Segundo Marey gogoan

Segundo Marey gogoan

Berria egunkariak GAL talde terroristaren ekintzen ingurukoak argitaratu izana sekulakoa izan da, zinez. Ez dago ordaintzerik halako ahalegina, memoria landu eta gordetzeari dagokionean, bederen. Ez dakit nortzuk dauden aurtengo Rikardo Arregi Sariaren epaile lanetan, baina ez dute zaila, zinez: idatzita geratu da gure historia hurbilaren aldi ilunenetakoa. Eusko Ikaskuntza eta enparauek ere badakite nor saritu memoriaren eta historialaritzaren alde egindako lanagatik. Aurten, behintzat.

Nik uste memoria oso kaxkarra dugunok eskertzen ditugula gehien halako lanak.  Dena modu errazean ahazten dugunok, derrigorrez behar dugu iragana zizelkaturik dagoela jakin, harrian, tintaz, sare digitalean edo nolabait.  Kaskarinok haizeak eraman ez gaitzan, baten batek hartu behar du geu ainguratzeko lana. Eta Berriak hartu du, bai horixe. Eskerrik asko, benetan.

Segundo Marey gogoanLan itzel horren barruan, Mareyri buruz mintza nendin deitu zidan Jokin Sagarzazu kazetariak eta ez zen izan nik asko nekielako, baizik eta ez zegoelako inor askorik Mareyri buruz mintza zitekeenik. Antza. Izan ere gizon umil, ixil eta lotsatia izan zen zen Marey, batez ere patua handixka bilakatu zitzaionean.

Bera norekin nahastu zuten ere, ustez bederen, banekien, eta zerbait bazen Mareyri buruz bi hitz esateko. Egoki bildu zituen Sagarzazuk, Minaren zimurdurak izeneko elkarrizketan:

<<Entzun nahi zituen hitzak entzun gabe hil zen Segundo Marey 2001. urteko abuztuan, 61 urte zituela, Hendaian (Lapurdi). Bere bahiketaren erantzule politikoak nortzuk ziren argi zeukan, baina ez zuen inoiz haien izenik eman nahi izan. Beraiek urrats hori egitea espero zuen, baina ez zuten egin, ez dute egin. X jaunaren izena komunikabideren batean agertzen zen bakoitzean, Felipe Gonzalezen irudia agertzen zen bakoitzean, pizten zitzaizkion mamuak. Hil arte, gau eta egun, azaltzen zitzaizkion. “Nik ez nion entzun Felipe Gonzalez zela X jauna literalki esaten, ezin dut hori aitortu, baina behin eta berriz, testuinguru zehatzetan, esaten zuen denok bagenekiela nor zen X jauna”. Hori gogoratzen du Hasier Etxeberria idazle eta kazetariak.

Marey auziko epaiketan izan zen Etxeberria, kazetari moduan. Familia lotura bat dela medio ezagutzen zuen Marey, eta horrek “hurbiltasun puntu bat” eman zion, beste kazetarien aldean. Herrikideak ziren, gainera: Hendaiakoak (Lapurdi). Marey maiz biltzen zen Etxeberriaren emaztearen aitonarekin, zezenketei buruz hitz egiteko. Hori baitzuen afizioetako bat, gogokoena, musikarekin batera. Eta ilobak, familia. Komertziala zen ofizioz. Oso bizitza lasaia zuen: familia eta lana. Etxeberriak gogoratzen duenez, oso pertsona onbera zen, oso lagunartekoa, lotsatia eta ez oso hiztuna. Bahitu aurretik, baita ondoren ere. “Nik daukadan oroitzapena da gizon apurtu batena. Berak ere ezin zuen sinistu gertatu zitzaiona. Bizitza pitzatu zioten erabat”.

Erabat gogobete ez zuen sententzia bat eskuetan eta bahiketak eragindako zaurien arrasto fisiko eta psikologiko nabarmenekin hil zen Marey. “Hori ez zen ezer konparatuta gizonaren izpirituan eragin zioten minarekin”. 18 urte igaro ziren 1983ko abenduko 4an, 20:00 jotzeko hamar minutu falta zirela, etxeko atea jo eta GALeko bi mertzenariok indarrez hartu, auto batean sartu eta Kantabriako (Espainia) etxola batera eraman eta han bederatzi egunez egoera basati batean bahituta eduki zutenetik. Ordutik eta hil arteko egunera arte, bere oroimenetan “errefuxiatuta” bizi zen Marey. “Aurpegian nabari zitzaion mina”.

Jatorri espainiarra bazuen ere, erabat frantziartua zegoen, “pentsamenduz eta bizimoduz”. Eta giro horretan hezi zituen seme-alabak, Etxeberriak gogoratzen duenez. Hendaiako kaxkotik behera, Aizpurdi kaleko etxea mantentzen du familiak, baina ez da ziur han bizi direnik urte osoan. Marey hil arte han izan ziren. Eta historiaren paradoxak: kale horretan bertan bizi ziren Angel Gurmindorekin batera 1984an GALek hildako Bixente Perurenaren senideak.

1936ko gerran Espainiatik ihes egin zuten errepublikar batzuen semea zen Segundo Marey. Horrek, Etxeberriaren aburuz, min handiagoa eragiten zion. “Kalte-ordain txiki bat jaso zuen. Baina horrek ez zuen garrantzirik berarentzat. Asko mindu zuen komunikabideen jarrerak: nola azpimarratzen zuten kalte-ordainarena eta ez gertatu zitzaion guztia”. Mareyk jakin nahi zuen haren bahiketa nork egin zuen: burutu eta agindu. “Berak errekonozimendua nahi zuen. Bahitu zutenek esatea erratu egin zirela: barkamena. Hori egin izan baliote nik uste dut Marey bere onera etorriko zela. Baina berak ezin zuen ulertu nola hori ez zioten egiten eta nortzuk eta bere sokakoek, gainera”.

Euskal Herriari buruzko ikuspuntua erabat aldatu zioten bahiketak eta ondorengo urteek. Etxeberriak dioenez, Marey ez zen “inondik inora” euskaltzalea. “Ez zen pertsona oso politikoa, baina errepublikano frantziarra zen, sozialista”. Gertatutakoak, baina, ikuspuntua aldatu zion. “Euskaltzaletu ez, baina, behintzat, beste errealitate bat hasi zen ikusten. Berak bat-batean oso hurbiletik bizi izan zuen errepresioaren errealitatea, eta denok oso gogoan dugu urte haiek zein gogorrak izan ziren Hendaiako aldean, GALekin, errefuxiatuekin alde batetik bestera… Mundu hori oso arrotza zitzaion, eta kolpez ikusi zuen ordura arte harentzat ikusezina zena”. Ikusezina mamu bilakatu zen harentzat, eta denborak, zauriak itxi beharrean, hil arte eduki zituen irekita. Zimurdurak aurpegian bezala.>>

(Oharra: gaizki ulertuko zidan Sagarzazuk, ni ez bainintzen sekula izan epaiketan, baina egia da garai hartan ETBko albistegietarako ibili nintzela Mareyren jirabueltan…)

Memoria pinportak gordetzeko ahalegin honetan, neuk 2010 urtean, blog honetan bertan idatzitako beste kontu bat dakart, Mareyren oroitzapena gordetzeko orduan kalterik ez duela egingo sinetsirik. Gonzalez eta Marey du izena. Izan ere, Marey ez dute bakean utzi ez eta hil eta gero ere, nortzuk eta kaltea eragin zietenek eurek.

Niri gogoan iltzatuta geratu zaidan irudia da Marey  txorikume bat zela, guk txikitan esku artean gordetzen genituen hegazti ahul haiek bezalakoa, eta gure arteko inozo batzuk baizik ez garela akordatuko orain eta gero berarekin. Ez behintzat berak hain maite zituen Espainia eta Frantziako biztanleak. Lurpean egonezinik mugitzen hasteko modukoa behar du izan, sekula aitortu ez duzun herri honetako lagunak bakarrik gogoratzea zeurekin eta zeuretarrek egin zizkizuten izugarrikeriekin. Ez da hala, Segundo?

Segundo Marey gogoan

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)