Semaforo gorria

Ohituta gaude oinezkoentzat gorri dagoen zebra bidea oinezkoei gurutzatzen ikustera. Semaforoek egungo gurasoek baino aginpide gutxiago dute. Alde batera eta bestera begiratu, eta autorik ez datorrela, edo urrun dagoela jabetuta, aurrera jotzen dute. Batzuetan  gazteak izaten dira, bestetan helduak, askotan agureak. Edonor izan daiteke. Istripuak izaten dira, arinak bezain larriak, “ez dut etortzen ikusi”, “despistatuta nenbilen”, “musika jarrita nuen”, sustoak, autoen klaxonak eta gidarien madarikazioak zientoka, milaka, urtean zehar. Gurutzatzen duten gehienak ez dira, ziur aski, presaz joango, eta minutu pare bat itxaroteagatik ez zaie deus gertatuko, baina denborak eskuetatik ihes egiten digulakoan bizi garen mundu alu honetan ez dago segundo bakar bat ere alferrik galtzeko, are gutxiago errepidea hutsik badago edo autoen burrunba urruna bada. Gorri iraun bitartean zauden tokian geratzen bazara destainaz begiratuko dizute gurutzatzen ari diren horietako askok, haiek oso azkarrak eta zu memelo hutsa zarela argi utzi nahian edo. Erronda ordaintzea dagokienean alde egiten dutenen begirada bera da, ilara guztietan aurre hartzen dutenena, azkenak izan arren, autoan doazenean sigi-saga aurreratzen dutenena, baimenduta egon ala ez.

Horregatik,  gaur goizean auto batek gorri zegoela zebra bidea gurutzatzen ari zen listopasatu horietako bat harrapatu eta airean astindu duenean ezin izan diozu “ Gora Sanfermin” oihukatzeko tentazioari eutsi ahal izan.  Zu zinela konturatu zaren arte. Eta egia esan, ez zenuen batere presarik.

MARTITZENA 13