Prozesu independentista, burujabetza sozialetik

Prozesu independentista, burujabetza sozialetik

Testu hau Joxe Elorrietaren “Una mirada sindical contracorriente. Clase, territorio y nuevas alianzas” liburuarentzat Xabi Anzak idatzitako hitzaurrearen itzulpena da.

Plazera da lagun baten liburuaren edizioaren lekuko izatea. Hau gainera, sindikalismoaren apasionatua izateaz gain, zure idazkari nagusia izan bada, plazera harrotasun bihurtzen da, militanteek beti militante izaten jarraitzen duten erakunde baten parte sentitzearen harrotasuna. Eta, nire kasuan bezala, ELAren fundazioaren arduradun bazara, zeinak bilatzen duen sindikalismoaren aspirazio eta itxaropenek behar eta merezi duten oihartzuna lortzea, orduan harrotasuna gogobetetze bihurtzen da. Gogobetetzea sindikalismoak, ezkerrak, eta baita gure aspirazio nazionalak ere, bizi duten garai “likido”etan pentsamendu solido batek plaza hartzen duelako.

Liburu honen edukia esaldi bakarrean sintetizatu behar banu esango nuke mendebaldeko sindikalismoaren garapenaren irakurketa kritiko bat dela, ELA bezalako sindikatu batentzat, eta hedaduraz, euskal burujabetza nazionalaren aldeko balizko artikulazio sozial, sindikal eta politiko batentzat eboluzio horrek sortzen dituen aukera eta mehatxuak marrazten amaitzeko.

Azken urteotan, bere doktoretza tesia argitaratu ostean, Joxe eztabaida ekonomiko, politiko eta, nola ez, sindikalei buruzko bibliografia oparo eta garaikidearen irakurketan murgildu da. Irakurketa horietatik sindikatuko militante belaunaldi berriak ezinbestean ezagutu behar duen esentzia atera du, modu egokian enfoka dezan kapitalismoaren gaurko fasea eta bere helburu nagusienetakoa: sindikalismoaren desaktibazioa.

Lan honen lehen kapituluetan, Joxek neoliberalismoa “kolektiboen suntsiketa programa metodikoa” dela dioen Bourdieuren tesiaren fundamentazio eztabaidaezina josten du, mugimendu sindikalaren gertuko historiari aplikatua. Txunditu egin naute alde batetik Gerra Hotzak mendebaldeko sindikalismoaren garapenean, eta zehazki Europakoan, izan duen eragina, liburuak maisuki azaltzen duena, eta bestetik garai fordistak (orain arte sindikalismoaren “urrezko” arotzat jo dena) eragin dituen pitzadurak, bereziki genero eta ingurumen ikuspegitik.

Dena den, gure herriari begira, laugarren kapitulua izango da eztabaida gehien ekarriko duena. Norgehiagokan diren abertzaletasunaren bi familia politiko nagusiek lideratzen dituzten bi estrategia abertzaleen azterketa zorrotza egiten du: alde batetik programa neoliberalaren funtsa bere eginik egokitzapen itundua bilatzen duena, Euskal Herria estatuko azpisistema bat gehiago bihurtzeko, eta beste aldetik, akordio nazional interklasistaren hipotesia mantentzen tematzen dena (“Maltzaga”ren erreferentzia historikoa), zeinak epe labur-ertainean autodeterminazioa eskubidea blindatuko omen duen. Autoreak, logikoki, bi hipotesiak baztertzen ditu, eta burujabetza sozialean oinarritutako prozesu independentistaren alde egiten du, gizarte eredua erdigunean jarriko duen artikulazio sozial eta politiko baten bidez, estatuei burujabetza kentzeko, beharrezkoa den gehiengoaren atxikipena lortzeko.

Prozesu hau abian jartzeko Elorrietak ELAren sindikalismoa aldarrikatzen du, eta hedaduraz sindikalismo abertzale guztia, instrumentu bereizgarri eta baliagarri gisa. Hauteskundeetan duen oinarri eta zilegitasun zabalak, elkarrizketa soziala baztertzen duen kontrabotere ereduak, eta bere egiten dituen aldarrikapen nazional eta aliantza sozialak, irabazi nahi duen burujabetzarako proiektu batek inolaz ere baztertu ezin dituen berezitasuna osatzen dute.

ELAren XII. Kongresuaren ondoren, 2008an, sindikalismoaren ikerlari frantses batek ekitaldiari buruzko idatzia amaitzen zuen galdetuz ea gure sindikatua kontuan hartua izateko espresio txikiegia zen, edo, kontrara, bere eskalan, sindikalismoaren eraberritzearen esperientzia singular bat zen, zeinengan nazioarteko sindikalismoak arreta jarri behar zuen. Liburu honen irakurketa amaitzean pentsatu nuen orrialde hauek erantzun meditatu, oinarritu eta apasionatu bat direla gure lagun Cristian Dufourren galderari.

Liburu honek oihartzuna izango du. Ez dut dudarik. Ea eztabaida estrategiko esanguratsu bat abiatzeko balio duen, bizi dugun krisi sozial, ekologiko, politiko… honetan gure herriak behar duen modukoa.

Manu Robles-Arangiz Fundazioko arduradun gisa, Icaria argitaletxea eskertu nahi dut egin duen lanagatik. Bere parte hartze eta lan onak liburu hau gure kabuz sekula iritsiko ez ginatekeen espazioetara iristea ahalbidetuko du.

Eta Joxeri soilik gelditzen zait eskatzea -eta Gotzonek barka biezat- lanean, irakurtzen eta bere aurkikuntzen fruituak militante belaunaldi honen eskura jartzen jarraitzea. Belaunaldi honek aurrekoak bezala seguruenik, ez dio inoiz denbora nahikorik dedikatuko bere praxiaren azterketari, irakurketa pausatu horri, ezinbestekoa dena militantzia buruargi bat izateko.

Prozesu independentista, burujabetza sozialetik

burujabetza, ELA, Elorrieta, independentzia, maltzaga

10 pentsamendu “Prozesu independentista, burujabetza sozialetik”-ri buruz

  • Hauteskundeek (sindikalak edo beste motakoak) ez dute zilegitasunik ematen herri okupatu batean, ilegalak direlako eta delitoa delako.
    “burujabetza sozialean oinarritutako prozesu independistaren alde egiten du”
    Erreflexio horrek bat eta bestea desberdinak direla esan nahi du eta lotura egin beharko genuke bat bestearekin. Nik, behintzat, modu garbiagoa eta sinpleagoa ikusten dut: Gure lehen arazo soziala arazo nazionala da: gure Estatuaren inbasioa, okupazioa eta kolonizazioa.
    Ez da behar loturarik bilatzea nola ez diren elementu desberdinak eta separatuak.

  • Hau herri okupatua dela zure iritzia da, besterik ez eta hauteskundeak zein legeren arabera dira ilegalak?, eta zein koderen arabera dira delitu?

  • Ez da iritzi bat errealitatea baizik. Erresistenziaren koderen arabarera. Inperialismoa delitoa da.

  • Unai Oñederra

    Hitz anpulosoak alde batera utzita, bi aukera:
    1. EHBildu eta PNV ados jartzea itxaron, zein prozesu bat abiatu bi alderdiak elkartzeko helburuarekin (hau da, orain arte egin duguna; hots, geldirik jarraitu, PNVk ez duelako prozesu independentistarik nahi).
    2. Politika neoliberalekin amaitu eta eraldaketa nahi dugun mugimendu sozial, sindikal, politikoak (gauzak beste era batera egin daitezkeela sinisten dugunok) prozesua aldebakartasunez diseinatu-abiatu (jakinda estatuak ez duela deus negoziatu nahi, Katalunian argi eta garbi ikusten den moduan).
    Bigarren aukera da Elorrietak egiten duena.

  • Hirugarren aukera: Desikasi ta berriro ikasi. Etsaiaren logikatik ateratzea. Gure buruak deskolonizatzeko desiskasteko prosezu batetik ikasteko prosezu batera pasa behar gara. Konbeni ez zaiguna uko egiteari helburuarekin eta iraganeko (eta betirako) errezeta amaitutzat emateko.

  • Daramagu laurehun urte Estatua berreskuratu gabe. Nonbaiten porrota egiten dugu. Nire iritziz etsaiak formateatu gaitu. Ezentokia eta inguratzen zaizkigun elementu guziak jarri dizkigu eta gureak diren bezala onartu dugu egoera honek.
    Edozein planteamendu propioa eta haien logikatik at egitea absurdo bat bezala ikusten da.
    “Lo políticamente correcto” da, herri hontan, indarra duenari obeditzea, etsaiak “ematen” dizkigun alternatibei ongi etorria ematea eta kolonizatuen “Komodidatearen” barnean “ondo” bizitzea.
    Enteratu gabe, gure herriaren desagerpena programatua dago eta gaurko herriaren ahultasuna ikusi ez gero fase horrek abiadura handiagoa hartuko du.

  • Kohesio gabeko herri baten independentzia? Utz ditzagun gauzak behingoz argi.
    Hasteko, independentzia prozesuen arrazoiak arlo kulturala, ekonomiko edo erlijiosoak omen dira.
    Ekonomiaren aldetik Espainian pribilegiatu bizi den Hego Euskal Herriak ez ditu bere burujabetza-aldarrikapenak arlo horretan finkatzen, independentistek ez dute sekulan ekonomiaren egoeraz mintzatzen, ez digute inoiz esan ea zein izango den Euskal Herri aske baten egoera ekonomikoa, alegia, gaurkoa baino txarragoa, berdina edo hobeagoa izango den, ez dago eztabaidarik. Oso polita da gaurko datuak hartuta euskal Giza Garapenaren Indizea munduko altuenetarikoa izango litzatekela esatea, baina badakigu indize horrek independentziak kolokan jar dezakeela.
    Bestalde, guk ez ditugu Irlandan, Kosovon edo Sudanen izan dituzten gatazka erlijiosoak, beraz alde horretik ez ditugu burujabetza aldarrikatzeko aitzakiarik.
    Azkenik, arlo kulturala daukagu eta hauxe da Euskal Herriko independentistek burujabetasunerako nahiaren arrazoi nagusia. Denok dakigun bezala hizkuntza da nortasunaren ardatz garrantzitsuenetariko bat eta hala ikus dezakegu Nafarroako azken inkesten arabera.
    Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin batzeaz ere galdetu du NUPek (Nafarroako Unibertsitate Publikoak). Lautik hiru (%74,1) daude aukera horren aurka, eta %25,9 alde. (2016)
    http://www.berria.eus/albisteak/129359/berdinketa_barkosen_gobernua_babesten_dutenen_eta_oposizioaren_artean.htm
    Oraindik Nafarroako inkesta soziolinguistikoa plazaratu ez dutenez wikipedian agertzen diren 2011ko inkesta soziolinguistikoaren datuak jasoko ditut.
    https://eu.wikipedia.org/wiki/Nafarroa_Garaia#Hizkuntzak
    Nafarroako herritarren %13,7 dira euskaldunak, %10,4 dira elebidun hartzaileak eta euskara ez zekitenak %74 dira.
    Batzeaz alde diren %25,9 gutxi gorabehera euskararen ezagutza dutenen ehunekoen berdina da 13,7+10,4 = %24,1.
    Kontuan hartu behar da datuak ez direla urte berekoak eta Euskadin ez bezala euskara Nafarroan abertzaletasunarekin lotuta dagoela. Beraz zentzua dauka bi datu horien arteko hurbiltasunak.
    Euskadin berriz, 2016ko Inkesta Soziolinguistikoak zera dio:
    Lehen hizkuntzari dagokionez, EAEko 16 urte edo gehiagoko biztanleriaren % 17,5ek euskara soilik jaso du etxean eta % 6k euskara eta erdara. Guztira, beraz, % 23,5ek jaso du euskara etxean. Era berean, lautik hiruk (% 76,4), erdara soilik jaso du etxean.
    Biztanleen % 20,5ek euskararen erabilera trinkoa egiten du, hau da, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen du. Beste % 10,1ek euskara erabiltzen du, baina erdara baino gutxiago. Beti erdaraz egiten du % 63,3k. Horien guztien ondoan bada beste % 6,1 euskaraz oso gutxitan egiten duena. Hortaz, euskararen erabilera gaur egun % 30,6koa da, kontuan hartuz % 20,5 direla erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenak, eta % 10,1 erdara baino proportzio txikiagoan erabiltzen dutenak.
    Euskal Herriaren kulturarekin benetan, eta ez folklorismoarekin, bat egiten dutenen ehuneko txiki batek ez du independentziarik lortuko. Agian %40ak edo gehiagok euskara ama-hizkuntza duenean… Eta zer esanik ez lurraldetasunari buruz, eskualde askotan euskararen atxikimendua ikastola da, hortik kanpo agur euskarari.
    Irtenbidea euskal kultura eramango duten euskaldun petoak erdal eskualdeetatik hedatzea da, hau da, benetako euskararen herria sortzea eta ez mapan agertzen den Euskal Herri faltsu hori.
    http://www.euskoguide.com/images/about-language-native-speaker-info-graphic.jpg

  • Unai Oñederra

    Zuk proposatzen duzun irtenbideak ez du zerikusirik Elorrietak proposatzen duenarekin. Elorrietak argi esaten du prozesu bat abian jarri behar dela gizarte eredua erdigunean jarrita, politika neoliberalak aldatu nahi dituzten eragile sozial, sindikal eta politikoek bide-orri bat adostuta. Norabide jakin batean aldebakartasunez martxan jartzean piztu daiteke, berriro, orain ezkutatuta dagoen ilusio eta grina. Urrats eraginkorrak ematen ditugun heinean joango da handitzen berriro independentziaren aldeko jende kopurua. Halaxe gertatu da berriki Eskozia eta Katalunian. Independentziaz abstraktuki hitz egitean, errealita gauzagarri batetik urrun, aspaldian gabiltzan moduan, normala da inkestetan zuk aipatzen dituzun datuak izatea.
    Bestalde, zure irtenbidea ere posible litzateke, baina zehaztu beharko litzateke zein enkargatuko den eukaldun petoak erdal eskualdeetatik hedatzen, nork diseinatuko duen hori garatzeko bide-orria, nor jarriko den martxan hori gauzatzen, teoriatik praktikara pasatzen ez garen bitartean, ideia onenak izanda ere, gauden moduan jarraituko dugu eta.

  • Independentzia…jende kopurua… Kopurua? bozketak? Dependienteak izateko bozkatu ote genuen? Gure Estatua entregatu al genuen hautestontzien bitartez…?
    Independentzia aukera bat da? Aske izateak aukera bat da? Aukera edo beharra? Beharra edo obligazioa? Aukera edo obligazioa?
    Edo kopurua aipatzen denean, indarrez erabiltzeko independentziaren alde eta instituzio inperialistetatik at aurrera eramateko esan nahi al du? Ez dut uste…
    Inkestak ez dira normalak, gure egoera bezala, anormalak dira. Inperialismoaren monopolio politikoa erakusten digu, ezer gehiagorik.
    Teoriatik praktikara… ondo esanda. Falta zaiguna da, teoria hori, pratikara pasa baino lehen. Zaila da, badakigu, laurehun urte kolonizatuak egon ez gero lana dugula dakigu ere.
    Ideologia mailan maila igo eta emaitzak etorriko dira, dudarik gabe.

  • Interes komunak dituzten pertsonek haien helburuak lortzeko egiturak sortzen dituzte, esate baterako, alderdi politikoek haien tabernak dituzte edo munduan zehar dauden komunitate erlijiosoek haientzako negozioak sortzen dituzte (mormoiek esaterako), zergatik ez beste modu batean euskalduntzea helburua duten egiturak?

    Pertsonak aukera ekonomikoak dauden lekura joaten omen dira eta adibidez oso erdalduna den Arabatik barrena igarotzen den Inaziotar Bidea egokia izan daiteke han negozioak sortuz (landetxeak, tabernak, abentura guneak, aterpeak…) sare euskalduna zabaltzeko. Jada ikusi dugu nola auzolanean Errigorakoek euskararen alde erabiltzeko dirua jaso duten, beraz posiblea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude