PayPalek dendetako erakusleihoetatik bertatik erostea ahalbidetuko digu telefonoaren bidez

paypalEtorkizuna gero eta gertuago dago. Zientzia fikziozko filmetan ikusten ditugun aurrerapen teknologikoak eskuartean izango ditugu uste baino lehen. Gogoratzen 1969ko 2001 A Space Odyssey filmean agertzen diren tabletak? Horietako batean idatzi dut artikulu hau. Zer izango da hurrena? Gauzak denda fisikoetako erakusleihoetatik bertatik erostea telefono mugikorraren bidez, nahiz eta denda itxita egon. Prototipoak Fashion Window du izena eta PayPalek aurkeztu du.

Gure smartphoneen bidez eta Screach aplikazioari esker, dendako katalogo birtualetara sartzeko aukera izango dugu eta kristalaren beste aldean gustatu zaigun jantzi hori erosi. Horretarako, dendek 3M-k fabrikatutako film mehe bat itsatsi beharko dute kristalean, pantaila holografiko bihur dadin, eta denda birtuala sortuko duen ordenagailu eta proiektore bat instalatu. PayPalen esanetan, dendek egin beharreko inbertsioa 2.000 euro baino gutxiagokoa izango da.

Erakusleihoko screach kodea sartzean, erakuslehioko pantaila berehala piztuko da eta telefonoarekin sinkronizatu egingo da. Orduan, erabiltzaileak katalogoarekin elkarreragiteko aukera izango du, produktua aukeratu eta ordaindu PayPal bidez.

Proiektua urte amaierarako prest egotea espero dute Erresuma Batuan, eta Europako beste herrialdeetan 2013an zehar.

Helburua: kontsumo jarraitua

Internet sortu baino lehenago, erosketak ohiko dendetan egiten ziren, kalean, dendari baten zerbitzuarekin, ordutegi jakin baten barruan. Katalogo bidez erosteko aukera ere bazegoen, baina ez zen ohikoena. Interneten zabaltzearekin batera eta denda birtualen sorrerarekin, erosteko ordutegiak desagertu egin dira eta kontsumitzaileok geuk nahi dugunean eros dezakegu ordenagailuaren bidez. Eta orain smartphonekin, ordenagailuan ez ezik, kalean edo geure telefonoarekin gauden tokian eros dezakegu.

Paypalek beste muga bat hautsi du: denda fisikoetara ordutegiz kanpo sartzea. Enpresa amerikarraren helburua kontsumitzaileek “nahi duten momentuan, nahi duten tokian eta hobe datorkien moduan” erostea nahi du. Horregatik, “online eta offline merkataritzarenartean dauden mugak” desegin nahi ditu.