Sasi kristaua naizenekoa

Sasi kristaua naizenekoa

Urtero entzuten dugun eta entzuten jarraituko dugun bezala, Gabonak geroz eta goizago hasten dira. Nire antena telebistako iragarki bat entzutean pizten da: “Bi-bi-bizak!” Orduan ohartzen naiz badatorrela batzuek hainbeste maite eta beste batzuk hainbeste gorroto duten garaia.

Gabonak eta hipokrisia.

Dakigunez, Jesus udan jaio zen, baina kristauek abenduaren 24ra aldatu zuten ospakizun eguna, erromatarrek Saturnalia deitzen zioten jaiarekin kointziditzeko. Hots, neguko solstizioarekin (abenduak 21-22). Hainbat herrik egun horretan sekulako jaiak egiten zituzten, eta kristauek ohitura hori ezin zutela ezabatu ikustean, neurri batean bereganatu egin zuten. Ezin baduzu etsaia garaitu, lagun bihurtu.

Mitologiaren arabera, Jesus jaio zenean Olentzero albistea lau haizetara zabaltzen aritu zen Euskal Herritik. Euskaldunei Kixmi (Jesus) mundura etorria zela jakinarazi zien, eta hori entzutean jentilek euren aroa amaitutzat eman eta beren buruaz beste egin zuten. Ziurrenik Olentzeroren ideia erromatarrek kristautasuna ekarri baino lehenago egongo zen hemen, eta neguko solstizioko jaiarekin bezala, bereganatu egin zuten.

Kontua da Olentzero kristautasunaren agente bilakatzeaz gain, zergatik bihurtzen naizen ni ere fedearen fedearen mezulari urtean behin

Sasi kristaua naizenekoa

Gure herrian urtero irteten gara koadrila handi bat, eta ikaragarri maite dudan eguna da. Herriko baserri guztiak bisitatzen ditugu, eta etxekoek ardoa eta jateko zerbait ematen digute. Bada egun horretan besterik ikusten ez dudan jendea, ia herrira jaitsi ere ez direlako egiten. Horretaz gain, urtean zehar ahaztuta izan ditudan bidezidor batzuk nire buruko mapan kokatzen ditut berriz ere, eta baserrien izen zerrenda ere freskatzea tokatzen da. Inondik inora ez nioke muzin egin nahi egun horri, baina Jesusen istorioak abesten aritzeak urdaileko mina ematen dit.

 

Ai hau gabaren zoragarria! Jesus jaio da Belenen

Etxe honetan sartu ote den billa gabiltza beronen.

Belaunbikoka joan ginaden Nazaretikan Belena,

geuk adoratu behar dugula Jesus Maisua lehenena.

.

Apustu egingo nuke presoen aldeko Olentzero batzuetan ere antzeko zerbait abesten dutela! Horrelakoetan, benetan diotsuet, ez dakit zer pentsatu. Ez da batere zaila lagun koadrila datorren astean ardo batzuk hartzeko gelditu eta letra koskor batzuk ateratzea. Makina bat herritan hasi dira horretan, eta oso harrera ona izan du.

Mantendu behar dena herriko gazteek baserriak bisitatzeko ohitura da, euren herrian koka daitezen, bidezidorrak ezagutu ditzaten, baserri eta baserritarren izenak ikasteko… Ez elizaren mezuarekin kaka ematen jarraitzeko. Kanta batzuen letrak edo doinuak aldatzea pausu txiki bat da, erraza gainera. Judeo-kristautasuna ernamuinetik erauztea baina errazagoa bai behintzat.

 

5 pentsamendu “Sasi kristaua naizenekoa”-ri buruz

  • Hori da! Letra berriak asmatu! Eta antisemitak eta antikristauak garenez zergatik ez asmatu Ala eta Mahoma goraipatzen duten koplak? Kanpoeder batzuk garenez ahaztu dezagun gure ahozko tradizioak ekarri duena eta goazen zerbait guayren bila. Gainera espainolez egingo dugu, hori baita modernoa eta gustatzen zaiguna!

  • Pakito Ganbelai 2015-12-03 10:05

    Kaixo Deborah. Beharbada ez dut asmatu esan nahi nuena helarazten. Aldaketak letra hauei erlijio kutsua kentzean datza, beraz ez kristau eta ez mahometar; laiko. Espazio batzuetan inor ez da elizkoia, eta hala ere, honelako koplak abesten ematen dute eguna. Pentsatzen dut fedededunek ere hipokrisia ikusten dutela jardun horretan. Ez zait iruditzen gabonetako kanten letra aldatzeak zerikusirik duenik ahozko tradizioa errefusatzearekin. Amaitzeko, abestiak gazteleraz? Ez, mesedez.

    • Erabat ados. Urtezaharrean eta Santa Ageda bezperan egiten genuen (eta egiten segitzen duten) bezala jokatzearekin ados: bertso eskoletan edo lagunartean koplak ondu, eta kalez kale, tabernaz taberna eta baserriz baserri kantatzea. Gabon gauean ere berdin egin daiteke, esaldi edota hitz jakin batzuk aldatuta, edo bestela letra osoak konposatuta.

  • Gai horrek ez nau asko kezkatzen, kantak tradizio bat erakusten dute, eta hitzak interpretatzea eta bere lekuan kokatzea oso modu erraz eta naturalean egin daiteke.

    Gabonetan, errotik kendu behar den lehen gauza gure haurrak Olentzero, Errege Mago edo dena delako izaki magikoekin engainatzea litzateke (are gehiago, mezu honetan azaltzen den moduan, erlijioa baztertzeko kezka badugu, hori ere sineskeria bat denez).

    Inolako zentzurik ez duen gezur eta magikotasun (zentzurik txarrenean) batean hezten ditugu haurrak. Eta gero harrituko gara arrazionalismoari uko eginez edozein sineskeria edo sasizientifikotasun irensten badute lasai-lasai.