Nor pozten da ETAren hitzekin?

Gararen gaurko azalaren zatia
Gararen gaurko azalaren zatia

Elkarrizketa benetan da luzea eta benetan da zabala, baina, funtsean betikoa esaten da: Frantzia eta Espainiako estatuak zapaltzaileak direla, euskal alderdi abertzaleak epelak direla euskal askapen prozesu egiazko baterako, eta soilik ETAk eta Ezber Abertzalea deitzen denak dagitela bide egokia independentismorantz.

Armak uzteari buruz, ostera, zera diote: ETA prest dago borroka armatuaren ibilbideari akabera emateko euskal herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko estatuen topeak altxatzen direnean. Beste era betara esanik, proiektu politiko guztiak, independentzia barne, gauzagarri direnean isilduko dira ETAren armak.

Ulertu behar da, beraz, ETA dela bermea helburu egokietarako bidean, eta erakundeak berak erabakiko duela noiz ematen diren baldintza egokiak armen uzteko, herri borondateaz harago.

ETA abertzaleen batasunerako oztopo gertatzen dela esaten dute batzuek, baina ez dirudi hori aintzakotzat hartzen dutenik. Areago, larrua behar dela diote, halako gauza bat esaten ibiltzeko, azken finean hori diotenek euren jokabide politikoa desenkusatzen baizik ez ei dira ari, indar zapaltzaileei ez dietela ganoraz aurre egiten, alegia: Hori diotenei ariketa politiko bat proposatzen diegu: erakutsi dezatela, hobeki esanda, eman dezatela haien kabuz urratsik, orain arte ez bezala. Determinazio eta konfrontazio demokratikorako kemena praktika politikotik erakutsi dezatela eta orduan sor daiteke urrats, oztopo, eta moldeen inguruko eztabaida.

Funtsean ez dirudi barneratua dutenik egiten zaien kritika, hain juxtu, konfrontazio demokratikorako praktika ekarriko lukeen balizko batasuna, ezin litekeela egin eurak hor dauden bitartean. Halakorik egiten ez delako jarraitzen ei dute eurek betikoan. Legatz kiribilduaren irudia nagusitzen da: ez dago burujabetzarako batasunik, beraz, ETA beharrezko bermea da; ETA hor dago, beraz, ezin da burujabetzarako batasunik lortu.

Eta hondoan oharra, neurri errepresibo areagotuen aitzinean hartutakoa: estrategia politiko-militarra uda baino lehen finkatzearena.

Ba ote da gaur eta hemen, ETAz kanpo,  albiste horrek poztu duenik? Ba ote da inor, albistearekin, burujabetzarantzako beharrezkoa dirudien batasunarekiko itxaropena handitu zaionik?

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.

7 pentsamendu “Nor pozten da ETAren hitzekin?”-ri buruz

  • Gauza argi dago: ETAk ezin du pentsatu, bera gabe ez dakigunik ibiltzen. Utz diezaiola behingoz politikari bidea egiten. Ez dugu behar eta, gainera, ez dio inork eskatu bere anparorik.

  • Archibald Tutle 2009-05-25 19:21

    Ni pertsonalki asko pozten naiz ETAren hitzak irakurrita. Hausnarketa eta eztabaida prozesu baten bidez soilik heldu daiteke zentzuzko erabaki baten inguruan adostasuna lortzera.

    Erabaki hori abertzaleon arteko elkarlana bideratzeko asmoz hartzekoa bada, are gehiago pozten naiz.

  • Txantxangorri 2009-05-25 21:27

    ETA errealitatetik at, beti bezala. Noiz egingo dute beingoz zerbait Herriaren alde?

  • Nafarroaren batasuna aldarrikatzen dugunok ez dugu alderdi eta erakunde abertzaleengan Nafarroaren batasunaren aldarrikapena behin ere ikusten. Euskaldunon leitmotiva “batasuna” izan behar litzateke… eta ez ekintza armatuen ingurukoa. Nik horrelaxe pentsatzen dut. Alderdi Nafarra sortzeko esperoan gaude asko, nafarren subiranotasunean sinesten dugunok… batzuek jada ongisko desberdintzen ditugu independentzia eta subiranotasuna. Guk jada ez dugu aldarrikatzen independentzia… hori abertzaleentzat da, gurea nafarren subiranotasuna berreskuratzea da. Lur nafarren batasuna. Paradigmaz aldatu ezik, ez da horren erraz lortuko. Gaur, elkarrizketa arretaz irakurri dut eta pena hartu dut: sufrimendua eta zatiketa ikusten segitzen dugulako Nafarroan. Bestalde, errakuntza ugari ikusi dut euskara idatziaren esparruan… baina ez dakit euskarara egindako itzulpena ala jatorrizko deklarazioakk ote diren… diglosiaren garaian bizi garelako seinale… eta hori ez da izan Mendebaldeko Nafarroan euskararen ereduak porrot egin duelako, zeren ikasketak euskara hutsez egin dituztenek ere geure hizkuntza guttitan baitarabilte. Bi militanteek erraten dutenez, EAk eta gainerako abertzaleek Euskal Estatua goratzen dute, baina gero txepetxak dira. Eta horixe irakurri ostean, Gasteizko EHUko Letren Fakultatean doaneko egunkari bat jaso dut eta hara: “El Mundo” doaneko kazetak ematen du aditzera Joseba Azkarragak dirulaguntzak ematen dizkiela ETAko presoei (10. orrialdea)… Mundua burutik dago.
    Horrenbeste kritika egin beharrean, argitara ditzagun euskaltzaleok batzen gaituzten informazioak, ez gu akatzeko arerioek profitatuko dituztenak. Bistan dan nork profitatuko ditun hitzok. Nafarroa subiranoa maite ez dutenek, behintzat, bai.

  • Nor poztu? Ni ez behintzat. Azken hauteskundeetan boza eman zutenen %91k borroka armatuaren aurkako posturei eman die boza. Gainontzeko %9tik zenbait (nik uste dexente) ere borroka armatuaren aurka daudelakoan nago. Kontuak aterata, zenbat ordezkatzen dituzte kaputxatu hauek? Zer demokraziaz hitz egiten digute? Demokrazia ilustratuaz agian, dena herriarentzat baina herriarekin kontatu gabe.

  • Ze ixilik dauden ZUZEUlari jakin batzuk gai honen inguruan..

    ETA, komentario hauekin orain dela 2-10-15 urte esandako berak esaten ditu.Nork sinisten ditu hitz horiek?Nik ez. Eta ez dut onartuko euskal instituzioetatik at prozesu bat irekitzea. Ez bakarrik hori, prozesu hipotetiko hortan ez legoke kontzesio politikorik egon behar. Terroristekin armak eta presoak dira negoziagarri, Euskadiren etorkizun politikoa inoiz ez. Etorkizun hori euskaldunok erabakiko dugu ez erakunde terrorista batek.

    Honen arira, artikulu hau irakurtzea gomendatzen dizuet (gazteleraz dago, baina interesgarria suertatu daiteke, gai honen inguruan baita):

    http://aberriberri.com/2009/05/29/eta-argi-y-gaueko-1/

  • Zeri deitzen diozu “euskal instituzioak”? zeri deitzen diozu “Euskadi”? zuen hiru herrialdeetan osatutako autonomi espainar horretaz ari zara? eta naparrok zer?

    Bide batez, nik dakidala “erakunde terrorista” horrek ez du sekulan proposatu euskal hiritarren ordez etorkizuna erabakitzea baizik eta hiritarroi gure herriaren etorkizuna libreki erabakitzeko aukera defendatzea.

    Benetan patetikoak eta ikuspegi murritzekoak “jaungoikoa eta legezaharra”-zaleak…