Putzuzuloko gaztetxearen okupazioa epaituko dute asteartean Donostiako auzitegian

Zarauzko gazteak putzuzulo atarian
Zarauzko gazteak putzuzulo atarian

Duela lau urte Zarauzko gazteek Lizundia oihal fabrika zaharra, erabilpenik ez zuena, okupatu zuten eraikinari bizi berri bat emanez. Orduan hasi ziren eskulanak, lehen eraikin gris eta zikina zena koloreen “amets fabrika” bihurtzeko. Elkarlanean, gazte mordo baten ilusio eta ekimenez, gaztetxeari forma eman zioten; hala nola, koloreztatu, barrenak garbitu… Eta ordutik hasi zen erreferente kultural izaten herrian.

Zer esan bertan antolatu diren kontu guztiei buruz. Izan dira makina bat euskal talde ezagun; Anestesia, Betagarri, Ruper Ordorika… Baina hori ez da garrantzitsuena, Zarauzko taldeentzat plaza irekia izan da, sortzaileen lanentzat eszenatoki. Bestalde antzerki taldeentzat zein filme proiekzioentzat irekia egon da Putzuzuloko atea. Makina bat jendek bidaietako esperientziak kontatu ditu eta argazkiak proiektatu, ikasleek kurtso amaierako bidairako diru bilketa kontzertuak antolatu dituzte, bertsozaleek Zarauzko zein Euskal Herriko punta-puntako bertsolariak aditzeko aukera izan dute… badirudi nahikoa dela.

Bada ez. Putzuzulo ez da soilik erakusleiho izan, sortzaileen kabi ere izan da. Bertan atolatu dira zenbait tailer eta ikastaro, musikaren eta olerkien inguruko hitzorduak, artisten topaketak… ziur naiz motz geratu naizela. Noski! Nola ahaztu! Arraio irrati librea eta Zesatenk! kazeta ere sortu zituzten-eta! Tira ez da intelektual handia izan behar herri honi gaztetxeak eman dionaz ohartzeko. Ea udalak “zankadilla” gehiago jarri beharrean inungo interesik gabe laguntzen duen halako ekimenak ito gabe.

Beraz asteartean egingo da Putzuzuloren aurkako epaiketa Donostiako auzitegian, eta 11:30etan guztiok epaiketara joateko deialdia egin dute. Animatu.

Ekaitza bainuontzi batean