Rock rockaren itzuleraz

(Euskadi Irratiko Arratsean saioan totelkatutako testua)

Tarteka itxura egin dudan arren, ez naiz musika kritikaria, eta zuotako gehienak bezala, ni ere galtzen naiz etiketa eta nomenklaturaren labirinto nahasgarrietan. Baina gainadjektibazioa bezain kondenagarria da sailkapen oro urardotzeko ahalegina egiten dutenen jarrera ere; berdin esango dizute “Dena da popa” edo “zerk ez du gaur egun rockaren eraginik”. Baina ez zaitzatela hitz ponposo irazokitzaileekin engaina. Rocka esaten diogun hori maite dugunok martxa baten lehen notak entzun orduko dakigu belarrietara iristen zaigun hori gure grina asebeteko duen rock-rocka edo bestelako suzedaneoa den. Dardarka hasten zaizkigu oinak, higitzen nahigabe gorputza baxuaren erritmoan.

Oinak ezin gelditu bai, baina disimuluan eta burumakur. Hala aritu behar izan gara nortasun eskaseko rockzaleok azken urteotan, indie eta post aurrizkiaz atondutako orotariko folk eta pop kantuek rocka garaitu baitzuten aspaldi giro (sasi) intelektual eta kulturzaleenetan.

Egiari zor, baita donostiako auzoari ere, bada salbuespen bat, jatorriz poperoa omen den hiriko rockzaleok biziki estimatzen dugun eta ia den-denen onarpena duen Ze Primikin jaialdia. Orduan bai, folky epelenek ere lehenengo ilarara hurbildu eta izerdi patsetan blai, rock doinuen neurrira astintzen dituzte euren hezur eta haragi gero eta abandonatuagoak,  Gasteszenako bilkuran, garai batean inauterietan eta orain Aste Nagusiko Irrikitaldian nola, urteko gainontzeko egunetan debekatutako oro baimenduko balitz bezala. 

Baina urteko beste 364 egunetan, edo 365 bisiestoa bada, ustezko goi zirkulootan, rockzale(e/o)k tronpetadun euskal taldeak adina mespretxatzen dituzte “ekarpen berririk egiten ez duten  birtuismoak kutsatutako” gitarra doinu biziak.

Hala, pop edo espermientazio zaleen nagusitasunera makurtu eta gure buruari traizio eginda, hasi ginen rock kontzertuetara soilik gure hiri edo eskualdetik urrun zirenean joaten, facebookeko murruan agertuko beldurrez argazki kameren flashei ihes egiten, talde maiteenen kamisetak pijamaren apalera erretiratzen…

Hasi ginen, baita ere, inork susmatu ez zezan, ahots hauskorreko folk abeslariak txalotzen, Ertz Jaialdira eta Paperezko Kontzertetuetara joaten, musika esperimentala blog, txio eta egia berdaderorik gabeko tabernazulotan aldarrikatzen, Igeldo mendira igo eta Kutxa Kulturreko jende guapoarekin ahal bezain duinki nahasten

ty

Eta, zertarako ukatu, prentsa akreditazioen pribilegioak lagun, Illarramendiri Real Madrilekin gertatu bezala, arbuiatutako hura jasangarri -gustagarri ia- egiten hasi zitzaigun azkenerako. Baina, orduantxe, Wilco, Sean Nicolas Savage eta abarren diskografia osoa Itunesen erosi eta hilabete bateko alokairuak adinako salneurria duen Primavera Sounderako sarrera hartua genuenean, hara non hasi diren, popzale sutsu autoizendatutako kritikari, musikari, kazetari eta abarrak ezin ezinbestean rockero gisa katalogatu beharreko musikariak belarriekin txalotzen.

Aurretik Capsularen gisako taldeen arrakasta jada sintoma argia bazen, azken hilabeteotan froga zalantzaezinak pilatu ditugu Donostiatik atera ere egin gabe: Bueltan da rockaren nagusitasuna. 

Lehenengoa, non eta Kutxa Kulturren bertan, Donostia eta ingurutako popzale indie, hipster, gafapasta eta dirudun ororentzat urteko ‘eventoa’ den horretan, ziur asko ezagutuko ez dituzun El Columpio Asesino, The Pains of Being Pure of Heart edo Lory Meyers-en gisako taldeak protagonista dituen jaialdi bankuzalean. 

Aipatu taldeak ziren kartelburu, bai, baina txalo, iruzkin eta laudorio guztiak Natural Child izeneko rock talde amerikarrak lapurtu zizkien. Ze Premikineko izpirituaren ezusteko berpizkundeari soilik egozteko moduan dantzatu ziren, ahateak arrantzatzeko postuaren pareko eszenatoki txikiari begira, rockzaletasuna musika entzuten sendatzen zela esaten zuten handiuste guztiak.

Bigarren froga are da argigarriagoa. Ezinbestean rockarekin lotu behar den Ty Segallek inguruotako astro guztiak pilatu baitzituen -baita tartean, Mikel Erentxun bera ere- Intxaurrondo Kultur Etxeko lau hormen artean. Sekulakoa izan zen. Ez omen zen inor falta. Halaxe esan zuten jada pop/folk edo dena delako zale ohi izendatu ditzakegun horiek. Baina ez ziren ohartu itxuraz deskubritu berri duten musika hori benetan maite dugunak ez ginela han. Etxean geratu ginen, berriro itzuliko diren esperantzatz, Sean Nicolas Savage eta Robert Ellis-en gisako ahots eztiko doinu geldoak hitzez hitz eta notaz nota ikasten.

NIRE KONTRA ESANAK