#ResistGasteiz, albo-kalteak (edo Maroto eta suhiltzaileak)

#ResistGasteiz, albo-kalteak (edo Maroto eta suhiltzaileak)Askeguneak arabar suhiltzaileek igorritako gutun bat eman du ezagutzera facebook bidez, atzoko Gasteizko Herri Harresian jazotakoen harira.

Jakina da Javier Marotori Andra Mari Zuriaren plazako garbitasuna baino ez zitzaiola inporta atzo, Herri Harresiko kideei mehatxu egin baitzien garbiketa lanen faktura (6.100 eurokoa, antza) ordainarazi beharko zutela. Horretarako suhiltzaileen parte hartzea agindu bide zuen; ez zuen laguntzarik jaso baina.

Hemen duzue suhiltzaileen gutuna, guk geuk euskarara ekarria:

 

«Egun on!

Atzo, Andra Mari Zuriko mobidaren baitan Batailaren monumentuan jarritako pankarta kentzeko deitu ziguten. Bertaratutako suhiltzaileek egiaztatu ahal izan zuten  pankartak ez zekarrela inolako arriskurik ez pertsonentzat ez ondasunentzat Herritar Segurtasuneko irizpideen arabera, eta berau kentzeari uko egin zioten. Maroto jaunak gure eginbeharra zein den berak ezartzen zuela adierazi zigun, eta kentzeko agindu zigun berriro. Lanean ginen suhiltzaile guztion ezezkoa zela-eta, udaltzainek banan-banan identifikatu gintuzten, eta espediente bat irekiko zigutela eta ekintza judizialak izango genituela jakinarazi ziguten.

Beraz, oraingo honetan esfortzu bat egiteko eskatzen dizuegu: ez eman botorik PPri, zigortu egingo gaituzte-eta!».