Nork toreatuko du sozialisten zezen gipuzkoarra?

cc-by-sa: viajar24h.com
cc-by-sa: viajar24h.com

Lehena

Bi urte denbora asko da politikan, baina hala ere, ezin ahaztu duela pare bat urte Gipuzkoako Diputazioan gertatutako zalaparta jeltzaleaz. Oroitzen?

Azkar esanda, Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak, zaztada itzuli zion Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Ahaldun Nagusiari, berari, Egibarri, egin  zion traiziotxoagatik. Erran nahi baita, Egibar/Imaz borroka hartan, Imazen aldera jarria zela Txabarri eta horrelakorik ez ziola barkatu andoaindarrak zarauztarrari. Eta bere meneko GBBk ez zuen Txabarri izendatu Aldundirako.

Txabarri, ordea, ez da bildots otzanetarako jaioa eta hankaz gora jarri zuen aukera jeltzalea, bere ordetarako izendatua zen Jon Jauregi beasaindarraren ondareak egunkarietan argitaratu zirenean han eta hemen. Ondare horien zerrenda, Diputazioaren ardurapekoak ziren eta baten batek atera zituen zeuden lekutik, hala nahita.

Gerokoa kontua ezaguna da: Pasaiako Portuko Agintari Goren jarri zuten Txabarri, baina amaitu zitzaion hori ere, sozialistak Jaurlaritzara iristearekin. EAJ barruan, gainera, ikerketak eta bestelakoak egin ziren,  eta ez dirudi Txabarri irten zenik garaile.  HABEn zuen postura itzulita dago orain, eta ixilik dabil, mementuan.

Oraina

Markel Olano, beraz, Ahaldun Nagusi, Jauregiren errebote hari esker iritsita, eta EA birrindu bati merezitakoa baino prezio handiagoa ordainduta. Ahotik kendu zieten goxokia jeltzaleek sozialistei, Gipuzkoan. Atsekabe hura gordeta dauka oraindik Buen sozialistak: EAJk baino bozka gehiago bildu zituzten eurek, eta kale.

Geroa

Kasu, beraz, hurrengo hauteskundeekin, sozialistek berebiziko gogoa baitute Gipuzkoa bereganatzeko, eta hori ez daukate oso urruti azken aldiko emaitzak berdintzen edo hobetzen baldin badituzte. Nahikoa lukete Jaurlaritzan duten bazkidetza bera hedatzearekin. Alegia, PPrekin ezkontzearekin.

Hainbestekoa dute gipuzkoagosea, Iñaki Arriola eibartarra jarriko dutela hautagai nagusi sozialistek. Zalantzarik gabe, Gipuzkoako sozialismoak daukan zezenik azkarrena eta adar zorrotzena da bera, euskalduna eta ulertzen den tradizio  batetik  datorrena: Eibarko errepublikazaletasun historikoaren oinordekoa. Inork ezin esango dio Arriolari hemengo Tibet honetako txinatarra denik. Edonor bezain bertakoa da bera, eta jeltzale asko eta asko baino euskaldunagoa. Komunikatzen ere ez da batere dorpea…

Nolabait esateko, Gipuzkoak errazki onar lezakeen soslaia dauka: Eibarko alkate izana; pisu ekonomiko handienetakoa daukan sail bateko sailburua (Etxebizitza, garraio eta Herri Lan saila), kudeaketan aditua, beraz; herritik bertatik irtendakoa… Toriatzeko benetan zezen zaila jeltzaleentzat. Nor da gai egiteko chicuelinarik Arriolari? Nor da horretarako gauza?

Berez, lan hori Olanori egokituko zaiola dirudi, baina borroka hori irabazteko gai ote den erabaki beharko dute aurrez Gipuzkoako jeltzaleek. Olano alderdiko gizon zintzoa bai, Egibarren sokakoa bai, eta nahi duzun guztia ere bai… baina ba ote du Arriola menperatzeko hainako abildaderik?

Zein karta dute jeltzaleek, hori ez dela hala erabakitzen badute?

Tolosako alkate Bildarratzek ere ez dirudi GBBkoekin sintonia erabatekoan dabilenik… Egibar bera ere izan liteke toreatzailea, baina Egibarrek beste plaza batean toreatzen duela esango nuke eta ez dela egokiena halako hautagaitza baterako. Politikari petoa izaki, Egibarrek Lopezi egin diezaioke aurre, edo Egigureni, edo Zapaterori… baina nekez etorriko da Diputazioaren ezaguerak eskatzen duen maila zehatzera.

Olano mantenduko dute hautagai, ez dira sartuko katramila berrietan, baina ez dute batere langintza erraza jeltzaleek, gaur ezagutzen zaizkien figurekin irteten badira plazara, behintzat.

EAJ jabetuta egongo da, honez gero, Diputazioa baino gauza handiagoa galduko lukeela Gipuzkoa galduta, zulo horretatik egin diezaiokeela ihes aukera orok, apur batean EAEko agintera itzultzeko: Sozialistak baldin badira nagusi EAEko lurralderik euskaldun eta abertzaleenean, Egibarren lurraldean bertan,  eta hori argazki eta gertaera normaltzat hartzen bada, zergatik ez da, ba, naturala izango lurralde guztian ere halaxe izatea?

Nik dardar eginen nuke jeltzaleen koadrilako subalternoa banintz.

Diputazioa, EAJ, Gipuzkoa, politika, PSE

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.

Zer duzu buruan “Nork toreatuko du sozialisten zezen gipuzkoarra?”-ri buruz

  • Dardar nik eginen dut sozialistek normalizazio dinamikarekin segitzen duten bitartean gipuzkoarrek botoa emango ba diote zezenkote Arriolari. Abertzaleok, gorrak eta itsuak gara ala?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude