Sansoheta, quis custodiet?

Sansoheta

Atzo makina bat gauza gertatu ziren; %99,9ak ez du albiste izendapena jaso, eta geratzen den apur hori asko da. Atxiloketak Altsasun (espero genuen), EAJ eta EH Bilduren arteko akordio aukerak disolbatzen ari dira (espero genuen), Iruñeako Gaztetxearen kontratua baliogabetzeko eskatu du Geroa Baik (berria hori da, UPN eta PSN-rena espero zitekeen), ertzain bat hil da N-1ean lanean ari zela, 1936 aurretik ertzain izandako azkeneko laguna hil da, Katalunia, Kolonbia…

Horrek zailtzen du askotan nahi dena, norberak garrantzitsutzat jo dezakeena, fundamentuz aztertzea. Baina atzo, eguneroko anabasaren erdian, albiste bati erreparatu nion. Soroan ingurukoak baino gutxiago hazi den artaburua bezala; metroko bagoiko ezezagun hori; arrautzaren gorringoa ez garenok arrautzaren gorringoa ez direnei begiratzen diegunean gertatzen den hala moduzko zera hori. Izenburu motz eta albiste laburrak ene irudimenean eta barne munduan eleberri malenkoniatsu baten gasolina bilakatu eta, aspaldi hontan galtzen ari naizen ohitura bati jarraiki, pentsakor ipini nintzen.

Arabako Foru Aldundiaren Sansoheta zentroko adingabe batek apirilean salatu zuen prostituitu egiten zutela“. “Gutxienez bost gazteren salaketak daudela baieztatu du aldundiak“. “Gonzalezek jakinarazi du espetxeratutako psikologoak ez duela 2015etik lan egiten aldundiarentzat”. “Salaketaren barruan dauden adingabeak 14 eta 17 urte artean dituzte. Horietako bat iragan apirilean salaketa jarri zuen adingabea da”. “Gurasoek zaintza galdu eta epaile batek foru erakundeen esku utzi dituen gazteak dira”.

sansoheta

Garuna lantoki eta mihia lanabes dauzkan gizon batek du ardura berriro; zergatik diot berriro? Beste testuinguru batzuetan apaizek jokatzen duten papela jokatzen dutela zentro publikoetan psikologoek. Adingabeen konfidantza lortu nahi da, bizi behar izan dituzten esperientzia gogorrak konta ditzatzen, izan dezaten noren besoetan negar egin, senti daitezen ulertuak, entzunak, babestuak; eta ankerrenak, zitalenak, doilorrenak, bere zereginaz, denboraz eta espazioaz baliatzen dira egoera probesteko. Boterea, dirua edo sexua, hiruko santua

Egoera hori Sansohetakoa bezalako zentro batean gertatzea bereziki larria da. Pertsona bat atxilotu eta hamalau galdekatu dituzte; baina egoera hau, gainera, denboratan luzatu zen. Oroitu behar dugu gazte horiek zentro horretan egotearen arrazoia honakoa dela: administrazio publikoak zaintza kendu zieten gurasoei. Norena da erantzunkizuna orain? Egileena bakarrik, edo beste norbaiten axolagabekeriarena ere bai? 

Quis custodiet ipsos custodes? Nork zaintzen du zaintzailea?

sansoheta