Pikunietatik hausnarrean

Pikunietatik hausnarrean

pikunietatik hausnarrean

Pikunietatik hausnarrean

Ez dakit erabat ausartzen naizen esatera… artzaina naiz. Ez da lotsa, inondik ere. Harro nago orain dela bi urte hartu nuen lanbideaz, baina hain da zaila artzaina izatea, hainbeste jakin behar da, hainbeste dut ikasteko… non umiltasunak agintzen baitit aho txikiarekin esateko, xuxurlatzeko kasik. Bada, horixe, irudikatu ahots xume bat: artzaina naiz eta gazta egiten dut.

Idazteko zaletasuna betidanik izan dut, eta gure lanbide honetan, lan egin bitartean, buruari eragiteko astia ere izaten dugu batzuetan: ardiekin gaudela, gazta egiten ari garela, ontze-kamaran gaztak zaintzen ari garela, belarretan, artegian…

pikunietatik-hausnarrean-01
Atzo, gure ardiak mendian gora

Hainbat unetan sortutako ideiak eta egindako hausnarketen ondorioak bide gabe uzteak egonezina sortzen dit. Bai, ondokoei kontatzen dizkiet burutik pasatutakoak; baina zenbaitetan irudipena dut horiek, akaso, baliagarriak izan zitezkeela nire gertuenengandik baino haratuago.

Asko dira baserriarekin loturikoak, gehienak artzaintzari edota gaztagintzari buruzkoak. Beste batzuk baserria eta kalearen arteko harremanaz, amildegiaz, zenbaitetan… Izan ere, uste dut –nahiz eta memento eta leku batzuetan topo egin– ez dugula bat egiten.

Eta horrek kezka eta urduritasunak sortzen dizkit. Kezkatzen nau ikusteak mendira datozen pertsonek ez dakitela astean zehar hemen zer gertatzen den, eta horrek, batzuetan, arazoak sor ditzakeela. Urduri jartzen nau sentitzeak azoketan, batzuek, gure gazta irensten dutela jakin gabe zertan ari diren; eta hori dena aurpegira ere begiratu gabe. Urduri jartzen nau, egoera horretan antzezlan baten atrezzoa garela sentitzeak, eta, gainera, baloratua ez dena. Urduri jartzen naute jarrera paternalistek, edozein tokitatik datozela. Urduri jartzen nau industriak baserriaren irudia erabiltzeak etekin ekonomikoa lortzearren.

Halere, ez dut dena beltzetik ikusten, inondik ere. Hainbatetan, kaletarren gertutasuna eta interesa ere sentitzen baititut, eta horrek poz izugarria ematen dit. Poza ematen dit jendeak ardiak errespetatzen dituela ikusteak –esanez gero, txakurrak lotzen dituztela; autoa edota txirringa gelditzen dutela, belardiak errespetatzen dituztela…–. Azoketan, poza ematen dit gure gazta baloratua dela sentitzeak; aurpegira begiratu eta goxoa dela entzuteak. Poza sentitzen dut edozein herritara joan eta bertako Udalak baserritarrok aintzakotzat hartzeak–postuak txukun-txukun jarriz, aparkalekuak erraztuz, azoken gaineko galdetegiak helaraziz, dietak ordainduz…–. Pozgarria da ikusteak jendartean gero eta arreta handiagoa jartzen zaiola jaten duen horri –jatorriari, kalitateari…– eta gurekin hitz egiteko gogoa duela, jakin-minez.

Bidea topatzen badut, gure etxeko soinu-banda ere gerturatu nahiko nizueke. Asko dira musikak hartzen dituen uneak eta tokiak: jetzi bitartean, gaztandegian–bai gazta egiten, bai garbiketa lanetan–, ardi-lanak egin bitartean…

Gure etxeko martxak baldintzatuko du blog honen jarraipena; izan ere, urtarrilaren erdialdean erditze garaiarekin batera, kanpaina hasten da, eta uztailaren bitartean beste ezertarako astirik izaten ez delako. Dena den, esperantza dut –labur-labur idazteko bada ere– tartetxoak aterako ditudan. Barrenak, askotan, agian, agindu egingo baitit idazteko.

Ongi etorri, hortaz, gure hausnarrera.

Pikunietatik hausnarrean
Josebe Blanco

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

5 pentsamendu “Pikunietatik hausnarrean”-ri buruz

  • ganbaratxotik 2016-10-28 19:45

    Biba zu!
    Segi holaxe.

  • Segi beti bezain ekintzale, Josebe.
    Muxu bat eta besarkada bat.
    Aittor

  • mila esker zure hausnarketak konpartitzeagatik!! hurrengoak irakurtzeko irrikitan. hiriko kaletarra naiz neroni, eta gaztazalea, mendizalea, eta jakizu zure bezelako ofizioak izugarri miresten ditudala. Ea azokaren batean zure gazta probatzerik dugun!probatu ostean irrifarre egiten dudan horietakoa naiz, zaude ziur! =)

  • Ederra eta interesgarria. Segi aurrera!!

  • Neguko gau luzeetan aurkituko duzu bai Pikunietan zure hausnarrak plazaratzeko tartetxua. Biba zu, eta biba Exkerra!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude