Rodolfo Aresen probokazioa

cc-by: zuzeuphoto
cc-by: zuzeuphoto

Urteetan ETAren biolentzia gaitzestea izan da legezkotasunera itzultzeko baldintza ezker abertzalearentzat. Martxoko Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetan entzun ahal izan genuen baldintza hori, beste behin. “Ez dago biolentzia gaitzesten ez duen ezker abertzalerik ezkutatuko duen siglarik”, esan zigun garaiotan Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako barne ministroak.

1997an Mahai Nazionaleko 23 kide atxilotu zituzten. Legez kanporatzeen ibilbide luzearen hasiera zen. Ordutik zenbat sigla, zenbat alderdi, zenbat epaiketa eta zenbat kartzela zigor izan diren, kasik zenbaezina da.

Anoetako proposamenarekin krisi politikoari aurre egiten saiatu zen ezker abertzalea, baina, antza, ez zen nahikoa. Bakea lehentasuna zela esan zuten arren, ez zen nahikoa. Elkarrizketaren bidea defendatu zuten. Baina elkarrizketa ere ez da balizko lanabesa, ez PPrentzat eta ezta PSOErentzat ere. “Kondena” hitza entzun nahi zuten. Ezker abertzaleak ETA gaitzesten duela entzun nahi zuten. Eta horixe entzun ahal izan dugu eztabaida politiko orotan.

Baina hori orain ez da nahikoa. Baldintza berriak jarri nahi ditu orain PSOEk ezker abertzalea erakundeetara itzultzeko. “Batasuna ez da sekula erakundeetan egongo ETA bizirik dagoen artean”. Halaxe bota zuen Rubalcabak abuztu hasieran. Ezker abertzaleak, urteetan zehar eskatutakoa bete zezakeela ikustean ate guztiak ixtea otu zitzaion, badaezpada ere.

Ezker abertzaleari aukera guztiak itxi ostean, Rodolfo Aresek xaxatzea erabaki du. Ezker abertzaleko buruek ETArengandik bereizteko ausardiarik ez dutela dio. Eta biolentzia gaitzestearen atzean instituzioetatik ETAren terrorismoa babesteko asmoa besterik ez du ikusten. Ez da ez, ausardia kontua, partidako kartak markatuta daudela baizik.

Aresek, Rubalcabak eta konpainiak aurrez erabakita badute erakundeetan ezker abertzalerik izango ez dela, ez dezatela jolasten jarraitu. Ez dezatela xaxatzen jarraitu. Justizia politikarien esku dagoen bitartean normalizazio politikorik ez baitugu ezagutuko.

Zer duzu buruan “Rodolfo Aresen probokazioa”-ri buruz

  • Zurekin bat nator, baina Ezker Abertzaleak (tradizionala) ez du ETA gaitzetsi oraindik. Nik nahiago dut hori aspaldi egin izan balute, hala eta guztiz ere legebiltzarrean egon beharko luketeela pentsatzen dut.

    Argi dago momentu zailak direla alderdi honentzat, eta orain inoiz baino gehiago aldaketa handi baten premia dute aurrera jarraitzeko. Aldaketa honen hasiera, beste alderdi batzuekin batzea izango litzatekeela iruditzen zait, baina dirudienez asko itxaron beharko dugu hau gertatu arte…

    Ondo segi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude