PISA 2024

PISA 2024

PISA 2024

Lasai egon gaitezke, 2024ko PISA txostenean emaitza ezin hobeak lortu dituzte eta Euskal Autonomi Erkidegoko nerabeek. Matematiketan eta Zientzietan batez ere hobetu dute gure nerabeek, eta guretzat 2016ean hain urrun gelditu ziren Singapur eta Korea bezalako erreferentziazko herrialdeen mailan gaudela esan genezake. Azken urteetan, Hezkuntzaren ardura izan dutenek hartutako erabakiei zor diegu, inolako zalantzarik gabe, horrelako emaitzak lortzeak. Ez da komeni gehiegi lasaitzea baina interesgarria iruditzen zait erabaki horien errepaso txiki bat egitea, aurrerantzean ez ditzagun atzera pausuak egin gure etorkizuneko gizartearen kualifikazio produktiboa bermatzeko.

Bere garaian polemikoak izan ziren erabakiak gaur egun guztiz eraginkorrak suertatu direla argi dago. Horien artean ondorengoak aipatuko nituzke. Alde batetik eta nabarmen gorakada honen adierazle izan da Eskola Pribatu eta Itunpekoei emandako bultzada, beraiek bermatu baitituzte emaitzarik onenak. Bestalde eskola kurrikuluma egokitu izanak ere nabarmen lagundu du eta gure haurrak eskolan igarotzen duten denbora egoki erabiltzea. Helburu hori lortze aldera hiru bloketan banatu da eskolako denbora, lehenengo blokean Matematika lantzen dute (Denboraren1/3), bigarrenean zientziak  (Denboraren1/3) eta hirugarrenean hizkuntzak (Denboraren1/3) , azken honetan batez ere ingelesak hartu du indarra, noski. Neurri hauekin hain beharrezkoak ez diren, edo hobe esanda, eskolatik kanpo landu daitezkeen edukiak atera dira eskola kurrikulumetik, besteak beste, Euskara, Adimen emozionala, sexualitatea, harreman osasuntsuak izatea, psikomotrizitatea, bide heziketa, sormena, artea, antzerkia, jarduera fisikoa eta abar….

Hau ikusirik askoz lasaiago gaude eta hezkuntza sistemak garai batean bizi izan zuen egoera gatazkatsu eta kreditu gabeari buelta eman diogula esan genezake , hain zuzen, gure hezkuntza sistema guztiz egonkortuta dagoen honetan etorkizun oparoari alaitasunez begiratzen diogu…

Nahiz eta…Indarkeria matxistak ez duen amaierarik izan…nahiz eta…euskararen etorkizuna oso iluna  den…nahiz eta…inguruko baliabide naturalak xahutuko ditugun erreparorik gabe…nahiz eta gure osasunarekiko ez dugun inolako ardurarik hartzen…nahiz eta klima aldaketaren aurrean begira gelditu garen…nahiz eta…nerabeen obesitate tasak neurri gabe gora egin duen…nahiz eta botikei utzi diegun gure zoriona….nahiz eta gure elikadura gero eta pobreagoa den…nahiz eta abar eta abar….Askoz lasaiago gaude…

PISA 2024
PISA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude