Ramegante 2011

MjA5Ng== MjA5NQ==

Kasualitatez, despiste baten ondorioz, edo hitztripuz sortutako hitza da ramegante. “Ramon Saizarbitoria…” izenarekin hasten zen maketa batean itsatsi zuten Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaren kronika. Eta sorreran “Elegante bukatu zuen…” zioen testua, “Ramegante bukatu zuen…” bilakatu zen.

Artikulua irakurri zutenen artean, asko konturatu ere ez ziren egin. Batzuk hiztegira jo zuten erantzun baten bila, edo kontextuarekin dotore esan nahi zuela pentsatu zuten. Edo besterik gabe, hitz hura ulertzen ez zutela pentsatuko zuen batek baino gehiagok eta irakurketarekin aurrera jarraituko zuten. Iñigo Astizek, artikuluaren sinatzaileak, Google-ra jo zuen lehenik eta behin, berak bidalitako testuan elegante zen hitza ramegante bilakaturik ikusi zuenean. Google-k, ordea, sarrera bakarra eskaini zion erantzuntzat: bere artikulua.

Hibrido bat da ramegante. Ramon Saizarbitoria eta elegante hitzetatik sortua. Beraz, Saizarbitoriaren dotorezia duena izendatzeko erabili omen daiteke, edo baita Julio Soto bezala bertsotan egiten dakiena izendatzeko ere. Baina irekita dago oraindik, hitzaren genesian baikaude sortzailearen arabera.

Eta hitztripuz sortutako hitzari kabida eman nahi izan dio Astizek gure hiztegietan. “Ramegante 2011” ekimena sortu du horren harira. Izen hori daraman taldea sortu du Facebook-en.

Taldearen helburuetako bat, 2011ko martxoaren 21ean, hau da hitza sortu eta urte betera ramegantek Google-n 500 sarrera izatea da. Baina, anbizio handiko proiektua da honakoa, eta gerora, Euskaltzaindiak hitza onartzea dute xede.

Horretarako, noski gizarteak hitza onartu eta erabili egin behar du. Hemen duzue taldearen manifesuta eta ramegante hitza erabiltzen hasteko deialdia.

Irudia | julio soto | zz | Creative Commons By SA
Irudia | Ramon Saizarbitoria | zz | Creative Commons By SA