Nolako EiTB behar dugu?

ETBk dituen audientzia datuak ez dira etxafuegotarakoak. Pentsatzen jartzeko modukoa da, urtean 120 milioi euro ordaintzen dugun erakundeak, ba ote duen funtsik. Edo hobeto esanda, audientzia kopuruen arabera egiten badira programazioak, audientzia baldin bada errege bakar eta jaun eta jabe gauzak erabakitzeko orduan, zergatik ez dute balio izango audientzia datu horiek beroriek dena kolokan jartzeko?

Nolako EiTB behar dugu?

Joan zen ostiralean, esaterako, ETBko kate guztien artean %10’4ko audientzia lortu zen guztira  (ETB1: 1’9; ETB2 :7’1; ETB3: 0’9; ETBSAT 0’9). Oker ez banago, honek esan nahi du, besteak beste, egunean zehar 200.000 lagunek ere ez zutela sintonizatu.

Merezi al du EiTBri eusteak? Zertarako? Nolakoa behar luke izan?

Eztabaida pizteko, interesgarria gerta daiteke joan zen ostiralean bertan EiTBko Zuzendari Nagusi den Maite Iturbek Noticias taldeko egunkarietan argitaratu zuen iritzi artikuluari behatzea. Bertan erakusten du zein asmo dituen gainbeherari aurre egiteko. Baina egokiak al dira hitzok? Bermatzen ote dute ezer? Hor erakusten den eredua ote da behar duguna?

“EiTB GARAI BERRIEN AURREAN

Ibaiak bere bidea egina duen bezala, sinetsi izan da instituzioek ere euren bidea eta etorkizuna ziurtatuta zeuzkatela, baina oraingo krisialdiak irakatsi digu inorentzat ez dagoela horrelako ziurtasunik.

Krisiak, krisiaren kolpeek, oso jota utzi dute Estatuko irrati-telebista eredua, eta ondo astindu dute gure EiTB estimatua ere. Zartatekoak ez dira oraindino amaitu.

Urte honetan zehar, askotan esan dut erabaki guztiak EiTBren jasangarritasunaren alde hartu behar ditugula. Izan ere, komunikazio sektorean, enpresa bakan batzuk salbuetsita, defizitarekin ixten da urtea, eta zorrak gero eta handiagoak dira. Sismografo beharrik gabe ere aurreikus ditzakegu lurrikarak.

Jakina da eraikuntzaren ostean komunikazioa izan dela sektorerik ukituena. Hainbat urtez jasan du krisia, baina, hala eta guzti, beste bost urtez jarraituko du krisiaren eragina igartzen. Denbora horretan, mudantza handiak ezagutuko ditugu, ikus-entzunezko sektore publikoan bezala, prentsa idatziaren sektore pribatuan ere.

EiTB, dagoeneko, mudantza handien garaian sartuta dago. Badakigu nolakoak izan diren aurreko garaiak, eta etortzeko diren garai berriak bestelakoak izango direla; baina geroa ez dago ez idatzita, ez, gutxiago oraindik, ziurtatuta. EiTBren garai berriak ezaugarri berriak izango ditu. Ez dakigu zer abiaduraz hedatuko diren aldaketak, baina badatozela, bai.
Ohiko telebista kontsumoak bere horretan iraungo duen arren, Internetez kontsumituko da gero eta gehiago. Egun, telefono adimenduek, tabletek eta ordenagailuek modu erosoan eskaintzen dituzte edukiak, eta, denbora gutxi barru, 4G teknologiari esker, askoz ere erosoago izango da kontsumitzeko era hori.

Gailu berriok, Internetez nabigatzeko gaitasunari esker, eta Googlek eta Applek prestatzen duten tresneriari esker, ikus-entzunezko edukiak gero eta modu pertsonalizatuagoan kontsumitzea ekarriko dute, eroso, jasotzeko kostu txikiarekin, eta sortzen diren tokian sortzen direla. ETBk bezala, EiTBren irratiek ere prestatu beharko dituzte euren edukiak Interneterako, eurek ere eskaintza mundialaren plazan lehiatu beharko dute eta.

Internet ez da lurralde baketsua izango. Prentsa idatziaren negozioak urteak daramatza galerekin, baina edukiak Interneten jartzen segitzen dute, kobratu ezinda ere. Enpresak egoera jasanezinean daude dagoeneko: publizitate sarrerak ia %70ra jaitsi zaizkie, egunkari salmentak behera doaz, ez dute asmatzen Interneteko edukiak nola saldu…

Datozen urteetan, paperezko egunkari-izenburu batzuek eutsiko dioten arren, hedabideek ohiko negoziotik Internetera jauzi beharko dute, eta, Interneteko edukiak kobratzeko modua asmatzen ez badute, porrotaren ertzean jarriko dira.
Hori hala izanik, EiTBk eta gainerako hedabide publikoek sareko informazio-eskaintza doan egiten badute, prentsa idatziari konpetentzia zuzena eginez, ez dago dudarik hedabide publikoen eta pribatuen artean konfrontazioa gertatuko dela, eta, seguruenik, Europa mailan erregulazio berria sortuko dela hedabide publikoei edukietan mugak jartzeko.

Finantzazioan ere, mugak. EiTBren aurrekontuak, bost urtean, heren bat gutxitu dira. Zenbaki biribiletan esanda, 180 milioi eurotik 120ra jaitsi dira. Publizitatea eta salmentak % 50 jaitsi dira, eta finantzazio publikoa, ia % 30. Krisiaren kolpeak dira.

Diru-sarreren murrizketaren ondorioz, telebista-ordu asko talk show eredura pasatu dira; kostu baxuko edukietan kontzentratu da gure telebista. Goenkale izan ezik, ez dago barne-produkzioko fikziorik. Eta goi mailako kirolaren eskubideak kanal handiek eta ordainpeko zerbitzuek bereganatu dituzte. Murrizketak direla eta programazio-eredu berriaren eraginez, euskal ikus-entzunezko sektore pribatuaren fakturazioa heren bat murriztu da, eta berak eskaintzen zuen sormena eta talentu profesionala asko ahuldu da.

Joera horiek kezkagarriak dira, eta EITBren lehiakortasuna zaildu egin dute. Azken urteetan ondo eutsi zaie audientziei, baina, aurten, Antenatresmedia (A3, La Sexta…) eta Mediaset (T5, Cuatro…) formatu handiko telebista-saioekin hasi dira, programako milioi bat euro gastatuz. EiTBk hurbiltasuneko edukiekin erantzuten du, baina orain hamar urte baino ahalmen ekonomiko askoz txikiagoarekin. Kanal handiek gau baterako duten miloi horrekin ETBk hamar eguneko programa guztiak egiten ditu. Gaur egun EiTBk programetarako duen gastu-ahalmena, batez beste, orain hogei urte zuenaren parekoa da.
Gure ingurunean, aipatutako bi telebista-talde horien duopolioa sendotuz doa, eta talde publikoak ahulduz. EiTB salbuespena da estatuko sektore publikoan, hainbat arrazoirengatik: audientzia-maila sendoak dituelako telebistan, irratian eta Interneten; prestigio handia duelako euskal gizartean; albistegietan, lidergoa eta sinesgarritasuna irabazi dituelako. Horrez gainera, urtez urte, zorrik egin gabe ixten ditu bere diru-kontuak.

EiTBren etorkizuna ahalbidetzeko, enpresaren barruan hiru pausu eman behar dira ezinbestez. Lehenik, EiTBk eredu konbentzionaletik multimediara pasatu behar du, eta jabetuta egon behar du Internetek jarritako kontsumo-paradigma berriaz. Bigarrenik, lan-hitzarmenek, malgutasunaren bitartez, askoz efizienteago bihurtu behar dute enpresa. Malgutasuna ezartzeko gai izan ezean, EiTB osoa amildegira eror daiteke etortzeko diren lehiakortasun-arazoen aurrean. Enpresa-dinamikak berritu egin behar dira, zurruntasunari eta kronifikazioari lekurik utzi gabe. Azkenik, EiTBk bikaintasunera jo behar du euskarazko edukietan, hurbiltasuneko edukien trataeran eta albistegietan, eta, lidergoa zaintzeko, beharrezko aliantzak egin beharko ditu.

Gizarteak eta gobernuak ere, badute zeregina EiTBren alde. Zerbitzu publikoaren eskabidean amore eman gabe, finantzazioa eta programa-kontratua behar bezala bideratu behar dira. Ez da herrigintzarik posible izango, Euskal Herriak bere hedabide propiorik ez badu. EiTB ez da beste eduki bat; ez da aukera soil bat beste kanal askoren artean.

EiTB ezinbestekoa da geure nortasuna zaintzeko, euskara normalizatzeko, eta gure komunikazio-esparru propioa garatzeko. Informazioa edonondik —Bilbotik zein Mexikotik, Usurbiletik zein Beijingetik— iristen zaigun garai berri honetan, gure gauzak gure ikuspegitik kontatzeko ahalmena behar dugu. Hortaz, asko estimatzen duguna oraindik ere gehiago zaindu behar dugu.”

Nolako EiTB behar dugu?

Ez naiz bakarra, asko naiz ni. Batean. Hori bai, begi-belarrietatik elikatzen naiz.

3 pentsamendu “Nolako EiTB behar dugu?”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2014-04-07 12:45

    Telebista euskaraz ezinbestekoa da. Beste gauza bat da nola kudeatzen den. Aurreko gobernuaren garaian boikotaren susmoa ere izatera iritsi nintzen, ahal zuten guztia egiten zutela audientzia uxatzeko. Baina oraingoak ere askoz hobeto egiten ez dutela ikusten ari gara…

  • Nola lehiatuko da EITBk (edo ETB1 hobeto esanda) beste kateen aurrean, dirua inbertitzen ez bada? Edukiak hutsaren hurrengoa direnean…. Telebista publikoa da, gehio finantziatu genezakeena, diru gehio bideratu behar duna Euskarazko edukietara…. Hori egin gabe beste guztia ez du balio nire uztez.

    Nik behintzat saiatzen naiz ETB1a ikusten, baina gero ta gehio kosta egiten zait, 3 gauz edo izan ezik ez dutelako ezer botatzen pena merezi duna.

    Dirua dirua ta dirua, bai kudeaketa ona ere, baina dirua Euskaran inbertitu gabe zertarako EITB? ETB2a ikusteko? Irratia gazteleraz entzuteko?
    Zenbat diru bideratzen da seriak egiteko? Arrakastako serie, film… itzultzeko? Azpidazteko? Ba hutsaren hurrengoa.
    Ta bide batez, zergatik Euskal irratiak audientzi onak dituzte?

  • Irratian baliabide gutxiagoekin errazgo dela kalitatezko saioak egitea, agian… Edo irratian gertutasuna gehiago primatzen delako, izan daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude