Sagardotegitik bueltan

images-3.jpg

Beste koadrila batekin zegoen neska begi eder batek esan dit sagardotegian ea neu ote naizen BOST IDAZLE liburua idatzi zuena. Bistakoa zen ezagutzen zuela erantzuna, baina, hala ere, baietz esan diot. Zer erantzungo nion ba? Ederra zen neska pertxenta, lamia  bat bainoago, gazte-lerdena gorputza, eta ahotsa zeukan eztizkoa. Begirada, bertan urtzekoa. Gainera, zer arraio, nik idatzi nuen liburu ditxosozkoa. Baietz, beraz. Orduan berak: asko lagundu dit zure liburu horrek. Eta ni harritua eta perplejua geratu naiz, ez bainaiz ausartu galdetzera zertan lagundu dion nire lan horrek. Han joan da ihesi, bufanda bat lepoan bilduta. Egia esan, ezin dut irudikatzen ahal zertan lagun diezaiokeen BOST IDAZLEk bera bezalako printzesa bati, ez baita berez autolaguntza liburu bat. Ez nuen uste horrekin egin, behintzat. Hala ere, berarekin bat egin dut, eta esan diot, niri ere asko lagundu zidala liburu hura idazteak. Eta gero, sagardoaren ugariak eta ondorengo Grand Marnier eta Drambuie kopek garuna lurrundu didatenean, gozo-gozo egin dut etxerako buelta gure auto hiperteknologikoan. PULP FICTIONeko John  Travolata baino gozoago itzuli naiz, leiho guztiak zabalik, alkoholemia kontrolak asmakizun hutsak direla erabakita. Eta hala dira zinez, ez baitzait bakarrik ere egokitu bi estaturen arteko autopistan. Sarrionandiaren HAU DA NIRE ONDASUN GUZTIA neukan jarrita autoko CD irakurgailuan, beti bezala. Gorrotatzen ditudan abeslariak badira tartean, baina, Sarriren poemez gain,  kantu ederrenak ere bertan biltzen dira enetzat.  Eta hasi naiz pentsatzen zerk lagundu ote didan niri bizitza honetan. Zerrenda bat egiten hasi naiz ene buruan: ISTURITZETIK TOLOSAN BARRU, Joxean Artzeren lehen poema liburua; David Bowieren ZIGGY STARDUST; The Clash taldearen SANDINISTA; EL ANIMAL MORIBUNDO, Roth-en eleberria; SEIS PROPUESTA PARA EL PRÓXIMO MILENIO, Italo Calvinoren hitzaldiak; PAILAZO BATEN ABURUAK, Heinrich Böllena; Francisco de Goyaren zakurraren koadroa; Häendelek zikiratuentzat egin zuen musika … Eta hala, Laboak portugeseraz “Nâo es tu” kantatu eta Martin Larraldek zerua itsaso zikin bat dela esaten zuen bitartean, inventarium txiki bat egiten hasi naiz  oraindik ere itxi ez dudana, luzea baita autolaguntzarako asmorik izan gabe ikaragarri lagundu didaten gauzak. Eten egin dut kontabilitatea, erabakiz, asuntu guztiz partikularra dela hori, baita printzesen kasuan ere. Eta partikularra den neurrian onartu behar dudala BOST IDAZLEren gorazarre ezustekoa. Hala ba, etxera sano iritsi izanaren pozarekin hasi naiz lerro oker hauek idazten, pentsatuz agian zuk ondo lo egin eta dutxatu ostean, bulegoan irakurriko dituzula, zuzen.

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

5 pentsamendu “Sagardotegitik bueltan”-ri buruz

  • Lagundu ez dakit lagundu didan zure liburu horrek baina inbiria bai sentitu nuela hain idazle handiekin aurrez aurre (edo) egoteko aukera izan zenuelako, batez ere han izanik hemen ere baden horrekin.
    Portzierto, zelan jakin duzu bulegoan irakurriko nuela hau? Aztia-edo zara? 😉

  • Jezulin adiskidea, zure iruzkinaren lehen zatiari ez diot deus errango: jakin beharrekoak oro BOST IDAZLE liburuan bertan aipatuak baitira. Bigarren zatiari buruz, ostera, zera: egunero 125 eta 200 bisitari etortzen zarete nire blogera. Horietako gehienak, goizeko 8 eta 11 orenen artean. Pentsatu nahi dut, gainera, meatzari eta olagizon gutxi dagoela bisitarien artean. Alegia, gehienak, nire antzera, zeuon ordenadorearen aitzinean eserita egiten duzuela lan. Bulego batean, gehienetan. Ez, ez naiz aztia. Zoritxarrez. Nahiko nuke, hala ere.

  • talo Calvinoren hitzaldi horiek batzen dituen liburua laburra eta dentsitate handikoa da. Gardenak eta ederrak dira Calvinoren hitzaldietako gogoetak. Niri gehien gustatu zitzaizkidan pasarteak: Arintasuna eta Ikusgaitasuna.

  • Hasier Etxeberria

    […] Galdera “potentea”, bai horixe: Zerk lagundu dizue bizitzan? Konatxe jaunak erantzun zion bere blogean, sagardotegitik bueltan –begiak lauso, gogoa argi-, eta irakurri nuenetik hor erabili dut buruan jiraka, ezin ezabatu. Nahi ere ez, bestalde. Gainera galderak badu meme trazarik eta beraz, inork nahi izanez gero, segi dezala katea… […]

  • Kaixo On Kixote,

    ni naiz, hortzak garbitu gabe oraindik, pijaman eta Chopin-en “nocturne”tariko bat entzuten, hilabete dexente pasa ondoren jai egun batean eta etxetik idazten dizuna; printzesa birjina ala herensuge bortxatua, izan genuen premiagabeko elkarrizketa horretatik bizirautea lortu zuen aditz horri merezi duen objektua ekartzera datorrena.

    Ostegunek duten festaurreko giroak epeldutako gau hotz hartan nola egin genuen topo lagun baten komentario baten harira ekarri nuen gogora orain gutxi. Haritzez egindako kupel hezetuz inguratutako ikuilu hartan, nere anaiak zirikatuta zerrauts artean pausu batzuk zugana ematera ausartu nintzela eta gertu izan nintzenean etzitzaizkidala kuleroak desintegratu baina eroso sentitu nintzela zure ondoan lehenengo hitzak botatzean. Ni hitz-jario txarrekoa izanik ordea, elkarrizketak etzuela askorako eman eta Lizeagako Jokin-en txootx! deira momentu hartan betetzen ari zen edalontzitik sagardo txinpartak lurrera iristea lortu baino lehen zuri bizkarra eman eta sokamuturrean irten berri diren bigantxa galduen eromenaz jendartean galdu eta nere mahaira bueltatu nintzala, anaiak botatako erronka behintzat gainditu nuelako harro eta berataz burlati.

    Ikustekoa izan zen lagunaren aurpegia zurekin izandako enkuentroa kontatzen amaitu nionean; nik mingainarekin sudur punta ikutzen dudan modura, berak betilekin bekainak ikutzera heldurarte begiak iriki zituen eta nere kontakizunaren antza zuen testu bat aspaldi zure blog-ean irakurrita zuela esan zidan. Adarjotzailea izanik, erakutsi zidanerarte enion sinistu eta horrela ezagutu nuen zure blog-a, bertan zuk idatzitako pasartea eta airean geratu zen galdera hura. Idazten duen lagun hau idazten ezagutu nuen.

    Bururatzen zait idaztea, fandango bat dantzatzea bezain suspergarria dela erakutsi beharko liguketela eta sagardotegi guztietako mahaietan, trikitixa baten soinuaz lagunduta orrialde txuriz beteriko liburuak egon beharko luketela edonork edozer idazteko. Idazten dudanean eta idazten eztudanean ere, Bernardo, Angel, Ramón, Koldo, Josebai edo eta zu bezain idazle naizela konturatzen “lagundu” bait zidan zure liburu horrek eta horrela ixtorio honetan hiru eta zure liburuan zazpi izan ginela eta ez bost, bertan topo egin zutenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude