Ohitura zahar galduak VS ohitura txar geureganatuak

Denbora sendo pasatu da horren jende hurbilarekin topo egiten ez nuena. Edozein gairen inguruan eta edozein momentutan hitz egiteko prest dagoen jendea. Ezagutu ez arren, hitz egiten dizuna. Inongo interesik barik zutaz arduratzen direnak, laguntzeko prest dauzkazunak, haien berba eta istorioez hausnarketen mundu zoragarrira eramaten zaituen jendea.

Ezpeleta kalea, Lekitto

Ezpeleta kalea, Lekitto

Zazpi hilabete daramatzat Lekeition. Aspaldi zen ene etxean horren denboraldi luzerik ematen ez nuena, bost urte luuuuuuuuuze pasatu baititut Bilbon, ikasketak direla eta. Hile bete pasau daramat autoeskolan. Lekeition matrikulatu nintzen, ikasgai batekin geratu nintzenez gero ez baitaukat Bilbon bizitzeko beharik. Ezta gogo handirik ere. Teoria ematen duen irakaslea ezagutzen nuen, bistaz bazen ere, han nirekin batera ikasten dauden gehienak ere bai. Eta nahiz eta sekula elkarrekin hitzik egin ez, elkarren gauzez arduratzen gara, eguneroko gauzetaz hitz egiten dugu, lagundu egiten diogu elkarri. Horrelako giroan bizitzea oso atsegina da.

Bilbon , ordea, guztiz kontrako sentsazioa neukan. Bakoitza berenera zioanaren inpresioa neukan. Ez zela inor inoretaz arduratzen. Norbait negarrez edota larritasunen batean aurkitzen dela ikusirik, astoen antzera aurrera begiratu eta ez ikusiarena egiten zutela. Pertsona bakoitza ekintza zehatz batzutarako programaturiko robota balitz bezala. Hotza. Berekoia. Urrunekoa. Giza-eztasuna.

Zazpi hilabete hauetan egin dudan eta egiten ari naizen egunerokoa, aldiz, zeharo ezberdina da,  guztiz aurkakoa. Igerilekuan egoten den giroa da honen adibide argi bat. Antzeko orduetan joan ohi naiz bertara, eta han egiten dut topo, gehienetan, betiko aurpegiekin, irripartsu kasu egiten beti ere. Elkar agurtu eta normlean beti dagoberba trukaketaren bat, pisu handirik gabeko gai bat bada ere.  Beti dago elkarrizketa edota algararen bat aldageletan, eguraldiaz, igerialdiaz edota edozeren inguruan.  Aurreko egunean bat edo batek besteren bati utzitako txankletak itzultzen ere ikusi izan dut jendea sarri, munduko gauzarik normalena balitz bezala miresten dudana, ez-ohitua egon bainaiz. Mesedeak egiten elkarri, mesede egiteagatik soilik. Gustua ematen du horrelako jendeak, nor zaren jakin gabe konfidantza ematen dizutenak.

Horren inguruan aritu naiz hizketan gaur gidatzen irakasten ari zaidan gizon xelebreari. Juanjo du izena, eta beti izaten du istorioren bat kontatzeko edota gomendio bat ezpain artean. Nik ez nuen ezagutzen, baina antza lotura izan du nire familiako batzuekin. Nik baino gehiago, akaso. Orain arte idazten ari naizenaz aritu gara, herri txikietako ohiturez eta harritu egin nau bere garaietakoak gaur egungoez alderatuz eman diren aldaketez jabetzean. “Lehin ija Lekitxo osua famili bat giñian” esan dit bere istorioari sarrera eginez. Orain baino askoz ere txikiagoa zen Lekeitio, noski, eta orduan bai denak ezagutzen zutela elkar!

Antza, ez zuten etxeko aterik ixten bera gaztea zenean, konfidantza estua zutela elkarrekiko. Gaur egun gauzak asko aldatu direla esan dit, bakoitza beren bolara goazela, eta zahar eta gazte mundu ezberdinak ematen dugula. Lehen denak bat zirela azaldu dit, berdin zela zein adin izan elkarren lagun izateko, ez zela gaur egun egiten diren diferentziak egiten lagunak “aukeratzerako” orduan. “Nik adibidez auzoko gehijenakin agur eta agur esateot eta justo justo, batzuk horixe bez” hausnartu du, lehen auzokoak edota are gehiago, kale berekoak familikoak izatea legez zirela oroituz, gabonetako bazkari-afarietan ere, bakoitzak bere familiarekin bapo jan ostean elkartu egiten zirela.

Gaur egun ezinezkoa iruditzen zait niri behintzat. Ia ezinezkoa da familiako batzuk elkarrekin mahai berean jatea, auzokoekin batzeko moduan…Nik eztakizkit auzoko erdien izenak, badaude -salbuespenak salbuespen- kasurik egin gabe albotik pasatzen zaizkidanak ere, “epa” edo “egunon” esan eta bekain bat mugituz erantzuten dizutenak. Bakoitza bere kobazuloan bizi da…

Ohitura zaharrak galtzen ari gara beraz, aurreko sarreran aipatu nuen bezalaxe, nik Bilborekin alderatuz hemengo gizatasuna oparoagoa dela uste dudan arren. Baina bai, gizatasun hau geroz eta hotzgoa da, gero eta ohitura txarragoak hartzen ari gara, gero eta ohitura hobeagoak galtzen, beste aldetik. Gehiegi begiratzen diogu geure ipurdiari, besteenez ahazteraino.

Badago alde txarrik honelako herri txiki batean bizitzerako orduan (gure kasuan, isolamendu edo inkomunikazioa barne) baina hurbiltasun hau, nahiz eta lehen handiagoa izan, ez nuke munduko urre guztiagatik ere ordezkatuko..

 

 

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara