Sadarreko playlista eta terrorismoaren apologia

Sadarreko bozgorailuak eta terrorismoaren apologia –

Idatzi honek Osasuna futbol taldea eta euskal rock erradikala -RRV gaztelerazko jatorrizko hizkietan- lotuko ditu uztarri berean, baina ez ei da komenigarria kirola eta kultura nahastea (gutxitan gertatzen da, alafede!), beraz, esan dezagun sarrera hau, funtsean, politikaz mintzo dela.

Sadarreko bozgorailuak eta terrorismoaren apologiaEspainiako Liga historikoa omen da aurtengoa gizonezkoen euskal futbol taldeentzat, bost baitira lehen mailan lehian direnak, aurrenekoz: Erreala, Athletic, Eibar, Alaves eta Osasuna. Sailkapenari begira jarri ditugu errenkadan, guztietan denboraldi eskasena egiten dabilen taldea baita Osasuna; azken doa.

Taldeen laurdena euskalduna izanik, aurreikus zitekeen bateren batek mailari eusteko estutasunak izatea, eta jada bigarren mailara begira ei dago. Baina emaitzak gora behera, sekulako giroa sortzen ei da Sadarren partida bakoitzeko, porrotak garaipen bihur daitezkeen seinale.

Giro bero horren erantzuleetako bat futbol zelaiko speaker-a ei da, bozgorailuetatik musika jartzeaz arduratzen den -kasu honetan- gizona.

.

Kantu onartezinak

Aurtengo denboraldian, Sadarren ozen kantatu dute gorritxoek Barricada eta Kortatu, algara egin eta disfrutatu, harik eta asaldatu duten arten Gustavo Galarreta, “analista de seguridad y defensa”-. El Español hedabidean “Osasuna y los inaceptables cánticos de El Sadar” idatzi du segurtasun kontuetan aditua den gizonak:

«Kirolean biolentziaren aurkako legeak dio guztiz bateraezinak direla bortizkeria eta kirola; balioetan hezi beharra dagoela eta igortzen diren mezuak horretara jo behar dutela, are gehiago lehen mailako talde batek milaka lagunengana iristeko ahalmena duenean, adin txikiko haurrak asko eta asko -dio Galarreta jaunak artikuluan-. Legeak, indarkeria mezuak ezabatu beharra ere aipatzen du, eta ez dut uste bi kantu horiek legeak dioenarekin bat egiten dutenik».

Eta zeintzuk dira bada Sadarreko soinu-bandan biolentzia sustatzen duten kantu sonatu horiek? Seguruenera zuk, irakurle, ondo ezagutuko dituzun bi (gero hirugarren bat aipatzen du), azpira dakartzagun hauexek:

Sadarreko bozgoragailuetatik indarkeria sustatzea egotzi

Kantuok su egitera deitzen dutela-eta, “oso mezu aberasgarria igortzen diote gure gaztediari”, esaten du Galarretak ironiaz (J. Uriak ere ohartarazi zuen, armagabetzeak kantu batzuk zahar bihurtu zituela). Baina jar gaitezen serio. Benetan larritzekoa da arestian aipatutako kantuen hitzek diotena?

El Españoleko artikuluak harrotu dituen hautsak direla-eta, itaun bera egin du Playground aldizkariak, eta Osasuna zaleei galdetu die zuzenean. Jasotako erantzunak ez du zalantzarako betarik uzten: “Eskuindar hauek, euskal kutsua duen edozerk izorratzen ditu”.

.

Zer dio zalego gorritxoak?

Sadarreko  playlist-ean, aipatutako taldeez gain ohikoak ei dira Rosendo, Skalariak, Los Suaves edo Tijuana in Blue bezalako taldeak, musikari nafar ugari tartean direla. AC/DCren “Hells Bells”, El Equipo A-ren sintonia eta Baron Rojoren “Resistiré” entzuten dira futbol zelaian, Galarretaren aburuz biolentzia sustatzen duten kantuez gain. Zalego gorritxoen oneritzia duten kantuak.

Giroa sortzeko ezinbestekoa bihurtu dela eta Nafarroako bi hizkuntzak egoki erabiltzen dituela, horra Sadarreko speakerrari buruz Playgroundi zaleek azpimarratu diotena. Aldizkariak Eman Egurre, Sadar Bizirik, Lizarrako peña eta Gorriak On Tour taldeetako kideekin hitz egin du, eta salatutako kantuak ere aztertu ditu erreportajean. “No hay tregua”, esaterako, nafarrentzako himnotzat jotzen dute.

“Orain futbola zuritu eta despolitizatzeko joera (edo obsesioa) dago -dio erreportajerako elkarrizketatu duten Arturo Puente kazetari nafarrak-; baina Osasuna zaleen nortasuna RRV eta borroka soziala bezalako gaien inguruan eraikia dago. Eta guzti hori kriminalizatzeko nahia dago”.

“Adierazpen askatasunari buruz mintzo gara, eta adierazpen artistiko gisa, kantu horietako batek ere ez du bortizkeria sustatzen”, dio Eman Egurre taldeak, afera bikain laburtu baino lehen: “Biharko egunez speakerrak Wagnerren “Walkirien desfilea” jartzen badigu ere, ez zaigu herrialde bat inbaditzeko gogo eutsiezina piztuko. Aizu, frogatu beharko lukete ba alemaniarraren kabalkadarekin; ea azkenean Osasuna lehen mailan gelditu behar den!

Sadarreko bozgorailuak eta terrorismoaren apologia