Orreagako gudua eta egungo Nafarroa

Roland-en heriotza Orreagan
Roland-en heriotza Orreagan
Orreagako gudua Ibañetako mendatean gertatu zen 778. urtean, abuztuaren 15ean. Orreaga eta Luzaide artean, Pirinioetan, nafarrak soldadu trebeak zirela eta historian hatza uzteko gai zirela erakutsi zuten. Ibañetan, Carolus Handiaren armadaren atzeguardia garaitua izan zen Iruñetik bueltan, seguraski nafarren haserrea piztutakoan Iruñeko harresia suntsitzeagatik. Roland ospetsua, Carolus enperadorearen iloba zena, bertan garaitu zuten Eneko Haritzaren soldadu nafarrek. Eta nafarrak zirela diodanean uler dezagun euskaldunak, hots, akitaniarrak, Mendebaldeko Nafarroako leinukoak (autrigoiak, karistiarrak eta barduliarrak) eta baskoiak. Denak nafarrak, denak euskaldunak eta denak baturik euskaldunon etxea defenditzearren. Guti gorabehera, ETBko eguraldi mapa berrian agertzen diren lurretan ziren nafarrak. Eta lur guztietatik batu ziren euskal lurrak defenditzearren.

Gure historian lar inportantziarik ez diogu eman gertaera horri eta, aldiz, gehiegi eman zaio Toledoko historiografiatik datorren historiaren ikusmoldeari. Aranismoak espainiar historiografia onartu zuen, Hegoaldeko lau herrialdeak bereiztea naturaltzat-edo joz; eta oraindik horretan ari da orohar. T amalez, ezer guti egin dute Mendebaldeko Nafarroan bizi diren abertzaleek Goi Nafarroakoekiko anaitasuna egiazki errealitate bihurtzeko. Eta hortixek dator abertzale batzuen pentsamoldea euskal herrialdeak erabat bereiztuz independienteak balira bezala. Toledoko historialariek, García de Cortázar eta enparauek maisuki nabarmendu dute euskaldunok elkarrengandik banatzeko izan diren gertakariak, batzekoak izan direnak gutitan aipatuz edo ezkutatuz. Ederki aireratu dute erromatarrak nonahi izan zirela euskal lurraldeetan, benetan esan gabe ‘erromatarrak’ kontzeptua bi moldetara uler daitekeela: jatorri latindarra duena, arraza latindarrekoa alegia; edo bertoko euskalduna kulturalki kultura erromatarra duena. Hortixek hasi behar dute historialariek egungo herritarrok ez nahastearren. Veleiako bisita ulertzeko ezinbesteko argibidea, nire ustez; eta nik behintzat ez nuen bertan entzun.

Moret jesuitak ez bezala, aranistek ez dute topatu historian euskaldunon batasuna. Hori dela-eta, erreferentzia historikoak nahiko modernoak izan dira eta Orreagako batailarena edo 1200 inguruko Bizkaiko lur zenbaiten galerari ez diote garrantzirik eman. Hortik ondoriozta daiteke Mendebaldeko Nafarroa eta Goi Nafarroa bereizteari inportantzia handirik ez ematea. ‘Euzkadi’ termino berria usteltzeraino ere heldu dira aranista batzuk, Euskadi Mendebaldeko Nafarroako hiru herrialdeei soil-soilik egokituz. Horri atxikiz, orain beste argudio bat darabilte sasiabertzale horiek: demokrazian herrialde bakoitzak erabaki dezala lurralde horretan gehienek nahi dutena. Sabin Aranaren printzipioetan arraza da nonahiko argudioa, eta again horrexegatik egon zen hain makal historiaren esparruan.

Abertzaleek terminologia eta historiaren ikuskera aldatzea mende honetako zeregina izango da. Hizkuntza komunikazio tresna denez gero, semantikak garrantzi handa du. Hitzak nola darabiltzagun ausnartu behar dugu. Hitzen esangura ondo pentsaturik plazaratu behar ditugu gure ideiak. Baina ipin ditzadan adibideak. Nik Goi Nafarroako erreferentziak izendatzeko ‘Goi Nafarroa’ edo ‘Nafarroa Garaia’ terminoak darabiltzat; inoiz ez ‘Nafarroa’, onoma hori euskaldunon lurra politikoki izendatzeko uzten dudalako. Toponimo izatetik haratago dago ‘Nafarroa’ berba. Nafarroa Euskal Herriaren sehaska eta erresuma izan den aldetik, termino politikoa da. Bizkaia, Gipuzkoa edo Araba, niretzat jada ez dira lehen mailako termino politikoak, ‘Mendebaldeko Nafarroa’ terminoaz ordezkatzen ditudalako edo beraien alboan ipintzen beti. ‘Euskal Herri’ terminoa geografikoa eta neutroa den bezala, toponimoa alegia, egun ‘Nafarroa’ termino politiko iraultzailea bilakatu zaigu, Euskal Herriaren aurka daudenek ongisko dakiten bezala. UPN euskal nabarrismoaren beldurrago da aranismoaren baino beldurrago apika, azken honi kontra egiteko aski argudio daude-eta. UPN-k, jatorri frankista duen partidua izanik, jende guti konbentzi dezake baldin eta benetako historia plazaratzen badugu… UPNko kide askok ez dakite zein izan den Goi Nafarroaren historia eta historia hori dakitenak manipulatzen trebeak izan dira. Aranismotik zein alderdi nazionalista espainiarretatik abiaturik, herritarrek Nafarroaren historia zein izan den jakin behar dute.

Karlismotik abertzaletasunerako pausoa eman zen bezalaxe, ongarria litzateke abertzaletasunaren gabeziak eta erruak ezagutzeko eta gure lehentasunak euskal lurren nafar batasunean jartzeko. Ni, bizkaitarra izanik, nafarra ere banaiz, Menndebaldeko Nafarroakoa, bizkaitarren antzinako lehen jauna tenente nafarra izan zelako, Lopez Haroko leinuaren arbasoa, 1200 urte inguruan ekialdeko nafar erregeari traizio egin ziona. Bizkaia erregio bihurtu zen karlismoaren garaian eta abertzaletasun joera batek ere erregio espainiar bihurtu du Nafarroa osoa. Pausoa emateko unea heldu da. Nafarroa Batua aldarrikatzeko unea da eta Mendebaldeko Nafarroan partidu politiko nafarra sortzeko. Norbaitek egin behar duke eta abertzaletasun antzuarekiko harremanak apurtu paradigma berria sortzeko. Gu-geu gara nafarrok, Euskal Herriaren sena gordetzearren senperrenak egiteko prest gaudenok, intelektualki hain aberatsak izan ziren Arturo Campion, Iturralde, Ortueta eta enparauen lana ongi zabaldu ez zelako. Garai berrien zain, Orreagan, abuztuaren 15ean, Gora Nafarroa Batua!

Artikulu hau Creative Commons 3.0 aitortza lizentziaduna da. Beraz, nahikoa da egilearen datu hauek jartzea edonon argitaratu ahal izateko:

Jakobe Palazioberri
Leioa (Mendebaldeko Nafarroa)

Ibañeta, nafarroa, Orreaga

Berriemaile eta irakasle-ikaslea. Laikoa, aurrerakoia, nafarra... Osasuna dut futbol talde nahiena.

Zer duzu buruan “Orreagako gudua eta egungo Nafarroa”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude