Politikaren katramila honetan zer zaigun gehien komeni

Politikaren katramila honetan zer zaigun gehien komeni

Kataluniakoarekin zernahi gerta daiteke eta egoera guztiz itzulipurdikatu. Espainiako politikagintzari begira idatzi dudan sarrera inozo hau berehalakoan bilaka daiteke zahar, edo gorpu. Baina berdin dio, espekulatu beharra dago, zertarako da bestela blog bat?

Bide horretatik, Iñaki Larrañagaren azken sarreratik lapurtuko dut aipu bat: “Espekulazioaren balioa ez da iragarpena, hausnarketa baizik”. Humans CCCB. Bioa, beraz, hausnarketa baizik ez den kukurrukua.

Azaroan idatzi nuen sarrera batean Euskal Erkidegoko gobernuari buruzko balizko aukeren artean argi azaldu nuen nik hobesten nuena. Aitzitik ez daukat oso argi Espainiako zein gobernu klase komeni litzaigukeen Madril aldeko politikagintza  hain nahasita dabilen egunotan.

Egia esan, eta behin dena kontatzen hasita, ez dut bozkarik eman azken hauteskundeetan, iruditzen baitzait Madrilgo Gorteetan euskaldunok egin dezakeguna eta zakurraren putza oso antzekoak direla. Espainiako kontuak konpon bitzate espainiarrek, pentsatu izan dut beti, ez galdetu niri, ez naiz eta horkoa.

Oso polita izan daiteke Sabino Cuadra bere ikuskizunetako batean ikustea noizean behin, edo Aitor Esteban zintzokerietan entzutea tatian potian, baina oro har, alferleku bat da euskaldunontzat Espainiako Kongresua, alferrikakoaren zentzuan esanda, jakina (eta ez alferrarenean).

Ikuspegi honetan bat egiten dut euskal herritarrok bidea geure aldetik egin behar dugula  dioten ahots berriekin, beste inora begira egon gabe. Denbora galtzea dela Paris edo Madrilekin ezer adosten saiatzea, geure pausoan behar dugula ekin eta jardun. Geure agenda geuk, geure maneran, aldebakartasunean, bestela jai dago. Kataluniako gertakariek ere hori erakusten digute gaur bertan.

Politikaren katramila honetan zer zaigun gehien komeniJabetzen naiz, alabaina, ez dela berdin-berdina bata ala bestea egon agintzen Moncloako gobernuan. Ez da oso azkarra izan beharrik horretarako. Aski da Partidu Popularraren azken agintaldiari begiratzea ikusteko euli kaka bagina baino okerrago zaindu gaituztela euskal herritarrok, esate baterako ETAren amaieraren kudeaketan eta beste hainbat kontutan. Galdetu bestela Urkullu jaun errukarriari, atean kax-kax behin eta berriz egin arren, beti ataritik pasatu gabe euripean eta hotzez utzi izan duten horri. Guardasola edo beroki triste bat eskaini ere egin gabe.

Laburtuz,  Espainian gobernu berria osatzeko orduan ageriko hiru aukera daudela esan du Rajoyk, eta neuk ere halaxe ikusten ditut gauzak:

  1. Alemaniar erako koalizioa (PP, PSOE, C’s)
  2. Koalizio portugaldarra (PSOE eta ezkerreragokoak, gehi nazionalistak)
  3. Hauteskunde berriak

Beste kontu bat da, hiru hauetatik zein den egingarria, zein den errealitatean egiazki gauzatuko dena, itxura batean lehenak eta bigarrenak ia ezinezkoak baitirudite une honetan, baldin eta Kataluniakoa gerarazteko aldarriaren porlanak ez baditu supituan batzen lehen aukerakoak. Sanchezek Rajoyrekikoa ukatu du behin eta berriro, baina auskalo orain, President berriaren aitzakiarekin.

Bigarren aukerak ere ez dirudi aurrera egin dezakeenik, asko estutuko baitute PSOE Espainiaren zatiketaren aitzinean arduraz jokatzearekin… Baina hauteskunde berriak egiteak ere ez du ematen on egin diezaiekeenik PSOEri eta Ciudadanosi inkesta soziologikoen arabera. Normalena litzateke, beraz,  bi indar hauek orain saiatzea zirt edo zart egiten une honetan duten ordezkaritzarekin, baldin eta hurrengoan apalagoa izango dutela baldin badakite.

Beraz, jartzen naiz pentsatzen hiru aukeretatik zein komeni litzaigukeen gehien geure buruaren jabe izan nahi dugun euskal herritarroi eta izugarrizko nekea sartzen zait, ez baitut uste atarramendu onik izango dugunik, ez lehenarekin eta ez bigarrenarekin. Marra gorrien kontu horrekin, badirudi Podemos tartean duen koalizioa zaigula komeni, baina, ez dakit ba. Ez naiz fido. Iruditzen zait autodeterminazioaren kontuari adarrak ikusten hasterako, dena zartatuko dela Una, Grande eta Libre den lurrean. Kataluniakoarekin ikusiko dugu hori, berehala. Alde batetik, zortea da behingoagatik euskaldunok ez izatea lantzaren burnia, ez da hala, Ibarretxe?

Hauteskunde berriak baletoz, ostera, Euskal Erkidegoan bai PNVk eta bai EH-Bilduk, are emaitza apalagoak izango dituztela esango nuke, Podemosen mesedetan… Total, Madrilen hobe da Podemosen jardun sendoagoa ahalbidetzea “gureen” urtean bost minutuko agerraldia baino... Etc.

Eta aipatu guztia gutxi balitz, gaur bertan President berria izango omen da Katalunian, independentzia aldarrikatzeko prest, gainera. Arraioa, sekula halako katramilarik Espainiako Erreinuan!

Beraz, ez dakit zer esan eta hobeto nago ixilik, nire iritzia esan gabe geratuko naiz gaurkoan, deus ez daukat argi eta. Gaur nahi nuke izan Bartleby berritu bat, hark bezala esanez aukeran nahiago ez. Segurua da, gainera, zuk zeuk badaukazala ni ilunpe honetatik ateratzeko moduko erantzun argiren bat, ez da hala?

Politikaren katramila honetan zer zaigun gehien komeni

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Politikaren katramila honetan zer zaigun gehien komeni”-ri buruz

  • Dudarik gabe zuk aipatzen duzun bigarren aukera da guri gehien komeni zaiguna, tartean Podemos, IU, Esquerra eta PNV lituzkeena PSOErekin batera. PPrekin euskaldunok jai daukagu.