Postontzian

(Euskadi Irratiko Arratsean saioan irakurritako testua)

 bu

Lotsatzen nau aitortzeak, baina oraindik ere hotmailekoa da nere e-posta helbidea. 10 bat urte nituela sortu, eta oraindik ez dut aldatzeko ganorarik izan. Baina obsoleszentzia programatuaren garaiotan, eta Durangoko Azokako spama gorabehera, primeran dabil oraindik ere. Akaso horregatik erreparatzen diot horren gutxitan etxepean dugun postontziari. 

Gaur ordea, bere existentziaz aspaldiko partez jabetuta, (Lourdes Oñederrarekin gertatu zitzaigun bezala) giltza soinean nuela egiaztatu eta zirraraz ireki dut. Gabonetako publizitatea-edo espero nuen, baina ez zen bertan koloretako panfletorik. Trukean, ezker hormaren kontra txukun txukun azal zuriko gutun bat topatu dut, eta bertan, letra finez idatzita, nire izen-abizenak.

Gutunazala ireki eta eskailera okertuetan gora irakurri dut arretaz. Hala zioen:  

Egun on.

Gogor jo du krisiak liburudenda, sareko albistari, diseinu grafiko eta publizitate agentzien sektorea. Lehenago ere kaskarrak ziren soldatek etengabe egin dute behera, eta hala ere, kontzertu, liburu eta bigarren eskuko bizikletak prezio berean mantentzen dira oraindik. Ez dira ez, garai errazak euskal eusnobontzat. Badugu nahikoa lan mila euro eskasekin eta pisu konpartituetan gure bizio eta anbizioei eusten.

Testuinguru tamalgarri honetan, ezin onartuzkoak iruditzen zaizkigu Kepa Matxainek pasa den astearteko irratsaioan gure kontra esandako hitzak. Geroztik, pixukide maiteenak gure errepublika independienteetatik ihes egiteko aitzaki bila hasi zaizkigu: Madrilen jarraituko dituztela ikasketak, amonaren etxean badutela hutsik dagoen ohe bat… Edozertarako prest daude pijama sindromeari izkin egiteko.

Horrenbestez, eta kezkatuta oso, lerro hauen bidez euskal gizarteari, eta erasmuseko ikaslegoari  helarazi nahi diogu, ezetz, ez diotela zertan beldurraren kanpainari men egin, ezin zaizkiela sasi idazle baten komeriak eusnobon gabeziei egotzi. Gurekin bizitzeak badituela, izatekotan, abantaila franko. Gure pixukide bakoitzari argtu behar izan diogun moduan, ez da argudiorik falta:

Sekula ez dizugu zartaiak edo komuna oraindik zikinak daudela aurpegiratuko, ezta erretako lenteja edo dilista platerari aurpegi txarrarekin erantzungo ere. Nahikoa lan badugu gure erudito eztabaidatan maila ematen, edo bestela, iritzi festa hasiko denerako lehengaia liburu, film eta telesaietan bilatzen. Zer esanik ez, ez zara gehiago kulturzale bakartua izango, ez zaizu sekula faltako astearte gau euritsu  ilun baterako planik.  Barrez leherraraziko zaitu etxeko txiste, abentura, eta haserreari buruzko zeharkako erreferentziak egunkari, blog, irratsaio eta abarretan topatzeak, eta kasik, eusnobon pareko sentiaraziko zaitu horrek.

Eta nork daki, inoiz gutako batek eusnoben artean nabarmentzea lortu, sari potoloak eskuratu eta izen ezagun bihurtzen bada, gure baimenik gabeko biografia idatzi eta poltsikoak urrez beteko dituzu.

Horiek eta beste asko, dira eusnobokin bizitzearen ondorio zalantza ezinak. Eta ez pasa den asteartean zabaldutako irain eta gezurrak.

Hori dela eta, eta eragindako mina konpontzeko modu bakarra delakoan, eskatzen dizugu gutun honen edukia hitzez hitz datorren astearteko Arratsean saioan irakurtzeko, den dena errespetatuz, eta koma bakar bat aldatu gabe. Hala egiten ez baduzu, Vintage dendetako sarrera ukatuko dizugu betiko.

Eta mesedez, gure izenean ariko zarenez, oraingoan ez zaite gehiegi trabatu.

Sinatzen du: Euskal Herriko Eusnob Elkarteak

P.D.: Ez nahastu Euskal Herriko Euscool Elkartearekin, haiek oraindik e-mailak bidaltzen dituzte.

NIRE KONTRA ESANAK