Nongo erregea?

images7.jpg
Hirutan egokitu zait gizon honengandik hurbil egotea, pare bat metro eskasetara edo. Eta ohartzen zara ez dela besteak bezalakoa. Alde batetik, iruditzen zaizu etxekoa duzula, haren aurpegia eta hizkera oso dituzula zeureak. Auzotar asko baino ezagunagoa zaizula. Eta, deskuidatzen bazara, ieup batek egingo dizu ihes ahotik, etxekoa duzulakoan.
Beste alde batetik, ordea, berehala konturatzen zara ordu batzuk lehenago bazterrak arakatzen ikusi dituzun txakurrak —artzain alemaniarrak gehienak, ez gaizki pentsatu—, eta traje dotorez eta uniformez jantzitako polizia eta bizkartzain andana, ez direla beren kasa etorritakoak. Bertigo moduko batek irensten zaitu haren grabitate radioan sartzen zarenean.
Esan liteke, berak pauso bakar bat ematen duenean, ehunka lagunek ematen dutela beste bat harekin batera zirkulu oso bat mugituz, eta segur naiz, satelitetik ikustea balego, mikroskopiotik begiratutako paramezio baten mugimenduaren antzeko zerbait izango litzakeela berea, edo metastasi moduko bat, espazioa irentsiz aitzinatzen dena.
Hamaika lekutan eskatuko dizute nortasun agiria, zintzilik daroazun poltsan bonba bila ariko zaizkizu mota guztietako txakurrak eta behin eta berriz entzungo duzu, usted a dónde va, edota, por aquí no se puede pasar. Alferrik esango duzu hango leku hartan daukazula hitzordua eta nahitaezkoa duzula bertaratzea. Le digo que no se puede.
Madril aldeko kazetari eta ikusentzunezkoetako teknikariek, gorroto dituzte Erregea present dagoen ekitaldietara agertzea, jeneralean. Sekula baino nekezago egiten zaie euren lana halako kontrol zorrotzarekin.
Baina bai, gero, uste gabean, topo egingo duzu berarekin pasilo batean, izan ere, bera libre baita nahi duen lekura joateko eta zure bidea bera aukera dezake. Urduritasuna eta begirada zorrotzak antzematen dituzu inguratzen duten guztiengan eta, bai, ieup esateko gogoari eutsi behar diozu, bistaratzen denean, aspaldi ikusi gabeko lehengusu baten antza hartzen baitiozu, uste gabean.
Gero bai, hasten zara pentsatzen kataluniarrek Madrilgo Kongresuan esan duten horretaz, egunean 24.000 euro irabazten duela morroiak, eta jabetzen zara ez duzula senitartekoa. Ez daukazula halako lehengusurik. Baina haren seme eta alabak ere, etxeko ditugu. Ez esan niri ezetz. Haien gora beherak nahi gabetan ere jakiten ditugu, handik edo hemendik begi-belarrietatik sartuta.
Chavesi isiltzeko agindu dionean ere, ez zara batere harritu. Ezagun egin zaizu haren ahotsa, haren keinua, eta burura ekarri dizkizu harekin gurutzatutako aldiak.
Lagun bat badut, hala ere, ñabardura txiki bat egiten duena beti. Errege hitza aipatzen duzun bakoitzean, hain baituzu barneratua lehengusua, nongo Erregea?, galdetuko dizu. Eta orduan erantzun beharko diozu, Espainiako Erregea!, edota, espainiarren Erregea. Eta orduan berak, ahhh!
Batzuetan ñabarduretan babestu beharra egoten da, besterik ezin eta.

Hasier Etxeberria 071117 El Mundo

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)