harriaren azpian, errazago eramango dugulakoan gailurrera eta aski izango direlakoan PP eta Espainiako nazionalisten kontrako bultzadari aurre egiteko. Baina bai zera, bihar, etzi edo hamar urte barru, berriro egongo gara leku berean, gailurraren ertz-ertzean. Handixe ikusiko dugu berriro harria maldan behera erortzen.
Eta berriro hasi beharko dugu dena, negar eta neke artean. Kondenatuak gaude: Sisiforen seme eta alabak gara.

Hasier Etxeberria. 070609. El Mundo

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

2 pentsamendu “Sisiforen seme eta alabak”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude