Probokazio apur bat

images4.jpg

Ebidentzia bat: beste herri eta nazioneetan, Frantzian, Alemanian, Estatu Batuetan…, lubaki bakarrak gurutzatzen du politika: ezkerra-eskuina. Dikotomia horren karietara laburbiltzen da ekintza poltiko oro. Ezkerra izango da ezkerreragoko edo eskuina eskuineragoko, baina politika soziala ulertzeko moduek antolatzen dituzte sentsibilitate eta aukera politiko guztiak. Gurean —denean diferent izan behar horrekin—, beste lubaki bat ere badugu, orbain modukoa: euskal abertzaleok eta nazionalista espainiarrek eragiten duguna. Beste herriek baino prolema handiagoak ditugu guk, itxura batean bederen. Izan ere, arrakala itzel horiek gurutzatzen dute geure geografia eta biografia, azalean baino, haragian goldaturik ditugun tatuaiak bailiran.

Kontua da, lubakiek beti ematen dutela tranbersalitatea deitzen den mentaja hori, hemendik aurrera trabeskakotasuna esango duguna. Esan nahi baita, berez elkartzeko modukoak ez direnak, edo teorian antagonistak direnak, elkartzeko moduko arrazoiak eskain ditzakeela aipatu lubaki horietako bakoitzak: eskuin eta ezkerrak bil ditzake edo alde bateko eta besteko nazionalistak bil ditzake, helburuen arabera. Guk bi genituzke, besteen bakarraren lekuan. Bingo!

Jar gaitezen orain euskal abertzale ezkertiar baten lekuan eta ikusiko dugu Murphy dela beti garaile. Pertsonaila txepetx honek muturraren aurrean ikusiko ditu ezkerrekoak eskuinekoekin biltzen eta eskuinekotzen, eta ikusiko du, halaber, espainiar nazionalismoa lekeda edo kola bikaina dela, bere abertzaletasuna ez bezala. Ikusiko du, behin eta berriz, arrakalek eman dezaketen onura bakarra, trabeskakotasuna, beti bere usteen kontrakoa gertatzen dela. Alegia, kasualitateak ere ez diola lagunduko sekula. Eta areago, ez dela gai bere aukeren aitzinatzeko, patu ikaragarri batek harrapatua balu bezala. Ustez bidelagun dituenak ere, trabarako dituela. Ezkerreko abertzale ustezko hori, nire antzekoa bada bederen, ohartuko da memelo osti bat dela eta ezin dituela gauzak eta historia irauli. Trabeskakeria gailentzen zaiola beti trabeskakotasunari. Errealitatea erortzen zaiola goitik behera, zaparra bailitzan. Eta zaparrada denean, lagunok, beti blai. Ni bai, behintzat.

(Barkatu erretolika txatxua, baina onura terapeutikorako ere balio ei dute blogek).

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Probokazio apur bat”-ri buruz

  • eta horrexegatik erabakiko du bere bozik beste inork ez hartzea,
    aberatsegia dela bere pentsaera sigla soil batzuetara murrizteko

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude